“KUPOARI BURUZKO AKORDIOARI ESKER, EUSKO JAULARITZA ETA ESPAINIAKO GOBERNUAREN ARTEKO FINANTZA-HARREMANAK NORMALIZATU DIRA, HAMAR URTEKO DESADOSTASUNEN ONDOREN”

Pedro Azpiazu

PEDRO AZPIAZU URIARTE
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu jaunari egindako elkarrizketa, Estatuarekin Euskadiko kupoari buruzko 2017-2021erako Akordioa lortu ondoren.

AURKEZPENA 

Pedro Azpiazu Uriarte Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Eskualdeko eta Hiriko Ekonomian eta Ekonomia Aplikatuan eta Integrazio Ekonomikoan espezializatu zen. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako sailburua da. Lehenago, EAJ-PNVren Bizkaiko diputatua izana da Diputatuen Kongresuan, eta, 15 urtez baino gehiagoz, Bozeramailea Diputatuen Kongresuan, ekonomia-, finantza- eta industria-arloetan.

EAJ-PNV taldeak eta Pedro Azpiazu berak aurrekontuaren negoziazio guztietan Espainiako Gobernuarekin egindako lan egokiari esker, aurrekontuen arloan hainbat hitzarmen sinatu ziren, besteak beste: Zapateroren Gobernuaren legegintzaldian, Ekonomia Itunaren blindajea lortu zen; Euskadiri zenbait eskumenen transferentzia egin zitzaion -enplegu-politiko aktiboak-; eta Euskadin 200 milioi eurotik gorako inbertsioak egitea lortu zen.

1981etik hona, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa da. Izan ere, urte horretan sartu zen goi-mailako teknikari Ekonomia eta Ogasun Sailean, Ekonomia eta Koiuntura Ikerketarako Zuzendaritzako Koiuntura Zerbitzuan. Gainera, Kanpo Sektorearen Ataleko arduradun eta Sektoreko Azterlanetako buru ere izan zen.

Euskal finantzen ezagutza bikaina du, eta Jose Antonio Ardanzak osatu zituen gobernuetako taldeetan parte hartu du. 1987an, Ogasun eta Finantza Saileko sailburuaren -Fernando Spagnolo lehenengo eta Alfonso Basagoiti ondoren- aholkulari izendatu zuten, gai ekonomikoetan. Ondorengo urteetan, Ogasun eta Finantza Saileko Programazioko zuzendaria izan zen, eta, geroago, Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria, José Luis Larrea sailburuarekin. Halaber, orduan lehendakariorde zen Juan José Ibarretxeren aholkulari izateko erantzukizuna ere egokitu zitzaion. 1995. eta 2000. urteen artean, Bizkaiko Foru Aldundiko Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia izan zen.

Eta, euskal kontuak bezain ondo ezagutzen ditu San Mames eta Athetic-en hamaikakoa. Athletic, beti bihotzean... Gutxi dira orratza papar-hegalean erakusten ez duen egunak, edo "Athletic zuri ta gorria..." mugikorrean entzuten ez denak. Bilbon jaio zen 1957an, ezkonduta dago, eta seme baten aita da.

Lau legegintzaldi egin dituzu Kongresuan Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuz. Egingo diguzu Madrileko moduko Parlamentuan minoritarioa den alderdi nazionalista batek duen zereginaren balorazioa?

Egia esan kargua sei alditan hartu dut jabetzan. Zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren eta hamabigarren legegintzaldietan egon naiz. Dena dela, egia da, bai, hamaikagarrena oso laburra izan zela eta 12.ean Ganbera eratu eta oso gutxira utzi nuela. Bai egon nintzen Kongresuan Rajoyren legegintzaldi osoan, sendoan, eta Aznarren bigarrenean, eta baita Rodríguez Zapateroren bietan ere. Guztira ia 17 urte izan dira. Eta egia da gauzak egiteko gaitasuna neurri handi baten aukerari lotuta dagoela, eta baita parlamentuko gehiengoen jokoari eta borondate politikoari ere.

Egia da batzuek, talde txikietatik, Diputatuen Kongresuan duten betebeharra modu erabat testimonialean planteatzen dutela eta guk, ordea, beste era batera planteatzen dugula, beti egiten dugulako ahalegina akordiora iristeko, alderdien arteko lankidetza garatzeko, autogobernuan sakontzeko, inbertsioak lortzeko edo Euskadiren ongizatean eragina izango duten bitartekoak eskuratzeko balio dezaketen adostasunetara heltzeko.

