Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

GAURKOTASUNA

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak alde batera utzi ditu desadostasunak eta jokaleku berria adostu du 2017-2021 bosturtekorako

Atzo, maiatzaren 17an, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa bildu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren ordezkaritzek erdietsi zituzten akordioak sinatzeko. Akordio horiek Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa den Cristóbal Montorok eta Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailburua den Pedro Azpiazuk sinatu zituzten. Horrela, amaitu egin dira azken hamar urteetan alde bietako harremanetan finantza arloan eragin kaltegarriak izan dituzten desadostasunak eta ziurgabetasunak.
Ministerioak Madrilgo Alcalá kalean duen egoitzan egin den batzar horretan, Batzordearen kideek bileraren akta sinatu dute. Akta horretan, 11 akordio jasotzen dira, eta horietarik ondoko hauek dira aipagarrienak: kupo likidoaren berrikuspena (euskal ordezkariek luzaroan eskatu izan dutena) eta Egunerapen Indizearen berrikuspena (Estatuaren administrazioak galdegin duena); bi horiek 2007ko urtea dute oinarri. Akordio hori oinarritzat hartuta, 2011tik 2015era arteko kupoak behin betiko likidatzeko baliatu behar diren kopuruak eta neurriak ere itxi dira; era berean, 2016rako behin-behineko kupoa zehazteko zenbatekoak ere zehaztu dira, kupo hori maiatzaren 30ean likidatuko baita.
Horrela, desadostasunak albo batera utzi ondorik, 2017. urteko behin-behineko kupoari dagozkion kopuruak ere adostu dira. Kupo hori izango da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoak 2017-2021eko bosturtekoan Estatuaren gastu orokorrei egingo dien ekarpenaren oinarria. Hala ere, aplika daitekeen metodologia bosturtekorako lege berrian sartuko da eta Parlamentuaren onespean jarri beharko da, Ekonomia Itunaren Batzorde Misto berri batean adostu ondoren. Batzorde hori heldu den uztailean batzartuko da.
Arestion azaldutakoaz gainera, honako gai hauek ere adostu dira: alde batetik, MERCEDES BENZ, SAren operatiba-aldaketaren zerga-ondoreak aztertzeko lantaldea eratzea, eta bestetik, Estatuaren Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunaren arloan sinatu dituzten akordioak berresteari ekitea, EAEk defizit eta zor alorretan dituen helburuei doakienez.
Honako hauek izan dira Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariak: Pedro Azpiazu (Ogasun eta Ekonomia sailburua), Josu Erkoreka (Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua), Ramiro González (Arabako Diputatu Nagusia), Unai Rementeria (Bizkaiko Ahaldun Nagusia), Markel Olano (Gipuzkoako Diputatu Nagusia) eta Juan Miguel Bilbao (Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza-Politikarako sailburuordea). Bestalde, ondokoak izan dira Estatuaren Administrazioaren ordezkariak: Cristóbal Montoro (Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa), José Enrique Fernández de Moya (Ogasuneko estatu-idazkaria), Alberto Nadal (Aurrekontu eta Gastu arloko estatu-idazkaria), Roberto Bermúdez de Castro (Lurralde Administrazioetarako estatu-idazkaria), Juan Ignacio Romero (Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusia) eta Belén Navarro (Autonomia eta Toki Finantzaketarako idazkari nagusia).

Prentsa-berriak

Ituna komunikabideetan gaiari buruzko jardunaldia

Joan den apirilaren 6an Ekonomi Ituna komunikabideetan gaiari buruzko jardunaldia egin zen Bizkaia Aretoan; antolatzailea Ekonomi Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Zentroa izan zen eta EHU/UPVko Zuzenbide Publikoko Departamentuko Finantza eta Zerga Zuzenbidearen Ataleko lankidetza izan zuen. Jardunaldien hasieran José María Iruarrizagak, Bizkaiko Ogasuneko diputatuak, eta Patxi Juaristik, EHU/UPVko Bizkaiko Kanpuseko erretoreordeak, esku hartu zuten; bi hizlariek Ekonomi Itunak autogobernuaren giltzarri moduan duen garrantzia eta euskal gizartearen bidez sustatzearen eta zabaltzearen beharrizana azpimarratu zuten.

