KONTZERTU EKONOMIKOA AEBko ARLO AKADEMIKOAN BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ESKUTIK

gemma top

GEMMA MARTÍNEZ BÁRBARA
Bizkaiko Foru Ogasuneko zerga politikaren zerbitzuko burua eta Ad Concordiam Elkarteko Zuzendaritza Batzako kidea, visiting expert gisa egon da 2015eko udaberriko hiruhilekoan Nevadako Unibertsitatean, Renon (UNR).

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nevadako (Reno) Unibertsitatearen artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan, Gemma Martínezek autogobernurako euskal ereduaren tresnarik garrantzitsuenaren berri eman du nazioarteko eremu akademikoan. Hiruhileko batez, zerga eredu federal amerikarra ikertu du euskal ereduaren ikuspegitik, eta, horrez gain, Ekonomia Ituna hedatu du Euskal Ikasketen Zentro (CBS) ospetsuan eta Nevadako Unibertsitateko Bussiness College delakoan.

Atzerriko unibertsitate honetan egin duen egonaldiak argi eta garbi uzten du Bizkaiko Foru Aldundiak Ekonomia Itunarekin lotutako hedapen jarduerekiko duen konpromiso sendoa, baita gutxi esplotatuta dauden eremuetan ere, nazioarteko eremu akademikoan kasu.

Aditu honen iritziz, euskal Ekonomia Itunaren ezagutza maila, oraindik ere nahikoa ez den arren, geroz eta handiagoa da Europako eremu akademiko eta instituzionalean, batez ere Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2008ko irailaren 11ko epaiari esker. Horren bidez, izan ere, azkenean, Ekonomia Itunak oinarri sendoa aurkitu zuen erkidegoko antolamendu juridikoan. Gainera, 2011z geroztik, hainbat ekintza gauzatu dira Ekonomia Ituna erkidego mailan ikusarazteko. Horren adibide da hainbat teknikarik ECOFINen lan taldeetan parte hartu izana, euskal erakundeen ordezkari legez. Gemma Martínez, Bizkaiko Foru Ogasunean duen jarduera profesionala betez, lan talde horietara joan ohi den pertsonetako bat da.

Hala ere, nazioarteko eremu akademikoan, Europar Batasunaz harago, Gemmaren ustez euskal finantzazio ereduaren gaineko ezagutza falta izugarria da, gai honetan ingelesez egiten diren ekarpen zientifikoak urriak baitira. Ondorioz, bere iritziz, Nevadako Unibertsitateak (Reno) CBSren eskutik Ekonomia Ituna aurkeztu izana tresna oso baliagarria izan da ituna hedatzeko orduan.

Bere egonaldian zehar egin dituen jarduera akademikoei dagokienez, Business Collegeko Public Finance irakasgaiaren barruan Taxation moduluan izan duen lankidetza azpimarratu du. Era berean, hainbat hitzaldi eman zituen gai horiei buruz, esaterako, enpresen zergapetzearen nazioarteko erronkei buruz, sistema amerikarraren, europarraren eta euskaldunaren gaur egungo egoera jorratuta. Azaldu duenez, itunaren eredua atzerriko unibertsitate batean lantzean, ezin da ikuspegi hertsiki euskalduna erabili, eremu hori, orokorrean, nazioarteko mundu akademikotik oso urrun baitago; eredua aurkezteko modurik onena Europar Erkidegoaren esparruan sartzea da.

Bere hitzaldietako bat Ekonomia Itunak XXI. mendean dituen nazioarteko erronkei buruzkoa izan zen. Bere esku hartzean zehar landu zituen gaien artean aurkitzen dira, besteak beste, Europako eskualdeetako mugimendu independentisten (Katalunia, Eskozia, Euskal Herria) gaia edota Ekonomia Itunari dagokion zeregina ELGAren eta EBren agindupean nazioarteko zerga eredu berria sortzeko orduan.

Nevadako Unibertsitatera joatera animatu zuten arrazoiak direla eta, Gemmak honakoa adierazi du: "Lehenik eta behin, Bizkaiko Foru Ogasunean dudan bizitza profesionala, neurri batean, duela hamarkada bat baino gehiagotik Ekonomia Itunean oinarritzen da. Gainera, asko gustatzen zait lantzen ari naizen mundu akademikoa, ingelesez ere, ahal dudan guztietan. Aitortu beharra daukat niretzat lana baino gehiago dela eta asko gozatzen dudala. Ondorioz, Ekonomia Ituna ingelesez eremu akademikoetan ezagutaraztea helburu zuen proiektu honetan parte hartzea betebehar bat bezala hartu nuen, baina, era berean, baita plazer gisa ere. Ikerketa jarduerari dagokionez, 2013an Jesús Maria Leizaola saria irabazi nuen Ekonomia Itunari eta zerga harmonizazioari buruzko ikerketa proiektu batekin, eta, horrek, zalantzarik gabe, bide honetatik jarraitzeko indarra eman dit."

Bere egonaldiaren gaineko balantzea oso positiboa da, bai ikuspegi profesionaletik, bai pertsonaletik. Bestalde, CBSren zuzendaritza oso pozik geratu da Bizkaiko Foru Aldundiarekin izan duen lankidetza esperientzia honekin.

Bere ikerketaren emaitzak Eusko Legebiltzarrak eta Ad Concordiam Elkarteak 2016ko urtarrilean antolatu duten Ekonomia Itunari buruzko III. Mintegian eta Nevadako Unibertsitateak (Reno) 2016ko apirilean egingo duen nazioarteko hitzaldian aurkeztuko ditu eta CBSek 2017an argitaratuko duen zerga federalismoko nazioarteko ereduei buruzko monografikoan jasoko dira.