Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

UNIBERTSITATETIK ITUN EKONOMIKOAREN IRAKASKUNTZA ARAUTUA HEDATU ETA HAREN PROIEKZIO AKADEMIKO INTERNAZIONALA BULTZATU BEHAR DUGU
Wednesday, 2 de December de 2015
Javier Muguruza

MIKEL ERKOREKA

MIKEL ERKOREKA
Mikel Erkoreka, Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiaren Researcher and Manager.

 

Kaixo, Mikel. Zure curriculumari begiratu bat eman ondoren, argi dago betidanik izan duzula interesa federalismo fiskalari buruzko gaietan eta, bereziki, gure sistema fiskal berezian. Noiz eta zergatik hasi zen idilio intelektual hori eta interes hori Ekonomia Itunarekin?

Beno, egia esan, ekonomia eta fiskalitatea Historiako ikasketekin hasi nintzenetik interesatzen zaizkit. Ezinezkoa da Historia ulertzea faktore ekonomikoa barneratu barik. Era berean, lotura zuzena dute zorrak eta fiskalitateak Estatu modernoen eraketarekin eta bilakaerarekin.
Ondoren, Historia Garaikideko Master amaierako lana egin nuenean, gaur eguneko krisi ekonomikoan geunden bete-betean murgildurik, eta atzera begiratzea erabaki nuen, 1929ko krisiak gure lurraldean izan zuen eragina aztertzeko. 1929ko krisiak Foru ogasunetan izan zuen eragina aztertzerakoan, ezinbestekoa zen Ekonomia Ituna jorratzea. Lan hura zela-eta, Doktorego tesiarekin hasi nintzen, eta are gehiago sakondu nuen bai arlo fiskalean bai Ekonomia Itunaren sisteman.

Krisitik krisira?

Horrelako zerbait, bai! (barreak)

Historialariaz gain, ekonomilaria ere bazara. Prestakuntza akademiko bikoitza eta Itun Ekonomikoa ikuspuntu bikoitz horretatik aztertzea, zure ustez, lagungarria izan zaizu kontzertu sistema hobeto ezagutzeko?

Bai. Nire ustez, ikuspuntu multidisziplinarra, oro har, aberasgarria da edozein ikasketa esparrutan. Beti ikusten da gehiago ikuspuntu batetik baino gehiagotik aztertzen baduzu zerbait. Itun Ekonomikoa ez da arau edo lege fiskal soila. Itun Ekonomikoa osotasunean ulertzeko, beste faktore asko aztertu behar dira. Soilik arlo fiskaletik eta finantzariotik aztertzen baduzu, kanpoan geldituko lirateke horiek bezain funtsezkoak diren beste esparru batzuk. Adibidez, ezin aztertu daiteke Itun Ekonomikoa errail politikoa txertatu gabe. Itun Ekonomikoa ez zen sortu bakarrik zergen arloko tresna gisa; gure foru autogobernuaren zati bati behintzat eusteko modua izan zen euskaldunontzat, eta foruen kontrako fronte “intransigentea” zatitu eta euskal gizartearen zenbait alderdi bereganatzeko modua izan zen Estatuarentzat. Baina gaur egun ere antzekoa da; Itun ekonomikoaren alderdi politikoa ezin bereiz daiteke zergen eta finantzen esparrutik. Gure egungo autogobernuaren oinarria da euskaldunentzat, eta lotura eta kohesiorako tresna Estatuarentzat.

Doktorego tesia bukatu berri duzu, izenburu hau duena: “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako finantza publikoak, Diktadura, 1929 krisi ekonomiko eta II. Errepublikaren garaian (1925-1937)”. Suitzarekin aldaraketa eta federalismo fiskalaren teoriari ekarpena”. Bi hizkuntzatan idatzi duzu, euskaraz eta ingelesez. Tesi horretan, Ekonomia Itunaren sistema aztertu duzu berau Bizkaian eta Gipuzkoan 1937an indargabetu zen arte; Araban, berriz, 1981era arte iraun zuen. Egungo itunpeko sistema oso desberdina da garai hartan izan zenaren aldean?