Ostean jardunaldietan parte hartu zuten Pedro Luis Uriarte jaunak, Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko sailburu ohiak, 1981ean Ituna lehengoratzearen protagonista izan zenak, eta Luis de Guezala jaunak, Sabino Arana Fundazioko kidea denak, Ekonomi Itunak 1878 eta 2002 urteen arteko idatzizko prentsan duen tratamenduaren analisia egin zuenak. Beste alde batetik, Ekonomi Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Zentroko kudeatzaile zientifikoa den Aritz Ipiña Bidaurrazaga jaunak Zentro horri buruzko esku hartzea egin zuen; ordea, Joseba Agirreazkuenagak, EHU/UPVko katedradunak eta Eduardo J. Alonso Olea doktoreak, 1917 eta 1919. urteen artean euskal Diputazioek autonomiaren alde garatu zuten mugimenduan sakondu zuten.

Jardunaldietara 117 pertsona joan ziren; euren artean Zerga Zuzenbideko ikasleak, kazetariak, Bizkaiko Foru Ogasuneko arduradunak eta enplegatuak eta oro har Ekonomia Itunean interesa duten herritarrak.

Auzitegietako doktrina

Auzitegi Gorenak, 2016ko abenduaren 13ko bere Epaian, ondasun-emate moduan kalifikatu du mota honetako kontratua: erakunde batek, bere bezeroen eskura erregaiaren hornidura jartzen duenean hirugarren baten instalazioetan, aldez aurretik emate hori lehen horren bezeroekin hitzartu ondoren. AEATk ukatu egin zuen komisiodunari erregaiaren aurretiazko eskualdaketa egiten zitzaionik eta baieztatu egiten zuen eskualdaketa hori bakarrik gertatzen zela hornitzailearen eta amaierako bezeroen artean eta, ondorioz, bere iritziz komisiodunaren eta azken horien arteko erlazioa (horiei kreditu-txartel bat ematen zitzaien hornidura ordaintzeko) finantza izaerako zerbitzuen prestaziotzat jo behar zen, Hitzarmen nafarraren ondoreetarako subjektu pasiboaren zerga egoitzan kokatutakoa, lurralde erkidean.
Azkenik, Auzitegi Gorenak, 2017ko urtarrilaren 31eko bere Epaian, berretsi egin du aurreko bere doktrina eta baieztatu egiten du merkaturatzea egiten duenak CLHren jabetzako biltegietatik egiten duen ematea biltegi horiek kokatuta dauden lurraldean kokatutzat jo behar dela eta ukatu egiten du honetan Rover kasuan, 2011ko apirilaren 13ko Epaian, eman zen doktrina aplika daitekeenik.
Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Epaia eman du joan den azaroaren 22an. Epai horren bidez baieztatu egiten du Lurralde Historikoek arau erkidean ezarrita dagoenarekiko bereizia den erantzukizun solidarioko araubidea erregulatzeko ahalmena dutela. Ahal hori dute kasuan kasuko lurraldeen barruan euren zerga-araubide propioa mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko foru eskumena dutelako.

Joan jurisprudentziara

Euskal Zuzenbide Zibilaren alderdiak

Euskal Autonomia Erkidegoko zergei buruzko Zergak aldizkariaren azken aleak ekainaren 25ko 5/2015 Legearen bidez gertatu den euskal zuzenbide zibilaren zabalkuntzaren eta aldarazpenaren zerga-ondorioak aztertu ditu. Javier Armentia Basterrak horren garrantzia aztertzen du Reflexiones sobre la incidencia del derecho civil vasco en el ámbito tributario izenburua duen bere artikuluan. Beste alde batetik, ale horretan José Rubík Euskadiko toki erakundeei buruzko Legearen onespenari eta bitartekoen mailan kasu guztietan araubide erkideko legeriaren aplikazioagatik bidezkoa izango litzatekeena baino txikiagoa inoiz izango ez den euskal udalen berme-betetzeari dagokionez.

