KUPOA ETA KONTZERTUA 2018A BAINO LEHEN EGONGO DIRA PREST, MONTOROREN USTEZ

KUPOA ETA KONTZERTUA 2018A BAINO LEHEN 
EGONGO DIRA PREST, MONTOROREN USTEZ

2017/10/18Iturria: EITB.EUS

Onartzeko, halere, PPk babesa bildu beharko du oposizioko alderdien artean, ministroak zehaztu duenez. Ciudadanos aurka agertzen bada, ezinbestekoa izango da PSOEren babesa.


Kontzertu Ekonomikoaren erreforma eta Kupoaren Lege berria (2017-2021 aldirako) urtea bukatu baino lehen egongo dira prest, Cristobal Montoro Ogasun ministroak EAJri ziurtatu dionez. Hala, jeltzaleekin sinatutako akordioa bete egingo dutela azpimarratu du.

Proiektuok Kongresuan lehenbailehen aurkezteko eskatu dio Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Montorori, Gobernua kontrolatzeko gaurko saioan. Uztailean, bi gobernuen artean sinatutako akordioa da, eta, EAJren ikuspuntutik, "atzerapena ez da ulergarria".

"Oraindik badago denbora, ez dugu egutegiaren kontrola galdu", erantzun dio ministroak. Gainera, erantsi duenez, Espainiako Gobernuak "bete egiten ditu hartutako konpromisoak", eta urtea bukatu baino lehen aurkeztuko ditu Kongresuan bi proiektuak, oniritzia eman diezaieten.

Horretarako, baina, PPk babesa bildu beharko du oposizioko alderdien artean, horren hitzetan. Ciudadanos aurka agertzen bada, ezinbestekoa izango da PSOEren babesa, baina Montorok ez du beste alderdirik aipatu.

"Bada presazkoa", esan du Aitor Estebanek, "lege horiek onartzeak EAEko Aurrekontuak antolatzeko modua baldintzatuko duelako". "Ez dago atzerapena justifikatzen duen arrazoirik, eta kezkagarria da, ez delako alderdien arteko akordioa, erakundeen artekoa baizik", erantsi du. "Gogoan hartu", esan dio, azkenik, Estebanek Montorori.

"Gogoan hartuko dut, noski baietz, kontrol saioak harreman politikoaren adierazle ere badira", esan du ministroak, bere erantzunean.

Azkenik, EAEko lege horiez gain, Nafarroako Ekonomia Ituna ere erreformatuko dutela gaineratu du, eta horretan EAEko Kontzertu Ekonomikoaren alde asko jasoko dituztela azaldu du.