Uste dut, alde batetik, oinarria printzipioen defentsa izan dela baina, aldi berean, baita pragmatismoa ere. Horiek dira jarduera politikoan gidatu gaituzten bi bideak.

Sailburu izendatu zintuztenetik ia sei hilabete igaro dira. Nola hartu duzu, zure aurreko esperientziaren ostean, betebeharraren aldaketa eta zeintzuk dira erantzukizun baten eta bestearen arteko alderik nagusienak?

Lehenengo eta behin esan behar dut Lehendakariaren deia benetan izan zela sorpresa itzela, eta ilusioz beteta ekin diodala erantzukizun handi honi. Uste dut administrazio publikoan eta politikan esperientzia luzea metatu ondoren erantzukizun hau herri honen, Euskadiren, alde lan egiteko nire ibilbideari amaiera emateko era nahiko ona dela, ni neu hala administraziotik nola politikatik beti ahalegindu naizelako horixe egiten.

Ildo horretatik harro nago Ogasun eta Ekonomiako sailburua izateko aukera dudalako. Gaur egungo lan hau lehengoa baino intentsoagoa da eta dedikazio gehiago eskatzen du. Halaber, agerikoagoa ere bada, bai Gobernuan bertan eta baita beste erakunde batzuekiko ere, hau da, Foru Aldundiekiko edo gobernu espainiarrarekiko. Zentzu horretan lana nahiko da konplikatuagoa baina, aldi berean, ilusioz beteta egiten dut eta uste dut funtsezkoa dela erantzukizunez ekitea.

Fiskalitatea eztabaida politikoaren eta sozialaren ardatzean kokatu den gaia da. Zure iritziz zein da, indarrean dagoen eskumenen banaketa eta bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan hartuta, gobernuak zerga-ereduaren definizioan jokatu behar duen tokia?

Eskuragarri ditugun zerga-baliabideen barne-eraketaren ikuspegitik oinarrizko hiru lege dauzkagu: Lurralde Historikoei buruzko Legea, ekarpenei buruzko bost urteko Legea eta zergen arloko harmonizazioari, koordinazioari eta lankidetzari buruzko Legea; hiru horiek benetako barruko Finantza Konstituzioa dira Euskadirentzat. Derrigorrezkoa da sarreren eta gastuen gure sistema erregulatzen duten hiru lege horien irakurketa bateratua egitea. Lurralde Historikoei buruzko Legeak arrisku konpartituko edo Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean hitzartutako tributuetatik sortutako baliabideen poltsa komuneko finantzaketa-eredua hautatu zuen. Toki erakundeek ere parte hartzen dute baliabideen poltsa komun horretan, baina euren zerga propioak dituzte.

Ekonomiaren ikuspegiari dagokionez Eusko Jaurlaritzak beregain hartzen dituen gastu publikoaren zamak aurrekontuko gastu publikoaren % 70 inguru dira eta, aldi berean, gobernuak eskuragarri dituen sarreren % 95 zerga hitzartuetatik datoz. Ildo horretatik esan daiteke erakunde mailen arteko asimetria gertatzen dela zerga-bilketako ahalmenaren eta gastuen obligazioen artean. Horregatik, koherentzia lortzearen ondoreetarako, derrigorrezkoa da gobernuaren eta aldundien arteko lankidetza estua. Gure ereduaren oinarria erakundeen arteko zintzotasuna da eta beti mantendu izan dugu erakundeen arteko leialtasun hori.

Arrazoi horiengatik gobernuak zeregin aktiboa du zerga-ereduaren definizioan. Erakundeen arteko koordinazioa eta neurrien harmonizazioa Euskadiko zergen koordinaziorako organoan burutu behar da, hori baita legeak berariaz helburu horretarako sortu duen organoa.

Nolako eraginak ditu gobernuaren zereginean PSE alderdiarekin koalizioan gobernatzeak?

