Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

GAURKOTASUNA

Zergei buruzko Foru Arauen blindajeari dagokionez Konstituzio Auzitegiak eman duen epaiaren iruzkinak

Zergen arloko foru arauen "blindajea" deritzonaren konstituzionaltasuna baieztatuz Errioxa eta Gaztela-Leon autonomia erkidegoek planteatu zituzten errekurtsoak ezesten dituen Konstituzio Auzitegiaren joan den ekainaren 23ko epaiaren analisia hasten da. Iñaki Alonso Arcek, joan den uztaileko Forum Fiscal-eko 222. zenbakian epaiaren edukiaren balorazio positiboa egiten du "El Concierto Económico y la Constitución" izenburua duen bere artikuluan, nahiz eta, berak esaten duen bezala "egia da, bai, eragozpen batzuk plantea ditzakegula bere oinarri juridikoaren atal bati dagokionez...".

Carta Tributaria-ko Kontseilu Aholkulariak gai horri buruzko editorial bat egiten du abuztuko bere zenbakian, kasu honetan "La competencia del Tribunal Constitucional sobre las normas forales fiscales de los territorios históricos vascos" tituluarekin. Editorial horren barruan adierazten du Auzitegiarentzat "ez zela erraza izango gaur ezagutu dugun epaia idaztera iristea. Eta ez zitzaion erraza egingo idatzi duen moduan idaztea: aho batez. Arrazoia argia da: ez gaude hertsiki juridikoa den arazo baten aurrean. Foru arautegian sartzen garen kasu guztietan gertatzen den bezala atzealde politiko konstituzionalak lehen mailako garrantzia hartzen du eta, ondorioz, erabat baldintzatzen du eztabaida juridikoa. Gure Auzitegiak eman duen irtenbidea foruen defentsa da marko hertsiki konstituzionalean".

Joan doktrina zientifikora

Bizkaiko Zerga arloko Foru Arau Orokorra Konstituzio Auzitegian

Auzitegi Gorenak, joan den maiatzaren 30eko autoaren bitartez, Auzitegi Gorenari epaitu aurreko arazoa planteatzea erabaki du, Auzitegi horren Lege Organikoaren Bosgarren Xedapen Gehigarrian xedaturik dagoenaren itzalpean. Xedapen hori 1/2010 Lege Organikoaren bidez sartu zen, eta Foru Arauen "blindaje" legez ezagutzen da.
Auzitegi Gorena konstituzio-kontrakotasun arazoa planteatzera daraman arrazoia ondoko hau da: Bizkaiko ZAFAOren 102. artikuluaren 1. idatz-zatiaren azken paragrafoan xedaturik dagoenaren baliozkotasunaz planteatzen den zalantza, sei hilabeteko iraungitasun-epetik salbuetsi egiten baitira aitorpen edo autolikidazio bidez hasten diren prozedurak. Horrek zaurtu egin dezake Ekonomia Itunaren 3. artikuluaren a) letran jasotzen den harmonizazio-araua, zeinek, zerga arloko arautegiari dagokionez, Zerga arloko Lege Orokorraren terminologiari eta kontzeptuei egokitzeko galdegiten baitie Lurralde Historikoei.
Kasu honi doakionez, zerga arloko administrazioak, autolikidazio bidez hasitako prozeduraren esparruan, agindeia egin zion zergadunari eta likidazioari ekin zion sei hilabete igaro ostean; horren ondorioz, datuen egiaztapenaren prozedurarako ZALOn ezarririk dagoen iraungitasun-epea aplikatuz gero, zerga-zorra zehazteko administrazio-ahalaren egikaritzaren preskripzioa gertatuko zen, eta gauzatutako likidazioaren deuseztasuna eragingo zuen horrek.
Auzialdiko Auzitegiak, berriz, 2015eko irailaren 23an eman zuen epaian, ez zuen ezelako legezkontrakotasunik ikusi ZAFAOn biltzen diren prozeduren araupeketan, eta berretsi egin zuen, funtsean, zerga arloko administrazioaren jokabidea.
Konstituzio Auzitegiak hartzen duen erabakia aukera ezin hobea izango da, betiere Ekonomia Itunaren indarreko idazketarekin bat etorriz, Lurralde Historikoen arau-ahalmena ukitzen duten mugak zehazteari eta arlo horretan Estatuaren arautegitik aldentzeko ahalbideei buruzko zalantzak argitzeko.

Epaiaren testua

Konstituzio Auzitegiak foru arauen “blindajea” bermatu du

Zergei buruzko foru arauen berrikuspena Auzitegi Gorenaren jurisdikzioari gordetzen dion otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoaren baliotasun konstituzionala dela bide, Konstituzio Auzitegiak, ekainaren 23ko epaian, erabaki du oso-osorik ezestea Konstituzioko hainbat artikuluren ustezko arau-hausteak, errekurtsogile diren Errioxa eta Gaztela eta Leon autonomia erkidegoek alegatutakoak.

