KONSTITUZIO AUZITEGIAK BERMATU EGIN DU FORU ARAUEN “BLINDAJEA”

tc newsletter dic


1/2010 Lege Organikoa, otsailaren 19koa, Konstituzioaren ikuspuntutik baliozkoa dela esan du Konstituzio Auzitegiak, ekainaren 23ko epaian. Izan ere, aipatu legeak Auzitegi Gorenaren jurisdikzioaren esku uzten zuen foru arau fiskalak berrikusteko ardura. Epaiak erabat gaitzetsi ditu Konstituzioaren hainbat artikuluren ustezko urraketak, errekurtsogileek, Errioxako eta Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoek, alegatutakoak.

Garrantzitsuena 1/2010 Lege Organikoaren kontra aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko helegiteak gaitzestea da. Ondorioz, errekurtsoa aurkeztu duten autonomia-erkidegoei ukatu egin zaie legitimazio aktiboa Lurralde Historikoen foru zerga arauak zuzenean inpugnatzeko.

Era berean, aitortzen da Ekonomia Itunari esker Lurralde Historikoek eskubidea dutela Estatuarekin negoziatu eta adosten den euren zerga-sistema izateko, eta bete-betean onartu egiten da gatazkaren konstituzionaltasuna, foru-autonomiaren alde.

Dena den, 1/2010 Lege Organikoa fruitua zuen lege-ekimenaren funtsezko helburu hori lortuta, esan beharra dago berdinketa ez dela erabatekoa. Eta ez da administrazioarekiko auzien auzitegien jurisdikziozko kontrola ez datorrelako bat lege arauekin, estatu zein autonomia mailan, baizik eta, Auzitegiaren arabera, auzipetutako Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoaren Bosgarren Xedapen Gehigarriak hitzez hitz esandakoak mugak ezartzen dituelako.

Epaiak Konstituzio Auzitegiaren erreserbatik kanpo uzten ditu honako hauek: lurralde historikoetako batzar nagusietako araudietan ezarritako izapide eta baldintzak, eta zerga arloko foru arauak garatzeko prozedurari buruzko zergen arloko foru arau orokorren xedapenak eta haien baliokide diren xedapenak ez betetzearen ondoriozko prozedura-akatsak. Halaber, kanpo geratu da Eusko Legebiltzarrak zergen arloko koordinazioa eta lankidetza, Itunari buruzko Legeak aipatzen dituen nazioarteko hitzarmen eta tratatuetan aurreikusitakoaz gain, harmonizatzeko emango dituen legeak haustea, eta, azkenik, Europako Erkidegoko Zuzenbidea urratzea, hori administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eskumena baita, estatuko legeen kasu bietan gertatu den bezala.