Bat gatoz gure zerga-sistemak lortu behar dituen doikuntza eta hobekuntza guztietan eta horrela dago jasota, berariaz, gobernu programan; testu horretan ezarrita dago zergak koordinatzeko organotik jarduera ekonomikoa, berrikuntza eta enplegua sustatzeko eta funtsezkoak diren gizarte politikak eta zerbitzu publikoak babesteko beharko den zerga-araudia eguneratuko dugula. Niri neuri, sailburu moduan, kasu honetan gobernu programa horretan jasota dagoen eta garatu behar dugun akordio hori betetzea dagokit.

Egon dago Ekonomia Itunaren aurkako iritzi-korronte bat, bidegabekoa den pribilegioaren akusazioan oinarritzen dena. Kongresuan duzun zure esperientziatik abiatuta, zure ustez zein neurritan da orokorra pertzepzio hori klase politiko espainiarrean?

Itunaren sistema eta kupoari buruzko legeak finantzaketa sistema bakarra eta berezia dira, Konstituzioaren babesa duena, eta foru lurraldeen eskubide historikoetan oinarrituta dagoena. Berariazkoa eta bakarra izateak ez du esan nahi pribilegioa denik eta, askoz ere gutxiago, bidegabekoa denik. Izan ere, alde bakarreko arrisku- sistema da eta horrela egiaztatu da 2009 urtetik bizi izan dugun krisi gogor honetan, Estatuak, FLA edo hornitzaileei ordaintzeko funtsa bezalako bitartekoen bidez edo interesak barkatuta, araubide erkideko komunitateen erreskatean jardun duelako eta, ordea, euskal erakundeok ez dugulako bitarteko horien onurarik jaso. Krisi honetatik bizirik irtetea gure geure baliabideekin lortu dugu, eta horiek zerga hitzartuak eta finantza-merkatuetan zorpetzeko bidea baino ez dira.

Dena dela, hau guztia gorabehera, klase politiko espainiarrean sentsazio bat dago, ez nuke esango sakona denik, sistema asimetriko edo pribilegiatua dela; nik uste dut hori gehiago dela sistema ez ezagutzeagatik beste edozergatik baino. Egia da, bai, askotan jarrera politikoak a priori mantentzen direla eta benetan ezagutza ezaren ondorio izaten direla, eta gure kokapenetik ulertezinak dira. Horregatik uste dut aldi berean garrantzitsua dela pedagogia egitea oraindik ere ezagutzen ez dutenei gure sistemaren ezaugarriak azaltzea.

Aurreko horri lotuta, uste duzu maila nazionalean aldaketaren bat gertatu dela alderdi politiko berriak agertzearen ondorioz?

Oso argi dago alderdi batzuen helburua, behinola UPyDrekin gertatu zen eta orain Ciudadanos-ekin, finantza-erlazioetan era guztietako askotarikotasunak, berezitasunak edo elementu desberdin guztiak alde batera laga eta hutsetik hastea dela, hau da, estatu mailako egitura politiko zentralistak eta uniformeak eratzeko. Hau guztia gorabehera Ituna Konstituzioaren blokean eta Gernikako Estatutuan oinarrituta dago eta Ekonomia Itunaren erakundearen abiaburua Euskal Herriaren ondare historikoa, autogobernurako duen ahala eta autogobernu hori lortzeari dagokionez bete nahi duen xedea dira. Beraz, euskaldunok Ekonomia Ituna mantentzeko eta eguneratzeko borondatea daukagun artean indarrean jarraituko du estatuko alderdi politikoren batek egin ditzakeen planteamenduak aintzat hartu gabe, areago kontuan hartuta horiek ere ez direla, inola ere, gehiengo nabarmena politika espainiarrean eta, are gutxiago, euskal politikan. Ekonomia Ituna bizirik eta eguneratuta mantentzearen erantzukizuna dugunok batez ere euskaldunok gara.

Legegintzaldiaren hasierako erronketariko bat 10 urteko arazoak eta gatazkak gainditu eta kupoaren inguruko akordio bat lortzea zen. Oro har, horri buruzko balorazioa positiboa izan da? Zure ustez zein neurritan lortu dute akordioa erraztea zure erlazioek eta politika espainiarrean duzun esperientziak?

