BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ETA NEVADAKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO BESTE LANKIDETZA ESPERIENTZIA BAT

Nieves Pereda

NIEVES PEREDA
Bizkaiko Foru Ogasuneko Zerga-Bilketako Zuzendariordea

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nevadako Unibertsitateak (Renon) Center for Basque Studies zentroaren bitartez sinatutako hitzarmenari esker, kolaborazio honetan parte hartzeko aukera izan dut. Hitzarmenaren helburua Ekonomia Itunaren ezagutza hedatzea eta Ameriketako Estatu Batuetako eta Euskadiko federalismo fiskalari buruz ikertzea zen. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko zerga-alorrean esperientzia duten bi pertsona mugitu behar izan ziren.

30 urtez nagusiki kudeaketa-lanetan aritu ondoren, aukera hori aprobetxatzea eta, batez ere, zerga-sistemari buruz ditudan ezagutza teorikoak hobetzea egokitzat jo nuen. Horrela, urte hauetan guztietan zehar nire lana izan denaren (lan praktikoa gehien bat) zerbait ezberdina ekartzeko aukera izango nuen. Hori dela eta, pertsona aditua hautatzeko 2016ko deialdian parte hartzea erabaki nuen.

Renon, ikerkuntza-lanak egin, eskolak eman eta konferentzietan parte hartu ahal izan dut. Gainera, artikulu bat idatzi dut, Nevadako Center for Basque Studies zentroak aurtengo otsailean, martxoan eta apirilean argitaratuko duen argitalpenerako.

Renon dagoen Nevadako Unibertsitatean egoteak oso dokumentu interesgarriak eskuratzeko aukera eman dit. Horiei esker, gure finantza-berezitasunari lotutako alderdi fiskalak aztertu ahal izan ditut. Bestalde, niretzat erabat ezezaguna zen Ameriketako euskal kulturaren mundua ezagutzeko aukera izan dut.

Gobernu azpizentraleko maila baten finantzaketa-motatik eratorritako eraginen gaia jorratu dut nire ikerkuntzan. Horretarako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko finantzaketa-publikoen ereduak alderatu ditut.

Eredu federalen barruan, gobernu azpizentralen gastu-eskumenen arteko aldeak diru-sarrera, zerga eta zergakoak ez diren eskumenen arteko aldeak baino askoz txikiagoak izan ohi dira.

Maila azpizentral horietako gastu publikoen finantzaketa-motek, zergek, transferentziek, tasek eta zor publikoak, besteak beste, honako faktore garrantzitsuei eragiten diete: eraginkortasunari, gardentasunari, ekitate bertikal eta horizontalari, egonkortasun makroekonomikoari eta funtzio birbanatzaileei. Gainera, eragin garrantzitsuak dituzte herritarren lehentasunen independentzian eta asebetetzean.

Gai interesgarria izan da benetan. Asko motibatu nau gaiak eta ateratako ondorioak, beharbada, itxaropenez beteko ditu Ekonomia Itunaren babesleak. Arestian azaldutako alderdi askok finantzaketa-eredu horrekiko lorpen-maila handia dute, eta nabarmentzekoak dira, adibidez, gardentasuna eta herritarren kontrola eta zergadunen identifikazioa ordaindu eta jasotzen dutenarekiko, bai eta eraginkortasunarekin, autonomiarekin, erantzukizunarekin eta zorpetze-mailarekin duten harreman berezia ere.

Halaber, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak Euskadiko finantzaketa- eta zerga-ezaugarrien inguruko ezagutza zabaltzeko egin dituen jardueretan parte hartu ahal izan dut, euskal Ekonomia Itunari buruzko zenbait hitzaldi eta eskola emanez.

Kolaborazio-prozesu horretan euskal kulturaren alderdien inguruan trebatu naiz, diasporaren ikuspegitik, eskoletara eta hitzaldietara joanez. Horiei esker, gure sistema berezia marko historikoan kokatu eta orain arte aintzat hartu ez ditudan ñabardurak ikasi ahal izan ditut. Nire burua aberasteko aukera izan dut, bai eta aurreko urtean Gemma Mártinez Barbarak egindako ikerkuntza sakontzeko ere. Ondorioz, jakin izan dut euskal sistemaren osaerak antzekotasunak dituela Ameriketako Estatu Batuekin.

Horrez gain, kaudimengabeziaren eta ekintzailetzaren inguruko araudien arteko loturari buruz ikertzeko aukera izan dut. Horren inguruan ondorioztatu dut, ekintzailetza ekonomiaren garapenerako funtsezkoa dela eta ekintzailetzak kaudimengabeziaren legeekin lotura zuzena duela egiaztatua egonik, interesgarria izango litzatekeela zerga-araudiren bat sartzea gure eskumenen barruan, ekintzaileei beren jardueratik eratorritako zorretatik aske uzteko aukera emango ligukeena, bereziki, kaudimengabeziaren arrazoiak gerora sortutakoak badira.

Uste dut kolaborazio hori interes handikoa dela bi aldeentzat, alegia, Nevadako Unibertsitatearentzat eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzat. Izan ere, baldintza bikainak eskaintzen ditu Ekonomia Ituna, federalismo fiskala eta lotuak dauden beste alderdi batzuk aztertzeko. Nire aburuz, beste alderdi batzuetan ere kolaboratzea interesgarria izango litzateke, hala nola, alderdi historikoetan, antropologikoetan, kulturaletan, eta abarretan.

Eskerrak eman nahi dizkiet ikertzen aritzeko aukera eman didaten guztiei: Nevadako Unibertsitatearekin kolaborazio hori sustatu dutenei (Ad Concordiam, Bizkaiko Foru Aldundia) eta Center for Basque Studies zentroan aritzen diren pertsona guztiei, nire lanean lagundu didatelako eta haiengandik asko ikasi dudalako. Bukatzeko, ez ditut nire lankideak ahaztu nahi; izan ere, kanpoan egon naizen bitartean aparteko lan-zama hartu dute euren gain.