Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

"30 URTEKO HARMONIZAZIO FISKALA EUSKADIN" JARDUNALDIAREN BALANTZEA
Tuesday, 28 de June de 2016

2019/07/19

 

Aurten 30 urte bete dira Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa sortu zenetik. Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren eginkizun nagusia da foru aldundien arteko harmonizazioa, koordinazioa eta lankidetza bultzatzea, zerga-eskumenak egokiro baliatzeari dagokionez, zerga-kudeaketaren arloan eraginkortasun handiagoa erdieste aldera. Erakunde arteko organo horren barruan, duela 30 urtetik hona, modu koordinatuan gauzatu dira funtsean harmonizaturik dauden foru zergen sistemak zehaztu dituzten zerga-eraldatze nagusiak.

EZKOren 30. urteurrenaren testuinguruan, uztailaren 19an jardunaldi bat egin zen EHUren Udako Ikastaroen barruan, eta bertan organo horren iragana, oraina eta etorkizuna aztertu eta eztabaidatu zen.

Jardunaldiko hizlariek nabarmendu zutenez, Euskadiko harmonizazio fiskalaren rolari ezin zaio norabide bakarreko ikuspegi batekin heldu; izan ere, abiaburu hori testuinguruan kokatu behar da, betiere abiaburu hori eskatzen duten eszenatokiak eta horietako bakoitzean lortu nahi diren xedeak kontuan hartuta. Horrek esan nahi du abiaburu horren edukia eta artikulazioa espezifikoa eta desberdina izango dela horietako bakoitzean. Horrela, gutxienez lau erlazio-alor bereizten ditugu:

– EAEren barneko agertokia.
– EAEko zerga-sistema foralen eta lurralde erkidearen arteko erlazioari dagokion bertako agertokia.
– Europar Batasunaren agertokia.
– BEPS osteko garaiaren agertoki globala.

Eremu horietan guztietan, Zerga Koordinaziorako Organoak beste esparru eta funtzionalitate bat du, abiaburu horren eraginkortasuna eta efizientzia bultzatze aldera, euskal zerga-sistemak gainerako zerga-sistemekin behar bezala erlazionatzen eta integratzen direla bermatzeko xedez.

Itunaren aplikazioaren lehen urteetan, bai zerga-administrazioek, bai mundu akademikoak, oro har, zerga-harmonizazioaren barne-dimentsioa garatzeari ekin zioten, eta hori zen arrazoizkoena eta beharrezkoena testuinguru horretan. 2000. urtera arte, gutxi gorabehera, foru sistemen eta lurralde erkidearen arteko harmonizazioan oinarritu zen eztabaida. Ondorik, EAEko barne planoa izan zen interesgune nagusia. Barne-harmonizazio prozesu hori gaur egun helduta eta finkatuta dago.

Une honetan, erronka nagusia nazioarteko kanpo dimentsiotik dator. Nazioarteko ikuspegia ezinbestekoa da XXI. mendean, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistemek jurisdikzio fiskal bat gehiago osatzen baitute Europar Batasunaren barruan eta zerga-mapa globala osatzen baitute; maila globaleko beste zerga-jurisdikzio batzuekin erlazionatzen dira, eta ekonomia globalaren esparruan garatzen diren jarduera ekonomikoak dituzten zergadunei aplikatzen zaizkie. Horregatik, zerga-harmonizazioaren, lankidetzaren eta harmonizazioaren abiaburuaren barne-dimentsioa nazioarteko dimentsioarekin osatu da azken hamarkadan, eta haren protagonismoa gero eta handiagoa da.

Amaitzeko, laburpen gisa, Jardunaldian planteatutako gai nagusietako batzuk laburbiltzeko balio dezaketen lau ondorio azpimarratu nahi nituzke:

1. Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren 30 urteen analisiak ondokoa uzten digu balantze gisa: organo horretan ordezkaturik dauden sentsibilitate instituzional desberdinen etengabeko uztarketa; izan ere, legealdiren batean, 4 alderdi politikok gobernatu dituzte alor horiek, funtsean desberdinak diren zerga-politikaren arloko ideiekin.

2. Autonomia Estatutuak EAEn duen eskumen harmonizatzaileak foru-lurraldeen eskumen fiskaletarako dakarren esku-sartzeari datxezkion tentsioak ‘ex ante’ ebatzi dira Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren baitan, eta, beraz, Eusko Legebiltzarraren “ex post” esku-hartzea ez da beharrezkoa izan denbora honetan guztian. Euskal erakundeek beraiek nahita saihestu dute esku-hartze hori, guztientzat traumatikoa izan daitekeelako.

3. Zerga-harmonizazioaren abiaburuaren nazioarteko dimentsioak –urteak dira jada harmonizazio horrek etorkizun izateari utzi diola, gure egungo errealitatearen parte baita, gero eta intentsitate handiagoarekin– hausnarketa eta konpromisoa eskatzen ditu euskal erakundeen aldetik, erantzukizunez aplikatu ahal izateko; horretarako, beharrezkoa da euskal erakundeen agendetan lehentasunezko gai gisa sartzea eta hari aurre egiteko behar diren bitarteko guztiak eskura jartzea.

4. Azkenik, zerga-sistemek, haien konfigurazioak, printzipioek, zergak kudeatzeko moduak, 2019ko zergadunek berek, orain bezero ere deitzen ditugunek, ez dute zerikusirik 1989koekin. Horregatik, desiragarria litzateke harmonizazio, lankidetza eta koordinazio fiskalaren lege-esparrua berrikustea, euskal ogasunok gure eskumenak garatzen ditugun egungo errealitatera egokitze aldera. Lan hori Eusko Legebiltzarrari dagokio, Estatutuaren aginduz, eta gomendagarria da berrikuspen hori foru ogasunen lankidetzarekin egitea, eta non hobeto Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan baino.