Erabat. Egia da terminologia bera errepikatzen dela eta funtsezko ezaugarriei eusten zaiela hala nola aldebakarreko arriskuari edo autonomia fiskal zabala baliatzeari, baita nolabaiteko bialdekotasunari ere, baina sistemaren funtzionamendua erabat desberdina zen.
1981era arte, kupoa finkoa zen, epeka negoziatzen zena, hau da, 8, 10, 20 urtera edo dena delakora, negoziazioen arabera. Negoziaturiko epean, berdina ordaintzen zen beti urtero. Epea bukatutakoan, kupoa berritu behar izaten zen. Barneko erakundeen esparruan, gogoratu behar dugu, gerrako epealdi laburrean izan ezik, ez zela Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde juridiko erkiderik izan. Esan liteke sistema sinpleagoa zela, hala planteatzen dut behintzat Tesian; egungo ikuspegitik, “arkaikoa”. Aldundi bakoitzak kupo finkoaren zati bat ordaindu behar zuen, eta gero nahi zuena egiten zuen, ia guztizko askatasunez, diru-kopuru hori ordaintzeko eta bere ogasuna eta zerga sistema kudeatzeko. Ia-ia inolako armonizazio eragozpenik edo mugarik gabe.
Egungo sistema askoz solidarioagoa eta sofistikatuagoa da, “ad intra” mailan nahiz “ad extra” mailan. Kupo finkoko sistemak, ezinbestean, desorekak sorrarazten zituen azkenean, onerako nahiz txarrerako. Batzuetan Estatuaren alde, eta beste batzuetan euskal ogasunen alde. Baina baita barne mailan ere, Aldundien artean. Ziklo ekonomikoaren edozein aldaketaren edo zerga-bilketan eragina zuen edozein kontingentziaren aurrean, kupoa finkoa zenez gero, ez zen doitzen, eta alde baterako edo besterako desorekatzen zuen balantza. Gauza bera esan daiteke arlo politiko-instituzionalean. Nire ustez, Eusko Jaurlaritzak egiten duen koordinazio eta bateratze lanak kohesionatu egin du foruen garaitik eta gutxienez 1937ra arteko iraun zuen kutsu konfederaleko erlazio sistema, non lurralde bakoitzak erabateko esparru autarkikoan jarduten zuen. Horrek eragina zuen ez bakarrik gure lurraldeko konfigurazio fiskalean, baizik eta esparru soziologikoan eta politikoan ere bai.

1929ko krisi ekonomikoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunetan izan zuen eragina ere aztertu duzu Tesian. Ba al dago antzekotasunik 1929ko krisiaren eraginaren eta kudeaketa publikoaren eta 2007ko egungo krisiaren artean?

Zalantzarik gabe. Master amaierako lana egiten hasi nintzenean, hain harrigarri iruditu zitzaidan, non Tesia egitera bultzatu ninduten arrazoi nagusienetarikoa izan zela. Orduko krisiaren eraginak eta erakundeen erantzunak antzekotasun argiak dituzte egungo krisiarekin. 1929ko krisiak modu desberdinean eragin zien hiru lurraldeei. Gipuzkoako enpresa txikien eta ertainen industria-sareak hobeto jasan zuen krisia Bizkaiko industria handiak baino. Araban, nekazaritza zen nagusi, eta krisi leunagoa jasan zuen. Bizkaia izan zen zalantzarik gabe kaltetuena, langabeziagatik nahiz krisi fiskalagatik. 
Erakundeek emandako erantzunari dagokionez, uste dut gure herrialdearen lehen krisi modernoa izan zela. Alde batetik, zerga-bilketaren hondoratzearen aurrean, erreforma fiskalak aplikatzea erabaki zuten Aldundiek, beren gastu sozialei eutsi edota are gastu hori handitzeko, baita politika anti-ziklikoak finantzatzeko ere, esate baterako, herri lanak martxan jarri eta enplegua sortzeko asmoz. Horrez gain, zorrera jo zuten masiboki. Ildo horretan, antzekotasun argiak antzeman ziren orduko eta oraingo Aldundien zerga eta aurrekontu politiken artean. Aukera hau baliatu nahiko nuke bi egoeretan Itun Ekonomikoaren funtsezko elementuetako bat argi eta garbi ikusten dela azpimarratzeko, hau da, alde bakarreko arriskua. Egoera onean nahiz txarrean, itunpeko erakundeek babak eltzetik atera behar dituzte beren baliabideak erabiliz hala nola erreforma fiskalak, zorra edo gastu publikoa, kanpoko laguntzen menpe egon barik. Eta hala izan behar du. Izan ere, alde bakarreko arriskurik ez balego, pribilegiatutzat jo liteke sistema eta ez zuen gaindituko, esate baterako, Europako “autonomia hirukoitza” deritzon test ospetsua.

