Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoak, uztailaren 19an, 11 erabaki hartu zituen, eta horien artean nabarmentzekoa da, Ekonomi Itunaren testuaren aldaketaz gain, EAEko kupoa zehazteko metodologia berriaren onespena, 2017-2021eko bosturterako.
Akordio berriari esker, burutu egin da Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoak berak maiatzaren 17ko bileran abiarazitako prozesua, EAEko eta Espainiako administrazioen artean 10 urteko desadostasuna bukatuta, ekitaldi horietako kupoen likidazioaren ingurukoa hain zuzen. Metodologia berria 2012-2016 bosturtekoan aplikatzeko onartu behar zen, baina urriaren 25eko 29/2007 Legeak dakarren metodologia aplikatzeko interpretazioaren inguruko desadostasunak direla-eta erregimen erkideko autonomia erkidegoentzako finantzaketa sistema berria onetsi ondoren, bertan aurreikusitako xedapen gehigarria ondoz ondo aplikatu zen, xedapenak zekarren metodologia berehala luzatzea zehatzen zuena harik eta lege berria onesten zen arte. Jakina denez, 5 ekitaldiz jarraian abiarazi behar izan da luzapena automatikoki aplikatzeko klausula.
Lege berrian, 1.304,5 milioi euroko kopuruan finkatu da kupo likidoa, baina horri kendu behar zaizkio Arabako Lurralde Historikoko konpentsazio espezifikoak, guztira 4,4 milioi eurokoak. Horren ondorioz, ordaindu beharreko 1.300,1 milioi euroko kopuru likidoa ezarri da. Oinarriko urteko kupoa ematen dute zifra horiek, baina bosturtekoaren gainerako urte bakoitzean eguneratu beharko da lurralde erkidean itundutako zerga-bilketaren bilakaera oinarri hartuta, erregimen erkideko autonomia erkidegoei osorik lagatakoak salbuetsita.
Kupoari buruzko akordioez gain, Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoak lan-taldea eratzea erabaki zuen, Estatuko administrazioetako lau ordezkarik eta EAEk lau ordezkarik osatua, zertarako-eta Mercedesen egitura juridikoaren eta operatiboaren gainean iragarritako aldaketak Arabakoarena eta Euskal Autonomia Erkidegoarena bezalako ogasunarentzat dakartzan ondorioak aztertzeko. Lan-taldeak 2017ko irailaren 30a baino lehen eman beharko du txostena.
Azkenik, EAEko eta Espainiako ordezkariek aurrekontuen egonkortasunaren arloko aurretiazko bi aldeko akordioak berrestea erabaki zuten. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren defizitaren eta zorraren gaineko helburuak ukitzen dituzte akordio horiek 2014ko ekitalditik hasita.