AUTOGOBERNU EKONOMIKOA, (HAMAIKAGARRENEZ) JOMUGAN

autogobernu top

2015/10/09Iturria: BERRIA.EUSItun ekonomikoa eta Kontzertuaren zilegitasuna defendatu du Espainiako Gobernuak. Kupoaren diru kopurua gaurkotzearen beharra azpimarratu dute egunotan PSOEko hainbat ordezkarik. PSCko Miquel Iceta izan da azkena.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeek kupo bidez Espainiako Gobernuari ordaindu behar dioten diru kopuruaz eztabaida sortu da azken egunetan. 1981ean berrezarri zenetik, beti egon da eztabaida politikoaren erdigunean.

Ciudadanos alderdiak esana du bere nahia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kontzertu ekonomikoa nahiz Nafarroako Itun ekonomikoa desagerraraztea dela, baina PSOEk ekin dio orain kupoaren inguruko eztabaidari. Egunotan kupoaren inguruan esandakoen bilduma da segidakoa:

Espainiako Gobernua (2015-10-08): "Itunak eta Kontzertuak beren eraginkortasuna frogatu dute, EAEk eta Nafarroak inoiz izan duten garapen eta aberastasun maila handiena emanaz".

Miquel Iceta (PSC, 2015-10-08): "Amildegi bat dago finantzaketa sistema komunak pertsona bakoitzeko ematen duen errendimenduaren eta EAE eta Nafarroako sistemek ematen dutenaren artean. Kupoa bai, kupoitzarrik ez".

Koldo Mediavilla (EAJ, 2015-10-06): Eztabaidaren erdian, kontzertua eta kupoa defendatu, eta kontuak eskatu dizkio EAJk PSEri. Kontzertu ekonomikoa "itun baten ondorio" dela adierazi zuen Mediavillak, eta horrek lotzen ditu euskal herritarrak eta Espainiako Estatua. "Azken lotunea da", erantsi zuen, "eta lotune hori apurtzen bada, aske gara denok".

Uxue Barkos (Nafarroako gobernuburua, 2015-10-05): "Elkartasun faltaz hitz egiten da, eta guztiz kontrakoa da. Itun batetik abiatzen den erraminta bat da, eta Itunaren kasuan Nafarroako autogobernuaren oinarria da".

Susana Diaz (Andaluziako gobernuburua, 2015-10-05): "Kontzertuan sartu gabe, argi dago [kupoa] modulatu egin behar dela, begien bistakoa baita beste erkidego batzuek baino diru gehiago jasotzen dutela zerbitzu publikoak ordaintzeko". Kupoa "modulatzearen" alde agertu zen Diaz.

Pedro Sanchez (PSOE, 2015-10-04): Sanchezen adierazpenek piztu zuten adierazpen soka. Kupoa "aldatzea eta eguneratzea" proposatu du, "baina auziaren muinean sartu gabe".

Ciudadanos: Alderdi horrek urrian zehar aurkeztuko du Espainiako Konstituzioa erreformatzeko proposamena, baina sareratua du estatuaren finantzaketa ereduari buruzko asmoak azaltzen dituen txosten bat. "Foru pribilegioak ezabatzea" proposatzen du, eta hori egin bitartean, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak Espainiako ogasunari egiten dioten ekarpena "gradualki zuzentzea". Horretarako, Ciudadanosen arabera, ez da beharrezkoa Nafarroako Ituna eta EAEko Kontzertua moldatzea, eta bost urtero kupoaz egiten den neurketaren bidez egingo litzateke hori.