Ederto. Beste herrialde batzuk jorratuko ditugu. Sakon aztertu duzu Suitzako federalismo fiskaleko sistema, itunpeko sistemarekin parekatuz. Zure ustez, konparagarria al da administrazio kantonalek eta Aldundiek gauzaturiko botere fiskala? Zertan dira berdinak? Zertan dira desberdinak?

Zaila da zehazki kuantifikatzen. Gerren arteko aldia (1918-1936) nahiz egungo sistema aztertu ditut. Antzina, nire ustez, antzekotasun handiagoak ematen ziren sistemen artean. Orain azalduko dut zergatik. Nolanahi ere, garai hartan nahiz gaur egun, uste dut Europa mailan botere fiskal handienetarikoa duten erakunde sub-estatalak direla kasu bietan, zalantzarik gabe, eta are gehiago, mundu mailan ere bai. Foru aldundiek edo kantoiek bezain besteko botere fiskala duten erakunde sub-estatalik aurkitzea zaila da, are eta tradizio federal luzeko Estatuetan ere. Paperean oinarrituz, diru-sarreren aurrekontua hartzen baduzu besterik gabe, esan liteke Foru aldundiek sistema fiskalaren tarte zabalagoa kontrolatzen dutela, administrazio kantonalek baino zerga-sorta handiagoa kudeatzen dutelako. Hemen BEZa kudeatzen dute Aldundiek, kantoiek ez bezala. Hala ere, Aldundiek muga armonizatzaile askoz ere zorrotzagoa jasaten duten. 1981etik hasita Estatuarekin adosturiko aurretiazko akordio armonizatzaileak harago, oso garrantzitsua izan zen Europar Batasunean sartzea. Horrexegatik, Foru aldundiek garai batean baino zerga gehiago kontrolatzen dituzte,  baina, oro har, arauak egiteko ahalmen txikiagoa eta horietan jarduteko marjina txikiagoa dute, kantoiek, haien zergekiko baino. Suitzaren kasuan, ez da prozesu hau eman. Egoera hori ezin estrapolatu daiteke Tesian aztertu dudan gerra arteko aldira. Izan ere, Aldundiek nahiz kantoiek jarduteko askatasun zabala zuten, ia-ia muga armonizatzaile gabe. Euskal lurralde bakoitza eta kantoi bakoitza mundu fiskal desberdin bat zen.

Beste herrialde batzuei helduta, bereziki kezkatzen gaitu Ekonomia Itunaren nazioarteko dimentsioak gero eta globalizatuagoa den mundu batean, non zergen administrazioek erronka berriari aurre egin behar dieten: harreman ekonomikoen nazioartekotzea eta desmaterializazioa. Zure ustez, prozesu horrek arriskuan jar dezake Ekonomia Ituna bezalako sistema, edo aukera izan daiteke?