Konstituzio Auzitegiaren epaia

Inportazioaren gaineko BEZaren likidazio-sistema berrian BEZa ezartzeko kokalekuari buruzko arauen eta bereizkeriaren gaineko epaiak eta doktrina

Auzitegi Gorenak, otsailean, zenbait ondasun-emateren kokalekuaren gaineko bi epai eman ditu. Aipaturiko epai horietan, Rover auziaren ebazpenean izandako irizpideak berrikusi egiten dira nolabait. 2016ko otsailaren 3an emandako lehenbiziko epaian, Nafarroako Hitzarmenaren Arbitraje Batzak aldez aurretik emandako argudioei jarraituz, hauxe zioen Auzitegi Gorenak: gasa eroslearen instalazioetan sartzen den unean gertatzen dela gasaren jabetzaren eskualdaketa. Horregatik, komertzializazioaren jardueran, kontagailua dagoen tokian ulertu behar da jarri dela gasa bezeroaren esku. Bigarren epaian ere, otsailaren 9koan, Ekonomi Itunaren Arbitraje Batzaren irizpidea berresten du Auzitegi Gorenak. Horren arabera, merkaturaturiko erregaia ematen den tokia da gordailu fiskala, hain zuzen erregaia eskuratzaileen eskura jarri den tokia eta, beraz, horixe izango da eragiketaren kokalekua BEZaren ondorioetarako.

Bi epaioi dagokienez, Gorka Garitaonandiaren lan bat dakar Forum Fiscal aldizkariaren 216. zk.ak ("Jurisprudentzia aldaketa Auzitegi Gorenaren doktrinan "Rover" epaia dela eta. Aduanakoa ez bestelako gordailuaren araubidea 2016an"). Lan horretan, Auzitegi Gorenak aipaturiko ROVER epaia eman zenetik zergaren kokalekua ezartzeari buruzko irizpideetan izandako bilakaera aztertzen du. Bestalde, Iñaki Alonso Arcek, aldizkari berean, otsailaren 9ko epaiaren analisia hartzen du ardaztzat, bere artikuluan: "Merkaturatzaileek energi produktuak ematea eta Rover epaia: ikuspegi berria Disa epaiaren ondotik".

Azkenik, Auzitegi Gorenak, otsailaren 9ko epaian, zuzenbidearen kontrakotzat jo du abenduaren 19ko 1073/2014 Errege Dekretuak dakarren araudia. Hori dela bide, honako aukera hau ezarri da: inportazioaren gaineko BEZaren kuotak sar daitezkeela autolikidazioa egitean, aurreko sisteman ez bezala. Izan ere, sistema horretan inportazioaren gaineko BEZa AEATen ordaindu behar zen aduanan eta epealdiko autolikidaziora arte itxaron konpentsazioaren edo itzulketaren bidez berreskuratzeko. Auzitegi Gorenaren aburuz, bereizkeria da zerga soilik foru ogasunetan ordaintzen dituzten zergadunentzat, sistema berritik baztertuta gelditzen baitira. Aitor Orenak sakonago aztertu ditu epaiak dakartzan argudioak, aipaturiko Forum Fiscal aldizkariaren zenbaki bereko "Bereizkeria inportazioaren gaineko BEZan" artikuluan.

Joan Jurisprudentziara

Joan Doktrina Zientifikora

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berriz ezetsi ditu Gipuzkoan 2008ko Ondarearen gaineko Zerga deuseztatzeko demandak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2008ko Ondarearen gaineko Zerga mantentzeko hartu zuen erabakiak, horrela Lurralde Historiko hori bakarra zen estatuan zerga-figura hori mantentzen, hainbeste errekurtso eragin zituen. Errekurtso horietan erabaki hori konstituzio-kontrakoa zela argudiatzen zen berdintasunaren oinarria hausten zuelako eta, halaber, baita Ituneko zergen arloko egitura orokorra eta harmonizazio eta koordinazio arauak mantentzeari buruzko 3. artikuluan ematen diren oinarriak ere.

Behinola Euskal Autonomia Erkidegoko JANko Administrazioarekiko Auzien Salak osorik ezetsi zituen errekurtso horiek. Hori gorabehera Konstituzio Auzitegiak bere ebazpenak deuseztatu zituen horien aurka formulatu ziren babes-errekurtsoak onetsiz, bere iritziz demandatzaileen benetako babes judizialaren eskubidea hausten zelako, legezko testu gorenaren 24. artikuluan ematen den konstituzio-oinarria, ez zuelako motibazio nahikorik aurkitu auzialdiko Auzitegiak konstituzio-kontrako arazoa ezesterakoan.
Prozedurak berriz itzuli zitzaizkion Justizia Auzitegi Nagusiari eta Auzien Salak berriz ere hasieran ebatzi zuenaren ildotik ebatzi du; dena dela, bere argudioak eman behar izan ditu Ituneko 3. artikuluan ematen diren berdintasunaren oinarria eta oinarri orokorrak hausten direla ezeztatzerakoan.