Joan doktrina zientifikora

2017ko martxoaren EiTB Focus inkestak Ekonomia Itunari buruz galdetu die EAEko biztanleei

Gehienek entzun izan dute zerbait Ekonomia Itunari buruz, baina ez dute zehatz-mehatz ezagutzen. Horixe da EiTB Focus azterketa soziologikoak ateratako ondorio nagusienetako bat. Hala, azterketa horretan EAEko biztanleriak Ekonomia Itunari buruz duen ezagutza-maila eta iritzia aztertu dira.
Gizakerrek Euskal Irrati Telebistarako egin duen inkestaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 75k badaki zerbait Ekonomia Itunari buruz. Aurreko inkestetan, erantzun positiboak % 50 ingurukoak izan ziren.

Inkestaren emaitzak

Ekonomia Itunari buruzko jardunaldia hurrengo apirilaren 6an

Ekonomi Itunaren eta Foru Ogasunen Agiritegiak urtero antolatzen duen jardunaldian Ekonomia Ituna jorratuko da, baita bertan dauden komunikazio-baliabideak ere. Gainera, aditu ospetsuez gain, Comunidad del Concierto-Gure Kontzertua ekimen berriaren bultzatzailea den Pedro Luis Uriarte Santamaríak esku hartuko du. Ohikoa den bezala, jardunaldia Bizkaia Aretoa eraikineko Mitxelena Aretoan izango da.

Egitaraua

Ad Concordiamek nazionalismoen eta finantzaketa autonomikoen sistemen arteko erlazioei buruzko tesi bat argitaratu du ingelesez

Duela gutxi burutu den tesi berri baten argitalpenarekin hazi egin da Ad Concordiam Elkartearen tesien bilduma. Kasu honetan osorik ingelesez idatzita dagoen tesia da, hain zuzen ere finantzaketa sistemek asmo nazionalistak dituzten alderdien agendetan dituzten eraginetan eta baldintzetan sakontzen duena. Tesian era berezian aztertzen dira Kataluniako Convergència i Unió alderdiaren eta Euskadiko EAJ-PNV alderdiaren kasuak.
Tesiaren egilea jatorri eskoziarra duen Caroline Gray doktorea da eta alderdi nazionalista euskaldunen eta katalanen lurralde-proposamenen bilakaerari buruz Liverpooleko Unibertsitatea burutzen ari den ikerkuntza-proiektu zabalago baten barruan kokatzen da. Tesiak trantsiziotik, bereziki 90eko hamarkadatik, egunera arte batez ere alderdi nazionalisten ibilbidean eragina izan duten faktore ekonomikoak, politikoak eta sozialak ikertzen ditu. Azterketaren metodologiaren oinarria alderdi batzuetako politikari adierazgarri batzuei eta horien aholkulariei, eta baita funtzionario batzuei ere, egindako elkarrizketak dira; gehienak gobernu autonomikoetakoak dira baina Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez Foru Aldundietakoak ere agertzen dira. Protagonista horiek 80ko hamarkadatik aurrerako finantzaketa autonomikoko sistemei lotuta dauden negoziazio guztiak eta negoziazio horien inguruko dinamika politikoak aztertzen dituzte.