Arriskatuko naiz esatera Itun Ekonomikoa, gaur egun, unerik onenetako batean aurkitzen dela. Baina inoiz ezin da jakin; hori ere egia da. Nork pentsa zezakeen 1936ko maiatzean, handik urtebete eskasera, Itun Ekonomikoa nahiz horren ingurune osoa gerra batengatik suntsiturik egongo zela? Inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen. Lehenbizi opor fiskalen gaiak ekarri zuen izualdiaren eta geroago Auzitegi Gorenak 2004an eman zuen epaiaren ondoren –Ekonomia Ituna “laminatu” zuena-, egoera iraultzea lortu zen, baikorrenek ere ezin imajina zezaketen moduan. 2002ko berriztapen mugagabearen, 2008ko Azoresko epaiaren eta haren deribatuek Ituna Europar Batasunean enkajatu ondoren eta neurri txikiagoan, barne kudeaketa erraztu zuen eta tirabira politikoak eta instituzionalak baretu zituen 2010eko blindajearen ondoren, Itun Ekonomikoaren egoera orekatu eta sendotu egin da. Zenbait sektorek uste zuten Espainia Europan sartzeak berekin ekarriko zuela foru araubideen amaiera, baina azkenean kontrakoa gertatu da.
Ildo horretan, eta aurreko newsletter batean Pedro Azpiazuri, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailburuari egin zenioten elkarrizketa plazara ekarriz, uste dut Itun Ekonomikoa bizirik jarraituko duela euskaldunok Ekonomia Ituna mantentzeko eta eguneratzeko borondatea dugun bitartean. Nire ustez, erakundeen esparruari dagokionez, gure kasua munduan kokatzeko izango dugun trebetasunaren eta diplomaziaren araberakoa izango da guztia.
Azken batean, globalizazioaren ondoriozko zerga erronkek berdin eragiten digute guri nahiz edozein Estaturi. Nazioarteko foroetan erabakiak hartzen parte hartzeko dugun gaitasunean datza desberdintasuna; izan ere, Estatuak mugatu egiten digu gaitasun hori.  Erronka zaila bada ere, jarraitu egin behar dugu esaten legitimitatea dugula nazioarteko foro fiskaletan parte hartzeko. Bigarren erronka gure kasua munduan kokatzea eta finkatzea da. Estamentu politikoak euskal kasua eta Ekonomia Ituna kokatu beharko ditu nazioarteko esparru politikoan, erakundeak esparru instituzionalean eta akademikoak esparru akademikoan. Funtsezkotzat jotzen dut Ekonomia Itunaren barne dimentsiotik kanpo dimentsiora zabaltzea. Gure kasua nazioartekotzeak badu arriskurik, bai, baina berme garrantzitsua ere izan daiteke barne esparrutik sistema presiopean jartzen den momentuerako. Hortaz, neurri handienean gure erantzukizuna da sistemak jarrai dezan eta gure gizartean egokitu dadin.

Oso ondo. Ea erantzun ona ematen dugun. Orain barne esparrura joko dugu. Alderdi politiko berriak sortzeak, azken aldian sortu diren VOX edo Ciudadanos bezalakoak alegia, zein neurritaraino izan dezake eragina gure autogobernu fiskalerako eta finantzariorako gure baliabidea gero eta gehiago eta indar handiagoarekin zalantzan jartzeko?

Ekonomia Itunaren kontrako diskurtso horiek, eta oro har foruen inguruko edozeinen kontrakoak, ziklikoak dira aspalditik, XIX. mendetik. Espainiako gizartearen zati batek beti jarri izan du zalantzan Itun Ekonomikoa; izan ere, ez dute ulertzen edo ez dute defendatzen Estatu “konposatuaren” ideia eta eredua. Horien ikuspegi zentralista legitimoa dela iruditzen zait. Baina hori bezain legitimoa da euskaldun gehienon iritzia itunean eta EAEren eta estatuaren arteko bialdekotasunean oinarrituriko autogobernu eredua defendatzerakoan. Ildo horretan, bi aldeetako edozeinek akordioa hausteak berekin ekar lezake domino-efektua. Lehen Itun Ekonomikoaren balio politikoa azpimarratu dut. Estatuarentzat, Itun Ekonomikoa tresna politiko oso baliagarria da euste-dike gisa posizionamendu edo prozesu jakin batzuen aurrean. Euskaldunon aldetik ere gauza bera esan daiteke, ordea. Estatuaren aldebakarreko edozein pausuk euskaldunok aldebakarreko bidetik jotzeko legitimitateari buruzko eztabaida piztuko luke. Itun Ekonomikoa, oreka eta kohesioren aldeko tresna da. 

Ederto. Gai berarekin jarraituko dugu. Andaluziako azken hauteskundeek agerian utzi dute alderdi politikoen espektroaren aldaketa. Zein eragina izan dute Ekonomia Itunean ia azken ehun urteko testuinguru politikoan, sozialean eta instituzionalean izandako aldaketek?

