Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

TOKI AUTONOMIAREN ETA KONTZERTU EKONOMIKOAREN EUSKAL EREDUA AZALDU DIE EUDELEK ESKOZIAKO UDALERRIE
Tuesday, 28 de June de 2016

toki autonomia

06/10/2016Fuente: EUDEL.EUSGaur goizean, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Eskoziako tokiko hautetsi garrantzitsuenen urteko konferentzian hartu du parte, Austriako eta Europako Batzordeko ordezkari politikoekin batera. Foro honetan, Nicola Sturgeon Eskoziako lehenengo Ministroak ere hartu du parte (argazki erdian, Eudeleko ordezkariarekin).

Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Eskoziako Toki Aginteen Konbentzioaren urteko Batzarrean (COSLA) arituko da gaur eta bihar Edinburgon. Egun hauetan, 32 kontzejutan (Scotish councils) edo tokiko unitate administratibotan hurrengo urteetan garatu beharreko toki gobernantzako eredua aztertzen eta sakontzen ari dira.

“Local Government: Leading Reform” izenburupean, gaurko programatutako hitzaldiak araudian, prozesuetan eta metodologietan oinarritzen dira, Eskoziako toki gobernantzari gidaritza berria emateko. Zehazki, toki gobernuen ‘jabekuntzari’ (empowerment) eta Europako udalerrien aniztasuneko bizikidetzan laguntzeko moduari buruzko mahai-inguruan hartu du parte Ibon Uribek, EUDELen izenean.

Eztabaidan, Uribe EBko toki erakundeetako bi ordezkari ezagunekin batera egon da taldean: Gudrun Mosler-Törnström, Austriako Salzburgoko ‘land’-eko Parlamentuko presidenteordea eta Europako Batzordeko Tokiko eta Eskualdeetako Agintarien Kongresuko presidentea, eta Andreas Kiefer, Kongresuko zuzendaria.

Bi sistemen artean ezberdintasunak egon arren, Eskoziako tokiko erakundeek EAEko instituzioen eredu berezia eta funtzionamendua xehetasunez ezagutzeko interesa adierazi dute, batez ere gobernuko mailen arteko (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) kooperazioari nahiz udal finantziazioko mekanismoei eta Kontzertu Ekonomikoaren gure eredu berdingabeari dagokienez.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen ardatz garrantzitsuenak garatu ditu Ibon Uribek. Legea Euskadiko udalen legealdi honen hasieran onartu zen, eta Toki Autonomiari buruzko Europako Gutunean oinarrituta dago. Horrez gain, udal eskumenak, finantziazioa eta erakundeen arteko kooperaziorako funtsezko organoak elkartzen dituen ikuspuntu integrala hartzen du barne.

EUDELen ordezkariak Euskadiko arkitektura instituzionala behin betiko ixteko arauak ezartzen duen garrantzia azpimarratu du, batez ere XXI. mendeko euskal udalgintzaren etorkizuneko urratsak sustatzeko tresna gisa. Ibon Uribek Euskadiko toki gobernantzaren ibilbide berria irekitzen duen Legea izatearen garrantzia defendatu du, Eskoziako homologoen aurrean. Lege horrekin, udalerriak ikusarazi eta udalerriei pisu handiagoa eman zaie. Era berean, Legea ezartzeak udalei erronka garrantzitsuak ekarri dizkie, eta EUDELen konpromisoa azpimarratu du, benetako protagonisten eskutik (alkateak eta zinegotziak) prozesuko buru izan dadin.

ESKOZIARAKO TOKIKO ERREFORMA BERRIA
2016ko tokiko aginteen konferentzia (COSLA) Eskoziako eta Europako tokiko demokraziarentzako une erabakigarrian egin da. Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak izan eta sei hilabete baino zertxobait geroago, 2017an tokiko hauteskundeak egingo dira, eta duela gutxi izan da erreferendum britainiarra ere. Hortaz, Eskoziako erakundeek arretaz so egiten diete epe luzean erabaki horrek ekarri ditzakeen ondorioei.

Egoera politiko honetan, eta aurrekontuen doikuntza garrantzitsuek markatutako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, tokiko konferentzian aztertzen ari diren etorkizuneko tokiko erreforma eztabaidatzeko abagunea da, bertan parte hartzen baitute Eskoziako parlamentuko alderdi guztietako ordezkariek.