Madrileko epaitegi batek Gobernu zentralak eta Eusko Jaurlaritzak 2017ko maiatzean sinatu zuten erabakia argitaratzera behartu du

Administrazioarekiko Auzien Madrileko 7. Epaitegi Zentralak, 2018ko uztailaren 12an eman zuen Epaian, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak Espainiako Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak 2017ko maiatzean sinatu zuten Erabakia jakinarazi behar duela adierazi du. Erabaki hori aurreko urteetako kupoaren likidazioari eta 2021. urtera arte bosturteko kupoa ezartzeari buruzkoa zen eta Epaitegiak uste du informazioa irisgarri egotearena zentzu zabalean ulertu behar dela eta horrekiko murrizketek salbuespenak izan behar dutela. Ikertzaile batek errekerimendua egin zion Ministerioari finantzaketa autonomikoari eta kupoen sistemari buruzko azterlan bat egitearen ondoreetarako. Ministerioak ezetsi egin zuen eskabidea eta ikertzaileak derrigorrez Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluarengana (CTBG) jo behar izan zuen eta horrek arrazoia eman zion 2017ko irailaren 15eko ebazpenean. Ministerioak horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen.

Epaitegiak honako argudio hau ematen du, "hau guztia gorabehera informazio hori eskuratzeko interes publiko handiagoa antzeman daiteke eta horrek lehentasuna izan behar du erabakiaren birtualtasun hipotetikoaren faltaren gainetik edo erabakitakoa era eragingarrian gauzatzeko beste tramite edo jarduketa batzuk behar izatearen gainetik. Adierazi den hau guztia kontuan hartuta eta hala informazioaren irisgarritasunaren mugari nola eskabideak tramitera ez onartzearen zioei dagokienez egin behar den interpretazio "zorrotza, murriztailea ez denean" suposatutzat jota, onetsi egin behar da honako errekurtso hau".
Beste alde batetik, Auzitegi Gorenak, 2018ko uztailaren 3an eman duen Epaian, baieztatu egiten du Zergei buruzko Lege Orokorrean ezarri direnekiko bestelako erantzukizunen kasuak ezartzeko foru eskumena, eta baieztatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoaren Justizia Auzitegi Nagusiak auzialdiko epaian eman zuen doktrina. Dudatan jarri zen manuak erantzule solidariotzat adierazten ditu egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, kapitalean gutxienez 100eko 20ko partaidetza zuzena edo zeharkakoa duten bazkideak, erkideak edo partaidetzadunak, eta horien bigarren gradura arteko ahaideak, ingresatu gabe zeuden atxikipenak egin dituztenak, hain zuzen ere atxikipen horiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioetan kendu dituzten zenbatekoengatik.

Jurisprudentziara joan.