| Ekonomi Itunaren bilakaera historikoa, Itunak egin duen ibilbide luzea modu zehatz batean kontatzen den. Aurrekariak1526. urtean batzorde bat bildu zen la Najan (Abando), Bizkaiko Foru Zaharra (1452koa) berriztatu eta Foru Berria sortzeko. Foru horretan, bizkaitarrek 1379tik haien Jauna zen Gaztelako Erregeari ordaindu beharreko zergen berri ematen zen. Foru berri horren arabera, Jaunak, aipatutako zergez gain, ezin zuen zerga gehiago eskatu; dena den, horrek ez zuen eragotzi horrelakorik ordaintzea, erakundeei (adibidez, Batzar Nagusiei) laguntzeko. Herriek, beren bizilagunen kontribuzioei esker, "derrama" zergak ordaintzen zituzten betebeharrei aurre egiteko, esate baterako, bideak mantentzeko, edo, behar izanez gero, hornidura antolatzeko. Gainera, hor zegoen elizaren zerga nagusia, hamarrena izenekoa, elizjendeak edo elizetako patroi laikoek biltzen zutena. Nobleek ere biltzen zituzten zergak, adibidez, beren errota zein zubiak erabiltzeagatik. Esate baterako, 1511ko "Bilboko Kontsulatua" merkatari elkarteak ere biltzen zituen bereak, matxura eskubideak, hain zuzen ere. Aipatutakoaz gain, Bizkaian, Jaunak hala behar izanez gero, borondatezko –batzuetan nahitaezko– dirua edo zerbitzua ordaindu beharra zegoen, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako monarkia hispanikoaren gastu handiak ordaintzen laguntzeko. Jaurerriak, bere gastuei –dirua ematea barne– aurre egiteko, "fogerazioak" erabiltzen zituen, hau da, herrietako bizilagunak etxeen edo "suen" arabera zenbatzen zituen eta bildu beharrekoa haien artean proportzionalki banatzen zuen. Erregeak, estankoen bidez, diru bilketak handitzeko neurriak hartzen zituenean, matxinadak gertatzen ziren. Esaterako, Bilbon, 1631. urtean, Erregeak gatza estankoan sartu nahi izan zuen, eta ondorioz gatzaren matxinada gertatu zen. Aurreko urtean, 1630eko Konkordiaren bitartez, Bizkaiko eskualde bakoitzak Batzarretan izan beharreko ordezkaritza erabaki zuten, baina arbitrioak (jan, edan eta erretzeko produktuen salneurrien gaineko errekarguak) ezin zirela ezarri berretsi zuten. Era berean, hitzarmen horren bidez, Bizkaiko eskualde bakoitzak Batzar Nagusietan izan beharreko lurralde ordezkaritza erabaki zuten. Kontrako iritzirik baldin bazegoen ere, baliabideak behar zituzten eta horregatik Bizkairako lehen arbitrio komuna bildu behar izan zuten azkenean, 8 marabedi burdin beta kintaleko, hain zuzen ere. Horretarako, herriek arbitrio hori biltzeko aukera izan zezaten, Foruan aurreikusitako sistema ezarri zen: Batzar Nagusietan behar adinako gehiengoa lortzea (bi herenekoa), ondoren Koroari oniritzia eskatzeko. Behin pauso horiek bete zirenean, arbitrioa gauzatu ahal izan zen Jaurerri osorako. Egiaztatu ahal izan denez, 1640tik daude Bizkaian ekonomia kudeaketako kargu zehatzak: Jaurerriko Diruzaina edo Jaurerriko Kontulari Nagusia. Erregeak Bizkaian zuen ordezkariak, Korrejidoreak, zeregin garrantzitsua betetzen zuen zerga administrazioan, banaketarako eta ordainketarako baimenak ematen baitzituen. Hasierako sistema xumea, ordea, zaildu egin zen, XVIII. mendean batik bat, bai