Guztiak ordezkatuz, Ikusi Konstituzio Auzitegiaren 239/2015 zenbakikoa, azaroaren 30ekoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2012ko uztailaren 16koa eta 2016ko otsailaren 24koa.

Jurisprudentziara joan

Ekonomia Itunari eta toki erakundeei buruzko mintegia

Urtero bezala, Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Agiritegiak —EHUko Historia Garaikidea Sailaren menpeko zentroa bera—, Zuzenbide Publikoa Saileko Finantza eta Zerga Zuzenbideko Arloarekin elkarlanean, jardunaldia antolatu du apirilaren 12rako: "Ekonomia Ituna eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalak". Pil-pilean dagoen gaia da, orain dela gutxi iragarri den itun politiko baten bitartez Eusko Legebiltzarrak, Estatutua onartu zenetik ia 36 urte igarotakoan, EAEko erakunde-sarearen arauketa burutzeko falta den arau bakarra onartuko baitu.

Egitaraua

 

Arbitraje Batzordearen erabaki berriak

Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeak, joan den abenduaren 1eko ebazpenen bidez, ondoko erabakia hartu zuen: ez-egoiliar batek jasotako erretiro-prestazioak Euskal Herrian eskuratutakotzat hartzea, baldin eta prestazio horiek nagusiki lurralde horretan egindako lan baten ondorioz jasotzen badira; honakoa da erabaki horren ondorea: Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren arloan Europar Batasuneko estatu kideetako batean bizi diren zergadunentzat aurreikusirik dagoen PFEZren araberako hautazko zergapetze-araubidea aplikatzeko eskumena administrazio bati edo besteari eratxikitzea. Horrela, Batzorde horren aburuz, apirilaren 21eko 7/2014 Legean egindako aldarazpenaren ostean Ekonomia Itunaren 22. artikuluan ondorik jaso zen irizpide berbera aplikatu behar da.

Beste alde batetik, abenduaren 2ko ebazpenaren bidez, arbitraje organoak zehatz-mehatz mugatu du administrazio bakoitzak zerga arloa kudeatzeko egikaritu behar dituen ahalmenak aplikatzeko eremua; izan ere, alor horretako eskumenak egikaritzea oinarri hartuz, ukatu egiten dio Estatuaren administrazioari gatazkako beste administrazioaren (kasu honetan, Gipuzkoako administrazioaren) menpeko erakunde baten eragiketa-bolumena ezartzeko eskumena, halako moldez non aurreko beste ebazpen batzuetan aplikatutako bi oinarrizko abiaburu berretsi baititu: alde batetik, ikuskapenak egiteko arloan eskumena duen administrazio bakarra dagoela, eta bestetik, administrazio bakoitzari ordaindu beharreko zergen proportzioa eskumen hori eratxikirik duen administrazioak soil-soilik ezar dezakeela.

Azkenik, Auzitegi Gorenak, abenduaren 7eko epaiaren bidez, Arbitraje Batzordearen apirilaren 13ko 4/2014 ebazpena berretsi du; ebazpen horretan, Ekonomia Itunaren 27.1. artikuluaren hirugarren erregela aplika daitekeela adierazi zen, zeren artikulu horretan zerga-egoitzako administrazioari eratxiki baitzaio eskumen esklusiboa, baldin eta erakundearen eragiketa-bolumenak zazpi milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez badu (sei milioi euro, kasu honetan aplika daitekeen egunean indarrean dagoen idazketaren arabera); horrela, ukatu egin du Estatuaren administrazioak alegatu duen ustezko aberaste bidegaberik gertatu denik, eta ondokoa adierazi du bere bigarren Funts Juridikoan: "Estatuaren eta Lurralde Historikoen arteko zerga-boterea banatzeari dagokionez, ez da epaibide egokia eragiketa zehatz batean gertatzen den banaketa horren kariz zein administraziok hartzen duen onura eta zein administraziok jasotzen duen kaltea aztertzea. Ekonomia Ituna, itun oro bezala, akordio bat da, lagapenak eta kontraprestazioak dituena; horren guztiaren xedea oreka globala erdiestea da, egoera zehatzen batean halakorik lortu ez arren".

Joan Administrazio-Doktrinara

Konstituzio Auzitegiak urratutzat jo du babes judizial eragingarria jasotzeko eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten eraginez.

