“USTE DUT ELKARTEAK EZINBESTEKO LANA EGIN DUELA“

JOSÉ RUBÍ

JOSÉ RUBÍ
José Rubí Ad Concordiam Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko presidentea eta
Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko idazkari orokor teknikoa.

 

Ad Concordiam Elkartearen 20. urteurrena den honetan, kontuan hartuta zu izan zinela Bizkaiko Foru Aldunditik sortzaile eta sustatzaileetako bat eta Elkartearen eguneroko martxarekin guztiz lotuta jarraitzen duzula, baloratuko al zenuke Elkarteak bere ibilbidean zehar bete duen eginkizuna? Zure ustez, bete al du sortu zenean zehaztu zen helburua?

Elkarteak guztiz ezinbestekoa den lan bat egin duela iruditzen zait. Beti pentsatu izan dut euskal administrazioek garatu beharreko jarduera esanguratsuenen artean egon beharko litzatekeela Ekonomia Ituna sustatu, hedatu eta dibulgatzea eta, beraz, beren ekintza-planaren parte izan beharko litzatekeela, une oro. Hainbat arrazoi ikusten ditut horretarako. Alde batetik, Ekonomia Ituna da euskaldunok historikoki izan ditugun eskubideen adierazpenik garrantzitsuena, gaur egun oraindik ere gozatzen jarraitzen dugun eskubideena, hain zuzen ere. Bigarrenik, Itunaren araubideak, zerga-federalismoko finantza-sistemen ikuspegitik, ezaugarri berezi batzuk ditu, nazioartean beste inon ez bezalakoak. Eta, azkenik, zoritxarrez, daukagun informazioaren arabera, euskal herritarren artean Itunaren gaineko ezagutza nabarmen hobetu daiteke, bai ikuspegi kuantitatibotik, bai kualitatibotik. Aurreko mendeko 20ko hamarkadan arduradun politiko euskaldun batek esaten zuen bezala, "ezin da maitatu ezagutzen ez dena". Hori guztia dela eta, gure finantza-sistema bereziaren gaineko pedagogia instituzionalizatuta egon beharko litzatekeela iruditzen zait.

Zure bigarren galderari erantzunez, nire ustez Elkarteak bere aletxoa jarri du pedagogia eta dibulgazioko lan horretan, bai bertan lankidetzan aritzen diren hiru erakundeei esker (Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea), bai Elkarteko jardueretan laguntzen duten pertsonen lanari esker. Hala ere, lankidetza hori, gogo onez eta eskuzabaltasunez egiten den arren, ez da nahikoa. Beraz, erakundeen ardura da lan hori garatzea, edo, gutxienez, osatzea.

Zure ibilbide profesionalaren zati handi bat Ekonomia Itunarekin lotuta egon da eta, oraindik ere, halaxe dago. Zeintzuk izan dira, zure ustez, unerik garrantzitsuenak lekuko pribilegiatu moduan bizi ahal izan dituzun guztien artean?