Koroak eskatutako diru-emateak bai Aldundiaren konturako defentsa-gastuak gehitu egin zirelako. Gainera, XVIII. mendearen erdialdean Aldundiaren jarduera berri bat sortu zen: errepideak eraikitzea. Diputazioak egin zuen lehen lana, Bilboko Kontsulatuarekin eta Udalarekin batera, Bilbo eta Pancorbo Urduñatik lotzea izan zen –bertan bat egiten zuen Madrilerako errepidearekin–, eta 1771. urtean zabaldu zen. Nahiz eta Aldundiak ekimen horren heren bat besterik ez zuen ordaindu behar, horrek ahalegin izugarria eskatu zion, eta, horren ondorioz, diru-sarrera berriak bilatu behar izan zituzten. Konponbidea hauxe izan zen: gurdi, gurditxo eta zamariek bidesariak ordaintzea. Gauzak horrela, arbitrioak Jaurerriko erakundeetako finantza-sistema nagusi moduan nabarmendu ziren. 1804an fogerazioak baztertu egin ziren, ez zirelako baliagarriak, eta, beraz, urte hartatik aurrera, arbitrioak –gero eta zabalagoak– eta bidesariak izan ziren Jaurerriko ondareko baliabide bakarrak. Arbitrioak zabaldu ahala, "kutxak" azaldu ziren, hau da, arbitrio bakoitza gastu jakin baterako biltzea. Horrela, honako Kutxa hauek sortu ziren: Kutxa Orokorra; Gerra Kutxa (1793. urtean sortua, lehenbizi partikularren borondatezko diru-emateak gordetzeko, eta ondoren derrigorrezko kontribuzioak gordetzeko –merkataritzako eta jabetzaren errenten %6, esaterako– eta funts horiekin partikularrei eskaturiko maileguak bermatzeko); Tabakoarena (1794), produktu horren gaineko arbitrioen diru-sarrerak biltzeko; Bideena, ardoarena biltzeko; Diru-ematearena (1801), azukrearen, kanelaren, kakaoaren eta bakailaoaren gaineko arbitrioen diru-sarrerak biltzeko. 1802. urtean aurreko egoerara itzuli zen, alegia, diru-sarreren kontrola Diruzain bakarraren esku utzi zen, Jaurerriko Diruzainaren esku, hain zuzen ere, baina kutxek XIX. mendean zehar ere iraun zuten. Beraz, arbitrioak zabaldu ahala, kutxak ere hedatuz joan ziren. Dirua bi eratan biltzen zen: Jaurerriko funtzionarioen bidez; eta arbitrioen errendimenduak errentan emanez. Tabakoaren Kutxaren kasuan, ordea, arbitrioa Diputazioaren langile batek (Aholkulariak) biltzen zuen zuzenean. Egoera berezi hori hiru probintziatan baino ez zen gertatzen: Bizkaiko Jaurerrian, Araban eta Gipuzkoan. Baina XVIII. mendean egoera nahasten hasi zen. Felipe V.a Borboia errege bihurtu zenetik, Planta Berriko Dekretuen bidez, ordura arte Aragoiko Koroan ordezkapen-sistemak zituzten lurraldeak Gaztelarekin berdindu ziren, eta horrek are bereziago bilakatu zuen lurralde horien egoera. 1718an aduanak bateratzen saiatu ziren eta horrek beste matxinada bat eragin zuen –1720an aduanen bateratzea baliorik gabe geratu zen–. Erregeak foru erakundeen funtzionamenduan parte hartze zuzenagoa izateko ahaleginak egin bazituen ere, frankizia baskongadoek ia XVIII. mende osoan arazo handirik gabe iraun zuten. Arazo larriak Konbentzio Gerraren (1793-95) ondoren hasi ziren; izan ere, Diputazioek gidatutako tropek nahiko maila eskasa eman zuten gerra horretan. Jaurerriko Haziendak izugarrizko ahalegin ekonomikoa egin behar izan zuen tropa horiek antolatu eta gerrari