Konstituzio Auzitegiak, 2015eko azaroaren 2an eman duen epaiaren bidez, urratutzat jo du babes judizial eragingarria jasotzeko funtsezko eskubidea, Konstituzioaren 24. artikuluan aintzatesten dena; eskubide hori Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2012ko ekainaren 19ko epai baten eraginez urratu da, zeren eta epai-organo horrek ezetsi egin baitzuen Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 14/1991 Foru Arauari buruzko konstituzio-kontrakotasuneko gaia planteatzea. Lurralde horretan Ondarearen
gaineko Zerga ordaindu behar dela ezarririk dago Foru Arau horretan, eta zerga hori, berriz, kenduta dago Estatuaren gainerako lurraldeetan. Goi Auzitegi horrek argudiatu duenez, auzialdia zegokion auzitegiak motibazio-akatsa egin zuen, eta arestion aipatu den funtsezko eskubidea urratu, ukatu egin baitzuen konstituzio-kontrakotasuneko gaia 2/1979 Lege Organikoaren 5. Xedapen Gehigarrian (1/2010 Lege Organikoan onetsi den idazketaren arabera) jaso diren xedapenak aplikatuz planteatzea. Jakina denez, foru arauen "blindajea" gotortu zuen lege organikoaren manuen konstituzionaltasunaren analisia egiteke dago, zenbait autonomia erkidegok errekurtsoa formulatu ondoren.

Konstituzio Auzitegiaren epaia

Lurralde Historikoen zerga-autonomiari buruzko doktrina judiziala: itxaropenerako arrazoiak

Forum Fiscal-en 212. zenbakian, En portada atalean eta hileko gai moduan, Iñaki Alonso Arceren analisia egiten da; testu horretan autoreak zerga-autonomia foralaren baieztapenerako argudioak bilatzen ditu. Argudio horiek bi ardatzetan oinarritzen ditu, alde batetik foru-babesaren klausula klasikoaren interpretazioari eta foru arauen blindajearen aplikazioaren esparruari buruzko iritzietan eta, bestetik, Estatuaren Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kooperazioaren Aldebiko Batzordearen erabakian, hain zuzen ere Foru Ogasunek eta Lurralde Historikoetako toki izakiek egingo dituzten zergen arloko edukien ekintzetan agertzeagatiko jakinarazpenetarako EAO erabiltzeko obligazioa zabaltzearen aurkakoa denean.

Beste alde batetik, Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Publikoko katedraduna den Julio López Labordak, Mediterráneo Económico aldizkariaren 25. zenbakian, finantzaketa autonomikoaren sistema berriaren negoziazioan erregio-nibelazioaren graduari buruzko eztabaidak izan behar duen zereginean sakontzen du "El futuro de la financiación autonómica. La Reforma de la nivelación" izenburua duen bere artikuluan.

Doktrina Zientifikora joan

Ekonomia Itunari buruzko III. Mintegia

Urtarrilaren 21ean eta 22an Ekonomia Itunari buruzko III. Mintegia egingo da Eusko Legebiltzarraren egoitzan (Gasteiz), Tomas Moro aretoan.

Aurrekoetan bezala, oraingoan ere Eusko Legebiltzarrak Ad Concordiam-Ekonomia Ituna Sustatu eta Hedatzeko Elkartearen laguntza izan du jardunaldiak antolatzeko. Ekonomia Ituna federalismo fiskalaren eredu gisa hartuko da aurten. Nazioarteko beste eredu batzuk eta horien ezaugarriak aztertuko dira, Ekonomia Itunaren sistemaren ikuspegitik.

Lehenengo egunean, Roberto Bernales Soriano jaunak, Deustuko Unibertsitateko Zerga Zuzenbideko irakasleak, hitz egingo du; XXI. mendeko federalismo fiskalaren ikuspegi orokorra emango du. Ondoren, Julio López Laborda Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Publikoko katedradunak hitz egingo du; gaur egungo finantzaketa eredua eta foru eredua erkatuko ditu. Amaitzeko, Mikel Erkoreka González Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Departamentuko ikertzaileak, Suitzako federalismo fiskala aztertuko du Euskadiren ikuspegitik.

Bigarren egunean, Gemma Martínez Bárbara andreak, Bizkaiko Foru Aldundiko Zerga Politikako zerbitzuburuak eta Ad Concordiam-eko kideak, hitz egingo du lehenbizi; Ameriketako Estatu Batuetako eta Euskadiko federalismo fiskalen ereduen arteko loturez hitz egingo du. Ondoren, James Johnston Eskoziako Parlamentuko clerckak hitz egingo du Eskoziako zerga itzulketei buruz, EAEko esperientzia abiapuntutzat hartuta. Mintegiari amaiera emateko, Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak hitz egingo du, Ekonomia Itunaren gaur egungo egoera azaltzeko.

Mintegiaren egitaraua