LANKIDETZA-HITZARMEN BERRIA NEVADAKO UNIBERTSITATEAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEAN ONARTUTA

univ nevada

Azaroaren 8an Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Renoko Nevada Unibertsitatearen (UNR) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmen berria sinatzea erabaki zuen, 2016-2019 denboraldirako.


Bi erakundeen arteko hitzarmenaren harira izandako esperientzia positiboa izan da 2015etik 2016ra bitartean. Hori dela eta, hitzarmen berri bat sinatu dute euskal kultura sustatzeko asmoz, euskal idazleen testuak ingelesez argitaratzen eta Ekonomi Ituna nazioartean ezagutzera ematen lagunduz.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Center for Basque Studies-ek (CBS) helburu bera dute: oro har euskal kulturaren gaineko ikerketa sustatu eta hedatzea, Ekonomi Itunaren gainekoa bereziki, eta Ekonomi Itunarekin konpara ditzakegun zerga-sistema federalen gainekoa ere bai, Euskal Ikasketen Zentroak UNRn antolatutako ekintzen bidez.

CBS nazioarteko ikerketa zentroa da. Ikertzaileentzako eta konferentzia nazionaletarako zein nazioartekoetarako egoitza da, eta bertako argitaletxeak euskaldunei buruzko hirurogeita hamar lan baino gehiago argitaratu ditu ingelesez. 2013-2014 bitartean, CBSek ezagutza-arlo berri bat sartu zuen bere ekintzen artean: ikasketa juridiko eta ekonomikoak, autogobernuaren arlo ekonomiko eta finantzarioan zentratuz, EAEko zerga-sistemari eta finantzaketa publikoari buruzko gaietan bereziki.

CBSek sakonago landu du arlo hori 2014az geroztik. Hain zuzen ere, CBSek 2014an egindako urteroko nazioarteko konferentzia zerga-sistemetan eta egungo zerga-krisian oinarritu zen. Ekintza horien bidez, CBSren ospe akademikoa areagotu da, bai Estatu Batuetan eta bai nazioartean. Horrez gain, EAEren interes orokorrak defendatzeko katalizatzaile modura eta euskaldunentzako gune garrantzitsu modura funtzionatu du, Ipar Amerikan bereziki.

UNRk eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2014an sinatu zuten lankidetza-hitzarmena izan zen lorpenik handiena. Hitzarmen horren babespean, arlo honetan aditua den funtzionario bat bertara joan zen 2015ean, hiruhileko baterako, eta beste funtzionario bat 2016an, EAEko Ekonomi Itunarekin aldera daitezkeen sistema federalen inguruko ikerketa-lanak egiteko eta Ekonomi Ituna ezagutzera emateko.

Hitzarmen berriak bi zati ditu, ondo bereizita daudenak: zati bat euskal kultura sustatzean oinarritzen da, euskal egileen testuak ingelesez argitaratzen lagunduz; beste zatia, aldiz, Ekonomi Ituna nazioartean ezagutzera ematean oinarritzen da.

Bigarren zati horri dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak honako lan hauek egingo ditu:

  1. Bizkaiko Foru Aldundiaren karrerako funtzionario bat bidaliko du CBSra, laurogei egunetarako, 2016-2017, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetako udaberriko seihilekoetan.
  2. Ogasun eta Finantza Sailak, CBSrekin batera, urteroko mintegi bat antolatuko du CBSren egoitzan. Ekonomi Itunaren beraren ingurukoa eta Ituna nazioartean proiektatzearen ingurukoa izango da eta aditu akademikoek parte hartuko dute, eta baita administrazio publikoen arloko espezialistek ere.
  3. Bizkaiko Foru Aldundiak 10.ooo € emango ditu urtero, mintegien kostua eta CBSk egindako argitalpenena ordaintzen laguntzeko.

Bestalde, CBSk egun bateko mintegia antolatuko du urtero eta mintegi bakoitzera gonbidatutako adituak ikerketa-lanak egingo ditu, hitzaldi bat emango du mintegi horretan eta artikulu bat edo liburu bateko kapitulu bat idatziko du ingelesez, ostean argitaratzeko. Bisitariak eskolak ere emango ditu UNRn, gonbidatu modura, zergen eta zerga-kulturaren inguruan.

CBSren argitaletxeak liburu bat argitaratu eta zabalduko du, egindako mintegietan parte hartu dutenek emandako hitzaldiak barne hartzen dituena.

Azkenik, esan beharra dago momentu honetan arestian aipatutako aditua hautatzeko prozesua abian dela eta urtarrilerako bukatuko dela, martxoan CBSra batzeko.