Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoa uztailaren 19an bildu zen Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministerioan, eta Ekonomi Itunaren zenbait aldaketa onetsi zituen. Ondorioz, eguneratu egin da Estatuko zergen arloan sartutako aldaketen testu hitzartua, eta gainera, errazteko neurriak eta EAEko eta Estatuko zergen administrazioen arteko lankidetzarako eta koordinaziorako neurriak sartu ditu.
Akordioaren edukian, 20 artikulu eta xedapen gehigarri bat aldatu dira, 4 artikulu berri gehitu dira eta indarreko Ituneko 10. zk.ko Xedapen Iragankorra kendu da.
5 kategoriatan sailka daitezke sartutako aldaketak: 6 aldaketa tekniko, zerga berriak hitzartzeko eta deskonexioko puntuak eguneratzeko 8 aldaketa, eskumenen gaineko zenbait muga kentzeko 4, 6 errazte-neurri eta Estatuarekiko koordinazioa eta lankidetza handitzeko 7.
Horietatik guztietatik, hauexek nabarmendu daitezke:
- Gasa, petrolioa eta kondentsatuak ateratzearen gaineko Zerga berria hitzartzea.
- Elkarrekikotasuna sartzea araudi aplikagarria zehazteko arauan eta ikuskaritza zerga-helbidean, lurralde batean eta EBEren %75 edo gehiago bestean.
- Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eremuko betebehar errealaren inguruko araugintzarako ahalmenean gertatu izan diren zenbait disfuntzio gainditzea, hain zuzen ere Europar Batzordean bertan agerian gelditu direnak, establezimenduaren eta kapitalen zirkulazioaren gaineko askatasuna kaltetzen dutelakoan.
- 10 milioi eurora handitzea Sozietateen gaineko Zergaren araudi aplikagarriaren zehaztapena zergadunaren zerga-helbidearekin lotzeko aurreikusitako atalasea, baita BEZa ikuskatzeko eta salbuesteko ahalmena ere.
- Azkenik, koordinaziorako eta lankidetzarako neurriak hartu dira, administrazioen arteko harremanak errazteko eta hobetzeko, baita haien arteko gatazken gaineko posibilitateak gutxitzeko beste batzuk ezartzeko ere, edo baldin eta gatazkarik balego, gatazkok konpontzeko modua errazteko mekanismoak ezar daitezen hala nola hiru prozedura berri sartzea prozedura arbitralaren baitan: betearazpenaren gorabehera, ondorioen hedapena eta prozedura laburtua.