Politikaren barruan, gainerako esparruetan gertatzen den bezala, harreman pertsonalak funtsezkoak dira proiektuak aurrera eramatea lortzeko. Kasu honetan Montoro ministroarekiko harremanak onak dira eta, hori ez ezik, aspaldikoak dira. Hori esan ondoren, ezin dugu geure burua engainatu eta oso argi eduki behar dugu gobernuek akordioetara iristeko erantzukizuna eduki arren abagune politikoa ere egokia izan dela adostasunera heltzeko. Akordio hori Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortu zen; batzorde hori aldebikoa da eta Ekonomia Itunaren nortasuna eta funtsa jasotzen ditu.

Batzorde Mistoaren bilera berria iragarri da uztailerako. Zeintzuk dira oraindik ere adostu gabe dauden gaiak eta zentzuk dira Ituna hobetzeari dagokionez legegintzaldirako dauden asmoak?

Erabaki genuen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren deialdia uztailerako egitea, lehenengo eta behin bost urteko, 2017-2021, Legearen proiektua onesteko, Estatuak onetsita dagoen 2017ko Aurrekontu Orokorren Legea eskuratzen duenean, ostean Gorte Nagusietan tramitatzeko. Aurrekontu horren gainean hurrengo bosturteko oinarrizko urtearen kupoa zehazten da. Aldi berean, badaude Ekonomia Itunaren zergen arloko alderdi batzuk eguneratzea behar dutenak. Nahiz eta gaur egun hitzartzearen zain dagoen zerga berririk ez egon, badaude nahitaez eguneratu behar diren Itunaren barruko alderdi eta gai batzuk.

Itunaren etsairik txarrenetako bat zergen arloa bezala hain aldakorra eta gero eta globalizatuagoa den arlo baten zaharkitzea da. Derrigorrezkoa da foru ogasunen kudeatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak euren lurralde eremuetatik haratago sendotzea eta nahitaez integratu behar dira informazioa trukatzeko eta zergen arloan garrantzitsua den informazioa lortzeko sare europarretan. Horrelako gaiak gakoak dira inguru global baten foru ogasunetan zergen kudeaketa-ahalmenak sendotzeko.

Jendaurrera azaldu da Estatuaren beste formulazio bati ekin behar zaiola eta estatu federal moduan planteatu behar dela. Balizko egoera horrek izan dezake eraginik Ekonomia Itunarengan? Zilegi da, batzuek aldarrikatzen duten bezala, Ekonomia Ituna estatu federal baten?

Oraindik ere ez dakigu oso ondo nola zehazten diren batzuek aldarrikatzen dituzten, edo batzuek aldarrikatzen dituztela esaten duten, federalismoari buruzko proposamen horiek. Dena dela, proposamen horiek gorabehera, Ekonomia Ituna eredu hipotetiko berri horri egokitu eta horretan sartu beharra egongo litzateke, beti ere Itunaren beraren funtsak mantenduz. Ezin dugu ahaztu ituna hitzarmen bat dela, eta horrelako tratu bat dagoenean hori ordeztuko duena beste tratu bat izango da; beraz, eredu federal berri horren barruan egin daitezkeen aldaketa guztiak euskal gizartearentzat funtsekoa den tratuaren edo hitzarmenaren ezaugarri horiek betez burutu beharko dira.

Nazioarte mailako fiskalitatea transformazio sakonak bizitzen ari da; aldaketa horien aitzindariak ELGE eta EB dira. Nolako eraginak ditu prozesu horrek Ekonomia Itunaren arabera gure erakundeek dituzten ahalmenetan. Uste duzu Ekonomia Ituna erreferentea izan daitekeela autogobernu gehiago nahi duten beste estatu batzuetako beste erregio batzuentzat?

Ekonomiaren globalizazioaren eta zerga-plangintza erasokorraren sofistikazioaren ondorioz ELGEk gai horiei ekin beharra ikusi du estatu kideen zerga-oinarriak defendatzearen eta zerga-oinarri horien narriadura ekiditearen ondoreetarako. Europako Batzordea ELGEren gomendio horiek estatu kideek derrigorrez bete behar dituzten zuzentarauetan aplikatzen ari da. Batasun mailan eta baita mundu mailan ere neurri horiek hartzea ez da, nire ustez, Ekonomia Itunaren ahalmenen mehatxu moduan ikusi behar. Nik kontrara esango nuke, euskal ekonomia bezala hain irekia eta zabala den esparruan gure zerga-oinarriak bermatzeko eta esparru ekonomikoaren narriaduratik babesteko aukera bat eta zergen arloko bitarteko batzuk eskura edukitzeko eta informazioa trukatzeko abagunea direla.