Bizkaiko Foru Aldundira sartu nintzenean 1983. urtea zen, Bilboko uholdeak pasatu berri. Harrezkero, Itunak euskal instituzioei ematen dizkien gaitasunak negoziazioen bidez garatu izan diren une ia guztiak bizi ahal izan ditut zuzen-zuzenean. Are gehiago, negoziazio horietako askotan euskal ordezkaritzaren parte ere izan naiz lantaldeetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean. Niretzat hori ohorea eta plazera izan da. Urteotan guztietan, poztasun une asko egon dira, bai eta kezkaz eta larritasunez betetako beste batzuk ere. Garrantzitsuenak iruditzen zaizkidan horiek aukeratu behar banitu, gure erakundeen gaitasun arauemailea areagotu dutenak azpimarratuko nituzke (1990. urtean, Sozietateen gaineko Zergan, eta 1997. urtean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan). Mugarririk esanguratsuena, nola ez, egungo Itunaren (2002koa) negoziazioa izan zen, bertan indarraldi mugagabea aitortu baitzitzaion Itunari. Ziurgabetasuneko uneen artean, bestalde, Auzitegi Gorenaren 2004ko abenduaren 9ko epai famatuaren ondorio negatiboak aipatu beharko lirateke, eta, nola ez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2008ko irailaren 11ko epaiaren bidez hartutako irtenbidea. Izan ere, azken horrek berariaz aitortu zuen Itunak erkidegoko araudia betetzen zuela. ECOFINeko lantaldeetan euskal ordezkariak sartzeko lortu zen adostasuna ere gogora ekarri nahiko nuke, euskal zerga-administrazioen asmorik errepikatuenetako bat burutu ahal izan baitzen. Azkenik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostasun bat lortu da, foru-erakundeek zorraren bidez finantzatzeko aukera izan dezaten. Adostasun hori bereziki garrantzitsua iruditzen zait, batez ere garai hauetan, kontuan hartuta aurrekontuen diziplina eta egonkortasuna baliatu izan dituela Estatuko administrazioak eskumen hori ukatzeko.

Lege-mailako kontzeptuak edo formulazio komunak alde batera utzita, esango zeniguke zer den zuretzat Ekonomia Ituna?

Definizio tekniko eta legezkoetatik harago, lehen galdera erantzutean aurreratu dizut, nolabait, zeintzuk diren Itunean gehien baloratzen ditudan adierazpenak. Lehenik eta behin, Euskadira lotuta dagoen izaera historikoa nabarmendu nahiko nuke. Izan ere, Ituna eskubide eta eskumen batzuen adierazpena da, baina, gaur egun aplikatzen den arren, gure historiaren barren-barrenera murgildu beharra dago haren jatorria ulertzeko. Ezaugarri horrek berebiziko balioa ematen diola uste dut, nahiz eta batzuek alderdi hori baliatzen duten zaharkituta dagoela-eta kritikatzeko. Bestetik, nazioartean indarrean diren zerga-federalismoetako edozeinekin ezin hobeto homologa daitekeen finantza-sistema da, baina, era berean, bakar eta ezberdin bihurtzen duten ezaugarriak dituena: alde bakarreko arriskua eta erantzukizuna, hain zuzen. Horrez gain, nazioartean begira eta begira ibilita ere, ez duzu aurkituko sistemarik non eskualde-mailako erakunde batek bere baliabide propioekin finantzatzen duen estatu zentrala. Badago beste ezaugarri bat ere, berezi bihurtzen duena: itundutakoa dela, hau da, diseinatu eta aplikatzen orduan, ezinbestekoa dela Euskadiko eta Estatuko erakundeen artean adostasuna lortzea. Ezaugarri hori da, hain zuzen ere, gure Elkartearen (Ad Concordiam) leloan azpimarratu nahi izan duguna, adostasuna, hitzarmena eta konkordia Ekonomia Itunaren nortasunaren funtsezko parte direla nabarmenduz.

Egungo demokraziako Ekonomia Itunaren negoziazioen zati handi bat aurrez aurre bizi izan duen teknikari banaketako bat ere bazara. Hori horrela, zein iritzi daukazu Itunaren gaineko negoziazioei buruz?

