Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak alde batera utzi ditu desadostasunak eta jokaleku berria adostu du 2017-2021 bosturtekorako
Tuesday, 23 de May de 2017

Atzo, maiatzaren 17an, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa bildu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren ordezkaritzek erdietsi zituzten akordioak sinatzeko. Akordio horiek Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa den Cristóbal Montorok eta Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailburua den Pedro Azpiazuk sinatu zituzten. Horrela, amaitu egin dira azken hamar urteetan alde bietako harremanetan finantza arloan eragin kaltegarriak izan dituzten desadostasunak eta ziurgabetasunak.
Ministerioak Madrilgo Alcalá kalean duen egoitzan egin den batzar horretan, Batzordearen kideek bileraren akta sinatu dute. Akta horretan, 11 akordio jasotzen dira, eta horietarik ondoko hauek dira aipagarrienak: kupo likidoaren berrikuspena (euskal ordezkariek luzaroan eskatu izan dutena) eta Egunerapen Indizearen berrikuspena (Estatuaren administrazioak galdegin duena); bi horiek 2007ko urtea dute oinarri. Akordio hori oinarritzat hartuta, 2011tik 2015era arteko kupoak behin betiko likidatzeko baliatu behar diren kopuruak eta neurriak ere itxi dira; era berean, 2016rako behin-behineko kupoa zehazteko zenbatekoak ere zehaztu dira, kupo hori maiatzaren 30ean likidatuko baita.
Horrela, desadostasunak albo batera utzi ondorik, 2017. urteko behin-behineko kupoari dagozkion kopuruak ere adostu dira. Kupo hori izango da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoak 2017-2021eko bosturtekoan Estatuaren gastu orokorrei egingo dien ekarpenaren oinarria. Hala ere, aplika daitekeen metodologia bosturtekorako lege berrian sartuko da eta Parlamentuaren onespean jarri beharko da, Ekonomia Itunaren Batzorde Misto berri batean adostu ondoren. Batzorde hori heldu den uztailean batzartuko da.
Arestion azaldutakoaz gainera, honako gai hauek ere adostu dira: alde batetik, MERCEDES BENZ, SAren operatiba-aldaketaren zerga-ondoreak aztertzeko lantaldea eratzea, eta bestetik, Estatuaren Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunaren arloan sinatu dituzten akordioak berresteari ekitea, EAEk defizit eta zor alorretan dituen helburuei doakienez.
Honako hauek izan dira Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariak: Pedro Azpiazu (Ogasun eta Ekonomia sailburua), Josu Erkoreka (Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua), Ramiro González (Arabako Diputatu Nagusia), Unai Rementeria (Bizkaiko Ahaldun Nagusia), Markel Olano (Gipuzkoako Diputatu Nagusia) eta Juan Miguel Bilbao (Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza-Politikarako sailburuordea). Bestalde, ondokoak izan dira Estatuaren Administrazioaren ordezkariak: Cristóbal Montoro (Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa), José Enrique Fernández de Moya (Ogasuneko estatu-idazkaria), Alberto Nadal (Aurrekontu eta Gastu arloko estatu-idazkaria), Roberto Bermúdez de Castro (Lurralde Administrazioetarako estatu-idazkaria), Juan Ignacio Romero (Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusia) eta Belén Navarro (Autonomia eta Toki Finantzaketarako idazkari nagusia).

Prentsa-berriak