Ekonomia Itunaren bertuterik handienetako bat egoera desberdinetara egokitzeko gaitasuna izan da. Euskal kudeatzaile publikoei zor diegu meritua. Izan ere, XIX. mendetik eta gaur egunera arte ulertu izan dute, elkarren ondotik, sistema berritu eta ingurunera egokitu ezean, bere burua suntsituko zuela sistemak. Ildo horretan, oso trebeak izan garela uste dut.
Oso aldaketa garrantzitsua gertatu da euskaldunok Ekonomia Itunari buruz dugun ikuspegi publikoan. Nire Tesiak hartzen duen garaian, gizarteko esparru askok eta bereziki, demokraziarik gabeko egoera batean erakundean kontrolatzen zituen “elite ekonomikoak”, zerga gutxiago ordaintzeko tresnatzat jotzen zuten Itun Ekonomikoa. Nire ustez, ikuspegi hori erabat aldatu da gaur egun, politikagintzan nahiz gizartean oro har. Hala ez balitz, ez litzateke ulergarria izango, ez barrurantz, ez kanporantz begira. Gaur egun, baliabideen autokudeaketarako eta kudeaketarako tresna eraginkor gisa ulertzen da Ekonomia Ituna, eta halaxe defendatzen da, ez tresna “antisolidario” gisa.
Esparru instituzionalean, Itun Ekonomikoa Europan egokitzea izan da azken hamarkadetako gertaera nagusia. Europan sartzeak geure burua berriro kokarazi digu eta orain arte Estatu mailara mugatzen zen erlazioen esparrua, mundu mailara irekiaraztera derrigortu digu. Lehen ere aipatu ditugu eskaintzen zaizkigun aukerak eta arriskuak. Atzerako ikuspegian, uste dute opor fiskalek alde positiboa izan zutela, ezer positiborik atera badaiteke, hain zuzen ere, Europar Batasunetik neurri “korrektoreak” jasan genuen lehenengoetarikoak izan bait ginen. Buruan kolpe zuzen-zuzena jasan ondoren, berehala ulertu genuen Europatik zetorren erronka. Nolabait, indartu egin gintuen. Zerbait positiboa izan behar zuen… Baikorrak izan behar dugu beti!

Beno, azken aldian Ekonomia Itunaren aldeko ekimenak agertzen hasi dira. Zure ustez, gauza gehiago egin daitezke Euskaditik Ekonomia Ituna hobeto defendatzeko? Gauza gehiago egin behar al ditugu denon artean?

Uste dut beti egin daitekeela gehiago, bai arlo honetan zein beste askotan. Gehiago egiteak baliabide gehiago eta ahalegin handiagoak eskatzen ditu, jakina. Azken 10-20 urteetan gauza asko ondo egin dira. Aukera hau baliatu nahi dut Ad Concordiam elkarteak arlo instituzionaletik azken 20 urtean egin izan duen lana goraipatzeko. Arlo akademikoan eta unibertsitarioan, Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak (UPV/EHU) hamar urte baino gehiago daramatza gai hauen inguruko ikerketak bultzatzen Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin. Orain dela gutxi, ezaguna da Pedro Luis Uriartek eta bere laguntzaileek sustaturiko ekimena, gizarte frontea irekiz eta gizarteari parte harrarazi diona, kaleko jendeari, Ekonomia Itunaren alde egiteko.
Ardatza arlo akademikoan jarrita, ondoen ezagutzen dudan arloa baita, bi lan-ildotan sakondu daitekeela uste dut. Lehena hezkuntza da. Orain dela gutxi, hezkuntza fiskala unibertsitate aurreko ikasketetan sartzeko proiektua jarri dute martxan euskal erakundeek, Ekonomia Ituna ere barneratuz. Ekimena ona dela deritzot. Nire ustez, antzeko zerbait egin behar da unibertsitate mailan; Itun Ekonomikoa curriculum unibertsitarioan eta hainbat fakultatetako ikasketa planetan sartu behar da. Bigarrenik, aurreko erantzuna dela-eta, nire ustez bete beharreko erronka garrantzitsua dugu unibertsitatean, hau da, euskal kasua mundu mailako arlo akademikora zabaltzea. Kasu berezia gara, eta baliagarria izan daiteke bestelako kasu berezietarako inspirazio-iturri gisa; hala nola Europar Batasuneko finantzaketa ereduaren erreformarako ikasketa iturri interesgarria izan gaitezke. Nazioarteko zabalkunde hori oso garrantzitsua da, mapan jartzea, beste herrialdeek, hemen, bizirik eta martxan jarraitzen dugula jakin dezaten. Nazioartekotzea funtsezko ardatza da Itun Ekonomikoaren jarraipenerako.