Nire ustez, Euskadiko eta Estatuko administrazioen arteko negoziazio-prozesuetan, Ekonomia Itunaren gaineko bi kontzepzio guztiz kontrajarri daude. Alde batetik, administrazio euskaldunen iritziz, Itunak zerga-administrazio osoaren izaera ematen die bere erakundeei, bai araudi-mailan, bai zergak aplikatzeko orduan. Bestetik, Estatuko administrazioaren aburuz, Ituna araubide pribilegiatu bat da, hots, araubide komunaren salbuespen bat, eta, beraz, modu murriztailean interpretatu behar da. Bi ideia kontrajarrien arteko talka horren ondorioz, negoziazioak konplikatuak dira, eta, beraz, euskal erakundeei eskumenen bat aitortzen zaien bakoitzean, lagapen onartezin moduan ulertzen da. Erabaki guztiak alde biko foro paritarioetan itundu behar direnez, eremu teknikoko adostasunak lortzea zaila da, eta, hori dela kausa, bulkada "politikoak" dira bidea markatzen dutenak. Badago beste aurreiritzi bat ere negoziazioak zailtzen dituena: Estatuko mugez harago doan edozein gai "nazioarteko harremanak" deritzen horren barruan sartzen direla ulertzen da, eta, hortaz, estatuaren eskumen esklusibo bilakatzen da. Azken aldian, arazo hori da Ekonomia Itunak aitortutako gaitasunak era egokian garatzeko oztopo handienetakoa, zergak aplikatzeko orduan. Izan ere, zerga-egitateak geroz eta gehiago gertatzen dira nazioz gaindiko harremanetan, eta nazioarteko akordioak geroz eta beharrezkoagoak dira.

Nire kasuan, Foru Aldundiko arduradun politikoak eduki izan ditut bete nire ondoan, bai eta erakundeko pertsona konprometituz osatutako talde bikain baten babesa ere. Horiek guztiek laguntza izugarria eman didate negoziazio-prozesuetan parte hartzeko orduan.

Zure ustez, ba al dago alderik zergen hitzarmenen gainean eta finantza-sistemen gainean egiten diren negoziazioen artean?

Bai, aldeak daudela iruditzen zait. Lehenik eta behin, nahiz eta ez den esanguratsuena, negoziazioren denborak ez dira berdinak izaten batean eta bestean. Zergei buruzko negoziazioetan, estatuko administrazioak hartutako erabakiek izaten dute eragina, zerga-figura berriak sortzen baitira eta adostu egin behar baitira. Halakoetan, gainera, zergak aplikatzeko orduan nahiz lotura-puntuak aplikatzean agerian geratzen diren beste arazo batzuei irtenbideak aurkitzeko ere aprobetxatzen da. Bestalde, finantza-harremanetan, negoziazio-prozesua aldian-aldian jartzen da martxan. Izan ere, kupoa, Itunak berak ezartzen duen bezala, bost urtean behin negoziatu behar da. Bosturteko lege horien indarraldian zehar, halaber, gai batzuk planteatzea suerta daiteke, konpondu beharrekotzat jotzen badira.

Hala eta guzti, ordezkaritza bakoitzak ogasunen gainean dugun kontzepzio ezberdinean datza, nire ustez, alderik garrantzitsuena, lehen ere azaldu dudan bezala. Zergen arloan foru-araubidea eta araubide komuna elkarren eskutik doazenez, Estatuko administrazioak itunen arloan planteamendu bat egiten duen bakoitzean, araubide komuneko autonomia-erkidegoen sistema hartzen du erreferentziatzat, eta, beraz, helburua beti da ahalik eta gutxien aldendu gaitezela azken horren egoeratik. Azken urteetan gertatu dena aztertuz gero, aise ikusiko duzu negoziazioa Autonomia Erkidegoen Finantzaziorako Lege Organikoko sisteman lagatako zerga-figurei buruzkoa bada, helburua, adierazi dizudan bezala, honako hau dela: lotura-puntua eta gaitasun arauemailea ez daitezela aldendu lagatako zergen gainean aldarrikatzen den horretatik. Aitzitik, Autonomia Erkidegoen Finantzaziorako Lege Organikoko sistematik kanpoko zergak badira, helburua gaitasun arauemailerik ez lagatzea da. Kupoan, bestalde, estatuko negoziatzaileek sistema hori pribilegiotzat jotzen dutela entzun behar dugu behin eta berriz. Ondorioz, helburua beti da Euskadik gehiago ordaindu dezala, beste edozein ideiaren gainetik.

