“GURE EGINKIZUNA DA JENDEARI AZALTZEA ZER DEN ETA ZER DAKARKION KONTZERTU EKONOMIKOAK EUSKADIRI”

diputado top

JOSÉ MARÍA IRUARRIZAGA ARTARAZ
Ogasun Diputatuari elkarrizketa

"Ad Concordiam" Elkartea 2000. urtean eratu zen, Ekonomia Itunaren hogeigarren urteurrena omentzeko eta 2001ean itun berriaren negoziazioei begira. Zuk Ogasun eta Finantza foru Saila zuzentzeko erantzukizuna hartu zenuen 2003an eta proiektuarekin jarraitzea onartu zenuen. Zer dela eta hartu zenuen erabaki hori eta zergatik jarraitu duzu elkartearen jarduera babesten?

Sailaren ardura hartu nuenean, oso argi neukan foro honetan Ekonomia Ituna sustatu genezakeela. "Ad Concordiam" Elkartean daude Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea. Hala, Bizkaian oso garrantzitsuak diren eta Ituna defendatzeko orduan ados dauden hiru erakunderen topaketa foroa da. Horixe da "Ad Concordiam" Elkartean dugun filosofia: Bizkairako eta Euskadirako Ekonomia Ituna mantendu, ezagutarazi, sustatu eta hedatzea, hain zuzen ere. Azken hilabeteetan ikusi ahal izan dugunez, Ekonomia Ituna eztabaida politikoaren epizentroan egon da, eta, beraz, zeregin horrek beharrezkoa izaten jarraitzen du. Estatu barruko alderdi politiko eta politikari oso garrantzitsuek kupoari buruz izan berri duten eztabaidak agerian utzi du pertsona eta alderdi horiek ez dakitela inondik ere zer den ituna, zer den kupoa. Horregatik gaiarekin temati izan beharra dago, gu tematiak ez bagara, inork ez duelako lan hori egingo.

Zergatik kalifikatzen da beti Ituna pribilegio bat bailitzan, bai politikarien artean, bai herritarren artean?

Ez dutelako eredua inola ere ezagutzen. Pribilegio hitza erabiltzen duten horietako inortxok ere ez du minutu bat eman eredua ezagutzen eta ez du aztertu zer dagoen horren guztiaren atzean eta zer den albo baterako arriskua. Ondorioz, gaur, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da euskal erakundeak Ekonomia Itunaren alde agertzea, argudio eta oinarri solidoak erabilita. Horregatik dauka "Ad Concordiam" Elkarteak horrenbesteko zentzua une honetan.

Hiritarren kasuan, uler genezake Ekonomia Ituna ez ezagutzea, baina ez ote dago asmo txarrik politikarien artean gai hau "erabiltzen" denean?

Ez ditut bakoitzaren asmoak baloratuko. Baina ohikoa izaten da halako gaiak ateratzea, norbaitek komeni ez zaion gairen bati buruz hitz egitea saihestu nahi duenean.

Euskadin ondo ezagutzen dugu Ekonomia Ituna edo Estatuan dagoen ezagutza falta hori hemen ere aurkitzen al da?

Politikan, erakundeetan eta jarduera ekonomikoan inplikatutako pertsonen artean ondo baino hobeto ezagutzen da Ituna, zer den eta zer eragiten duen. Gainerako herritarren artean Itunaren ondorio batzuk ezagunak dira. Baina Itunak barruan zer duen, lotura puntu bat zer den, finantza alderdia zein den, zerga alderdia zein den... jakitea beste kontu bat da. Herritarrek zera jakin behar dute: hemen hainbat zerbitzu badauzkagu, Ekonomia Itunari esker dela, zergak biltzen ditugulako, Madrilen ordaindu beharrekoa ordaintzen dugulako eta diru hori non inbertitu erabakitzen dugulako. Herritarrentzat hori da Ituna eta hori badakitela uste dut.

Ekonomia Itunak herritar guztientzat daukan garrantzia ezagutaraziko duen jardueraren bat falta dela uste al duzu?

Hainbat jarduera abiarazi ditugu, dokumentazioa zentroa besteak beste, baina beste iradokizun batzuk jasotzeko irekita gaude eta ez ditugu baztertzen herritarrei informazio gehiago eta hobea ematen lagunduko duten beste ekimen batzuk.