Argitalpenetara joan

Auzitegi Gorenak baieztatu egin du ZLO administrazioko prozedura erkidean arau moduan aplikatzea eta ezetsi egin ditu foru administrazioaren lurraldez kanpoko jarduketak

Auzitegi Gorenak Bizkaiko Foru Aldundiak defendatu dituen planteamenduen aurkako bi epai eman ditu oraintsu. Lehenbizikoa joan den ekainaren 24an eman zuen eta horren bidez ezetsi egin zuen uztailaren 5eko 515/2013 Errege Dekretua deuseztatzeko ustea; dekretu horren bidez Europar Batasuneko zuzenbidea ez betetzeagatiko erantzukizunak zehazteko eta jasanarazteko irizpideak eta prozedurak erregulatzen dira. Ezetsi egin du arauzko xedapenaren testuan ez delako agertzen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen foru singulartasuna berariaz zaintzen duen klausula bat, aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren aplikazioaren ondoreetarako. Bigarrena ekainaren 29an eman zuen eta ezetsi egiten du zergen arloko foru administrazioak eskumenik duenik bere lurraldearen esparrutik kanpo informazio-errekerimenduak egiteko, eta baieztatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2015eko otsailaren 3ko bere epaian eman zuen irizpidea.
Beste alde batetik Auzitegi Gorenak Zergei buruzko Lege Orokorraren prozedura erkidearen arau-izaerari dagokionez instantziako doktrina baieztatzen duten epaiak jaulkitzen jarraitzen du, eta autolikidazioaren bidez hasi ziren prozedura batzuen markoan burututako jarduera ekonomikoen etekinen berrikuspen-jarduketak deuseztatzeko modukoak direla ezartzen dute eta mantendu egiten dute prozedura hori ez dela egokia eta beharrezkoa dela frogaketa mugatuko prozedura erabiltzea (Auzitegi Gorenaren ekainaren 29ko epaia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2016ko urriaren 6ko Epaia).

Joan jurisprudentziara

Arbitraje Batzordearen erabakia, Autonomia Erkidegoaren barruko erakunde-antolakuntzari dagokionez PSEk aurkeztu duen lege-proposamenari buruzkoa

Euskal Autonomia Erkidegoko Arbitraje Batzordeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta, halaber, Arabako Batzar Nagusiek planteatu dituzten eskumenei lotuta dauden gaiei buruzko bere iritzia eman du Partido Socialista de Euskadi alderdiak sustatu duen "Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko erakunde-antolakuntzari buruzko lege-proposamenari" dagokionez; Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu zuen proposamen hori joan den 2015eko azaroaren 12an eta Eusko Legebiltzarraren 2015eko azaroaren 25eko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Erabakiaren analisiarekin idazki honi erantsi zaion agirian ondorioztatzen den bezala (Bizkaiko Foru Aldundiaren legelari burua den Jose Luis Etxeberria Monasterio jaunak eta erakunde bereko legelaria den María Barrena andreak eginda dagoena) Arbitraje Batzordeak, batzordeburua eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenaren lehendakaria denaren aurkako botoarekin, funtsean onetsi egiten ditu hiru lurralde historikoetako foru aldundiek lege-proposamenari dagokionez sustatu dituzten gaiak eta adierazi du bere artikuluetako asko ez datozela bat Erkidegoaren eta Lurralde Historikoen erakundeen arteko eskumenen banaketarekin.

1/2016 Erabakia
Erabakiaren analisia

Bueltaka Kupoa dela eta ez dela

Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas-ek argitaratzen duen Working-Papers-en EC serieko 2-2014 zenbakiak Antoni Zabalzak eta Julio López Labordak sinatzen duten lan bat kaleratu du. Lanak "The Uneasy Coexistence of the Spanish Foral and Common Regional Finance Systems" titulua du eta bertan ondorio moduan adierazten dute Kupoa gobernu zentralaren eta kasuan kasuko erregioaren arteko nibelazio-transferentzia kalkulatzeko zeharkako era bat baino ez dela; horrela, gastu-beharrizanak era sendoan neurtzen badira sistema osorako kupoa kalkulatzeko forma erabat da neutrala. Autoreen iritziz kupoa kalkulatzeko burutzen den inputazio-prozeduraren emaitzako abantaila ekonomikoa gertatzen da eta uste dute hori bidezkotuta dagoela kasuen %60tik gorakoan araubide komuneko erkidegoekiko eskumenen diferentziengatik.

Joan doktrina zientifikora