Newsletter honetako beste elkarrizketatua Andoni Montes da, EHUko Ekonomia Itunaren Dokumentazio Zentrora sartu berri den ikerlari gaztea. Zentroa ondo ezagutzen duzu, Bizkaiko Foru Aldunditik ere bere jarduerekin lotuta egon baitzara. Zein sinergia sortzen dira Ad Concordiam eta Zentroaren artean? Zein espaziotan batzen zarete eta zentzutan bereizi?

Ad Concordiam Elkartearen jarduerak Zentroak garatzen dituen horien osagarri direla esango nuke. Zentroak, funtsean, interesdunei bitartekoak, dokumentazioa eta informazioa eskaintzen dizkie lan akademikoetarako edo ikerketetarako. Bestalde, Ad Concordiam Elkarteak dibulgazio-lana egiten du batez ere, eskaintzen duen informazioak beste herritar batzuengana iristea baitu xede. Alde batetik, oinarrizko informazioa eman nahi die, ulertzeko modukoa, lehenengo aldiz Ekonomia Itunera hurbiltzen diren horiei. Halaber, Itunaren gaineko ezagutza urria dutenei informazioa osatzen ere laguntzen du. Bestalde, egunean eduki nahi ditu bi administrazioen koexistentziarekin egunero aritu behar diren profesionalak. Horretarako, informazioa ematen die justizia-auzitegien edo administrazio-organoen epaiei buruz, Arbitraje Batzordeko ebazpenei buruz, edo, are, Itunaren gaineko doktrina zientifikoari buruz.

Dibulgazio-lan horretan, noski, biok bat egiten dugu. Hala, elkarlan estuan aritzen gara, konferentziak, jardunaldiak nahiz mintegiak antolatzen Ekonomia Itunaren historiari, diseinuari edo aplikazioari buruzko gaietan.

20 urte bete ditu. Zein une nabarmenduko zenuke Ad Concordiam-ekin bizi izan dituzun guztien artean?

Elkartea martxan egon den 20 urteen barruan hainbat une interesgarri egon dira, baina horietako bat azpimarratu beharko banu, zalantzarik gabe hasierara jo beharko nuke, hori sortzeko ideia piztu zen unera, artean 1981eko Itunaren indarraldia amaitzen ari zela. 2001ean, "Foru Ogasunaren 500 urte" erakusketa diseinatu eta martxan jarri genuen. Hala, Bizkaiko Lurralde Historikoa, bertako herritarrak eta erakundeak prestatu nahi genituen, arrakasta-berme egokiekin, une hartan aurrean genuen berrikuntza-prozesuari aurre egiteko. Era berean, herritarrek Ekonomia Itunaren oinarrizko garrantziaren gaineko kontzientzia berreskuratu zezaten ere saiatu ginen. Esperientzia oso atsegina izan zen, baita dibertigarria ere, besteak beste El Cajón taldeko kideen lanari esker. Sortzaileen talde horrek, izan ere, forma atsegina eta ulergarria eman zien normalean herritarrei helarazteko zailak izaten diren gaiei. Oraindik ere, laguntasun handia daukagu beraiekin.

Eta, azkenik, Ekonomia Itunaren eremuan zein gurari ikusi nahiko zenuke beteta zure etapa profesionala amaitu baino lehen?

Ekonomia Itunaren erronka gaur egun nazioartean dagoela esango nuke. Ibilbide bat hasi dugu, ECOFINeko lantaldeetan euskal ordezkariak sartuta, baina ibilbide hori hasi baino ez da egin. Foru-ogasunei eskubidea aitortzen zaiela ikusiko nahiko nuke, hau da, naturaltasunez sartu eta parte hartzen dutela nazioartean, eta, bereziki, Europan garatzen ari den zerga-ordena berria eraikitzeko prozesuan. Nago zaila izango dela nire nahia betetzea, ez ezinezko helburu bat iruditzen zaidalako, ezpada lorpen handiak prozesu luze eta neketsuen emaitza izaten direlako. Ondorioz, bide horretan nire aletxoa jarri izanarekin konformatuko naiz.