"Ad Concordiam" Elkarteak eta beste erakunde batzuek egindako inkesten arabera, azken urteetan ez da Ekonomia Itunaren gaineko ezagutza igo euskal herritarren artean. Zer dela eta izan daiteke? Administrazioak erantzukizunik al du?

Seguru asko, iruzurrarekin bezala, eskolatik azaldu behar da zer den Ekonomia Ituna. Hausnartu beharra dago zergatik ez zaien unibertsitatean ekonomia eta enpresa ikasketak egiten dituzten ikasleei ituna, kupoa...zer den irakasten. Hori zuzendu egin beharko dugu.

Estatuan Ekonomia Itunari buruz egon berri den eztabaida bi alderdi nagusiren gainean aritu da: kritikak sistemari, batetik, eta beste autonomia erkidego batzuetan aplikatzeko aukera, bestetik, Katalunian, esaterako. Bideragarria iruditzen al zaizu Ekonomia Itunaren eredua Estatuko beste toki batzuetara hedatzea?

Gauzek beren denbora eskatzen dute. Ekonomia Ituna jasotzen duen Estatutu bat mahai gainean jarri zuen lehen autonomia erkidegoa geurea izan zen. Atzetik joan ziren gainerakoek, Kataluniak barne, ez zuten Ituna jaso. Bere garaian erabaki bat hartu behar zen eta ez zuten Ituna bezalako eredu bat sartu nahi izan. Bakoitzak bere erabakien erantzukizuna hartu behar duela uste dut.
Beste kontu bat da ea gaur egun erkidegoren bat egon dagoen, Euskal Autonomia Erkidegoaz eta Nafarroaz gain, Ekonomia Itunaren antzeko araubidea erreklamatzeko legitimitatea duena. Nire ustez, gaiak planteatzen dituen zailtasun juridiko eta politikoak gorabehera, halakorik eskatzeko legitimitatea duen erkidego bakarra Katalunia da.
Gainerakoetan ez luke inolako zentzurik izango.

Orain Estatua birformulatu eta estatu federal gisa planteatzeko gaia ere atera da. Nola eragingo liokete aldaketa horiek Ekonomia Itunari? Ekonomia Ituna bideragarria al da batzuek defendatzen duten estatu federal horretan?

Zergatik ez? Noski bideragarria dela. Gainera, hemen ere beste indar politiko batzuek defendatu dute Gernikako Estatutua berrikusteko eta Euskal Herria-Estatua harremanean era parekidean alde bitarako hitzarmen berria ezartzeko. Halaxe egon bagara laurogei urtez, trantsizioaren ostean, orain ere jarraitu dezake. Europan ere bere lekua dauka itunak. Europak Ekonomia Ituna aitortzen du, eta, beraz, eredua bideragarria da.

Eta beste estatu batzuetan, autogobernu handiagoa izateko asmoa duten beste toki batzuetan, erreferentzia izan al liteke?

Ez dakit erreferentea den ala ez. Baina badakit jendea etorri izan dela Itunaren kontua ezagutzera. Eredua ezagutu nahi izan dute eta gustatu zaie. Batez ere, halako gauzen alde borrokatzen ari diren eta berezitasun propioak dituzte eskualdeetan.

Planetako beste toki batzuetan Ekonomia Itunaren gainean duten interes horrek, eredua kanpoan ezagutzen dela esan nahi al du?

"Ad Concordiam" Elkarteak Ekonomia Ituna toki guztietan hedatzen du. Oraintsu, Aldundi honetako funtzionario batek hiru hilabete pasa ditu Renoko Unibertsitatean hemen dauzkagun Ituna eta zerga eredua azaltzen. Eta "Ad Concordiam" Elkartearen dokumentazioa ingelesez ere badaukagu, liburutegiei, interesdunei eta abar bidaltzeko.

Eta eredu hau kanpoan azaltzen denean, zein sentsazio sortzen du?

Eredu honen berri izaten duten pertsonak harritu egiten dira eta haren konplexutasuna nabarmentzen dute. Guztiek jakin nahi dute nola moldatzen garen. Itunak euskal erakundeei aitortzen dien eskumen mailaz harritzen dira, egungo Europan, eredu frantsesean edo ogasun zentralista bakarrean (besteak beste) dagoen ogasun klasikoak egin ohi duenaz oso bestelako kontzepzioa baita. Eredu benetan berezia da eta halaxe ikusten dute.