Zerga-plangintza erasokorrak eraginak ditu toki mailako enpresa industrial euskaldun txikietan eta ertainetan; enpresa horiek ezin dira multinazionalekin lehiatu eta gehienetan kaltetuak dira eta, askotan, lehia itzela eta bortitza pairatu behar izaten dute.

Ondorioz, ELGEk eta Europar Batasunak hartzen dituzten neurri horiek baloratu beharko lirateke, zertarako-eta zerga-plangintza erasokor horrek euren zergak ordaintzen dituzten euskal enpresetan dituen eragin negatiboak arintzeko.

Jakin dakizu Ad Concordiam Elkartea 2000. urtean eratu zela, hau da, Ekonomi Itunaren hogeigarren urteurrena ospatzeko, hitzarmen berria negoziatzeko eta Ituna bera sustatzeko eta horren berri emateko Madrilera joan zinen urte berean. Azken boladan helburu hori bera duten beste gizarte-ekimen batzuk sortu dira, jendearen artean arrakasta lortzen ari direnak, adibidez Pedro Luis Uriartek sustatu duen Ekonomia Itunaren komunitatea. Zeintzuk dira Eusko Jaurlaritza arlo horretan garatzen ari den jarduketak eta, zure gaur egungo erantzukizunetik, aurreikusi al duzu beste jarduketa berririk?

Beste ezer esan aurretik eskerrak eman nahi dizkiot Ad Concordiam elkarteari elkarrizketa hau egiteko aukera eman didalako gobernuak ere, gizartean gaurkotasun handikoak diren, eta seguruenik ere hurrengo hileetan berdin jarraituko dute, gai hauekiko bere ideiak finkatzeko eta ezartzeko aukerak izan ditzan.

Izan ere Ekonomia Ituna eta bere ezaugarriak ezagutzera emateko eta euskal gizartean balorea emateko erronkari ekin diogu. Ondorioz, era oso positiboan baloratzen dugu egunera arte bai Ad Concordiamek eta baita oraintsuago beste ekimen batzuek ere egin duten lana, eta benetan eta berariaz Ad Concordiam elkartearen lankidetza estua izan nahiko genuke Ekonomia Itunaren errealitatea azaltzeko ahalegin honetan. Uste dugu hori egitea garrantzitsua dela eta, benetan, Jaurlaritzak eskerrak eman nahi dizkio Ad Concordiami Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzagatik.

Seguruenik irakurriko zenituen Aragoiko presidentearen adierazpenak. Irakurri egingo dizkizut: "Aragoiko presidenteak, Javier Lambánek, esan du gaur euskal kupoari dagokionez Espainiako Gobernuaren eta EAJ-PNVren artean lortu den akordioaren ondorioz erabat dela ezinezkoa gainerako komunitateekin finantzaketa autonomikorako hitzarmena lortzea".

Bere azalpen eta iruzkinekin jarraitzen du, amaitzeko hau esateko "aintzatetsi du benetan uste duela duda askorekin hasi zen erreformaren prozesuak orain, euskal kupoaren akordioarekin, behin betiko porrot egin duela".

Zein da Aragoiko presidentearen adierazpen hauei buruz duzun iritzia?

Erabat harrituta uzten naute eta ez dakit zergatik Lambánek horrelakorik esaten duen. Lehen ere esan dut jende askok ezjakitetik hitz egiten duela eta ezjakite horretan finkatzen dituela bere jarrera politikoak. Uste dut adierazpen horiek egiteko derrigorrez ezjakite itzela behar dela. Nire iritziz politika beste gauza bat da. Politiko bati eska dakiokeen gutxienekoa gainerakoen sistemak errespetatzea da. Guk gure geure sistema propioa daukagu eta errespetatu egin behar dute. Guk araubide erkideak duen elkartze-eredua errespetatzen dugu eta, horrexegatik, besteek gure sistema berezia errespetatzea eskatzen dugu.

Hortik abiatuta, adierazpenak pertsonen atala dira eta kasu honetan ez nago, inondik inora ere, horiekin ados.