Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

KONGRESUAK ONARTU DITU KONTZERTU EKONOMIKOAREN ETA KUPOAREN LEGEAK
Tuesday, 28 de June de 2016

KONGRESUAK ONARTU DITU KONTZERTU EKONOMIKOAREN  ETA KUPOAREN LEGEAK

2017/11/23Iturria: BERRIA.EUS

Kontrako 36 boto baino ez dira egon, Ciudadanos eta Compromis-ekoak. Kontzertu Ekonomikoaren Legeak 294 baiezko boto izan ditu, eta abstentziorik ez; Kupoarenak, berriz, baiezko 292 boto, EH Bilduko biak abstenitu direlako.

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroari egokitu zaio bi lege egitasmoak aurkeztu eta defendatzea. Esan du akordioa “negoziazioaren ondorio” izan dela: “Akordio ona da EAErentzat eta Espainiarentzat, zalantzak uxatzen dituelako eta, beraz, hain beharrezkoa den egonkortasuna dakarrelako”. Negoziazioan parte hartu dutenak “egingarria denaren mugen barruan” mugitu direla erantsi du, “ezinezkoa den planteamendurik” egin gabe, eta uskal erakundeen eta EAJren jarrera eskertu du.

Lege egitasmoei osoko zuzenketa bakarra aurkeztu da, Ciudadanosek egindakoa, eta alderdi horretako buru AlbertiRiverak defendatu du. Hasieratik esan du ez dituela kontzertu ekonomikoa eta kupoa “zalantzan” jarriko “Konstituzioan daudelako, gustatu ala ez”, eta kupoaren kalkulua baino ez zuela ezbaian jarriko, baina bere hitzaldi osoan oso kritiko agertu da Hego Euskal Herriko lurraldeak finantzatzeko ereduarekin. Esan du “iruzur politikoa” dela, “espainiarren arteko desberdintasunak” areagotzen dituela, eta galdetu du nola litekeen EAE “elkargo aberatsa izanik, baina gainerakoei dirua eman beharrean, dirua jaso egitea”. Compromis ere bi lege egitasmoen kontra azaldu da.

EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak esan du kontzertua “tresna garrantzitsua” dela, “gure eskubide historikoaren azken hondarra eta abiapuntua”, baina aldi berean “gainditu” beharrekoa, “Madrilekin lotzen gaituen soka” den neurrian. Iragarri du baiezko botoa emango ziotela Kontzertu Ekonomikoaren Legeari, baina abstenitu egingo zirela Kupoaren Legearen bozketan, “akordioa ez delako “ona” eta “menpekotasuna” sustatzen duelako.

Gainerako indar politikoen hitzaldietan Ciudadanosen kontrako kritikak nagusitu dira. UPNko Iñigo Jesus Allik salatu du azken aldian “modan” jarri dela “Madrilen kupoaren eta Nafarroako itun ekonomikoaren kontra hitz egitea”, EAJren Idoia Sagastizabalek esan du kontzertua ez dela “pribilegioa”, ezta “dena konpontzen duen panazea” ere: “Arriskua dakarren sistema da, alde bakarrean hartzen dugun arriskua. Horrek ondo kudeatzera eta neurriz gastatzera behartzen gaitu”.

Unidos Podemoseko Nagua Albak esan du bere taldeak “baiezko kritikoa” emango ziela bi lege egitasmoei, “nazio anitzeko estatua defendatzen dugulako, eta herritarren ongizatea beste edozeren gainetik jartzen dugulako”, eta kritikatu du negoziazioa bideratu den modua. PSOEko Pedro Saura eta PPko Javier Maroto gogor aritu dira Ciudadanosen kontra: Saurak “hipokrisia eta gezurrak” erabiltzea egotzi die, eta Marotok “oportunismoa” eta “zabuka ibiltzea” aurpegiratu die.