Ildo horretan, doktorego ondoko ikerlari gisa ari zara lanean Euskal Herriko Unibertsitateko Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegian. Zein lan egiten duzue unibertsitateko ikerketa zentro horretan?

Hiru lan-ildo nagusi garatzen ditugu Agiritegian. Lehenik eta behin, dokumentazio zerbitzua dugu, non era guztietako albiste, prentsa, ikerketa artikulu, ikus-entzunezko baliabide, etab. biltzen ditugu, guztiak Ekonomia Itunarekin eta Foru ogasunekin lotuak. Horiek katalogatu, ordenatu eta datu-basea jendearen eskura jartzen dugu web gunean. Oraintxe bertan gai horrekin zerikusia duten 20.000 dokumentu baino gehiago daude webean. Bigarrenik, gai horien inguruko ikerketa bultzatu eta sustatzen dugu, graduko, doktoreko aurreko, doktore ondorengo, masterreko edo nazioarteko ikerlariei laguntza eta bultzada eskainiz. Hirugarren lan-ildoan, Ekonomia Itunaren eta Foru ogasunen gaineko jakintza zabaltzeko lana egiten dugu editatzen dugun Newsletter-en bidez, baita biltzarrak antolatuz eta beste elkarte eta erakunde batzuekin lankidetzan arituz, Ad Concordiam elkartearekin adibidez.
Orain bi lan-fronte berri zabaltzeko prozesuan gaude murgilduta: irakaskuntza eta nazioarteko proiekzioa. Arestian esan dudanez, uste dut funtsezkoa dela Itun Ekonomikoaren jakintza gaia hainbat fakultatetan sartzea. Ulertezina da EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateetan Ekonomia Ituna ez irakastea. Imajinatzen al duzu Madrilgo Zuzenbide Fakultatean Konstituzioa ez ikastea? Bada, hala gertatzen da hemen Itun Ekonomikoarekin. Bigarrenik, eta lehen esandakoarekin lotuz, lanean ari gara Itun Ekonomikoaren Agiritegia federalismoa aztertzeko nazioarteko zentroen sare nagusietan sartzeko, mundu mailako federalismo fiskalaren beste kasu gisa kokatzeko.
Etorkizunari begira, funtsezkoa izango litzateke Ekonomia Itunaren inguruko ikasketak unibertsitate Institutu batean finkatzea. Ikasketa konstituzionalei edo beste arlo askotako Institutuak dauden bezala. Nire ustez, administrazio ez akademikoek ez dute ulertzen horrelako proiektuek duten tamaina eta dimentsioa. Herrialde txikia gara. Nik nire kasuan ikusten dut. Pertsona bakar batek, edo gai baten inguruan trebaturiko pertsona talde txiki batek, gai hori ezagutarazten edo besterik gabe koadrilan, lagunen artean, etab. hitz egiten duenak asko sortzen du. Izan ere, ez gara 300 milioi lagun, 3 milioi lagun baino. 1981etik horrelako erakundea izan bagenu, ikerketak, bekak eta Tesiak aldian-aldian sustatzeko, lanak eta liburuak argitaratzeko, unibertsitatean eta eskoletan irakasteko eta prestakuntzaren eta zabalkundearen gurpil horretan jende berria sartzeko, askoz handiagoa izango zen Ekonomia Itunak jasoko lukeen babes akademiko eta soziala. Hortxe legoke benetako indarra Ekonomia Itunaren eta oro har gure autogobernu sistemaren alde egiteko. Ahaleginak mereziko lukeela deritzot…

Indartsuagoa izango litzateke arlo akademikoan eta sozialean. Eta politikoan ere bai, beraz. Ederto, Mikel, eskerrik asko. Plazerra izan da.

Eskerrik asko zuei!