lotutako beste zenbait gaiez arduratzeko. Ahalegin hori, gainera, hurrengo gatazketan areagotu egin zen: Independentzi Gerran (1808-1812), Hirurteko Liberalean (1820-1823) izan zen konstituzio-erregimenaren ezarpen gatazkatsuan, eta are gehiago Lehenengo Karlistadan. Gainera, monarkiak gero eta baliabide gehiago behar zituenez, foru erregimenaren arazo politiko eta ekonomikoak areagotu egin ziren. Diputazioek, absolutistekin zein liberalekin, gero eta baliabide gehiago kudeatu behar zituzten haien legitimitatea (erresumarena zein nazioarena) defendatzeko. 1794 eta 1801 bitartean Jaurerriko sistema fiskala erabat hedatu zen: zuzeneko eta zeharkako zergak agertu ziren eta hiru kutxa berri sortu ziren: Gerrarena, Tabakoarena eta Diru-ematearena. Gastuak areagotu egin ziren, tamainan ez ezik, motetan ere bai. Hasieran Erregeari bakarrik ematen zitzaion dirua, baina gero bestelako inbertsio handiak egiten ziren, honako hauei aurre egiteko: kostaldeko defentsak, kanoiak, munizioa, diputazioko langileak –40 langile inguru, XVIII. mendean– eta tributuen erreforma horren arabera sortuko ziren lanpostu berriak. Era berean, mende amaierako gizarte eta ekonomiako krisiak segurtasunik eza eta pobrezia handiagoa ekarri zuen; hori zela-eta, ongintzako gastuak gehitu behar izan ziren, baina baita ordena publikokoak ere. Horrela, " Talde ibiltaria" sortu zen, Mikeleteen eta Miñoien aurrekaria, hain zuzen ere. XIX. mendean, Jaurerriko Ogasunak betebehar berrietara moldatu behar izan zuen: gerra- eta bide-gastuak, konstituzioak ekarri zuen ogasun zentralaren sorrera (Mon-Santillanen erreforma eta kontabilitate-sistema berriak –partida bikoitza– edo aurrekontua –gastuak eta diru-sarrerak aurreikusteko metodo gisa– sartzea). 1815. urtean, kutxak bateratu egin ziren eta altxortegi zentralizatua sortu zen. Soilik Bideenak (denbora gutxian) eta Tabakoenak (1877 arte) jarraitu zuten. 1842an lehen aurrekontu proiektua idatzi zen. Aurrekontu horiek hasiera batean ez ziren argitaratu, baina 1864. urtetik aurrera bai. Dena den, arazorik larrienak monarkia absolutuaren ordez monarkia konstituzionala –Isabel II.arekin, 1833tik aurrera– agertzean sortu ziren. Izan ere, arazoak gorabehera, Espainian Estatu Nazioa ere sortzen ari zen une hartan, eta, horregatik, zaila zen bateratzea legearen aurreko berdintasuna oinarri zuen erregimena eta Forua eta horrek berekin zekartzan berezitasunak. Lehenengo Gerra Karlista (1833-1839) dinastikoa izan bazen ere, honek iraun zuen bitartean Foruak mobilizazioa eragin zuen. Bergaran Maroto eta Espartero Jeneralen arteko Besarkadarekin batera bukatu zenean (Karlista bata eta Liberala bestea, hurrenez hurren), Esparterok Gobernuaren izenean Foruaren arazoari irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuen. 1839ko urriaren 25eko Legea honen ondorio zuzena izan zen. Horren bidez, konstituzioaren batasunari kalterik egin gabe, Foruak berretsi eta Nazioaren interesen barruan Foruen erreformari ekiteko etorkizunean Diputazioentzako audientzia bat aurreikusi egin zen. Foru Aldundiak berriz jarritakoan, berezitasun hori, batez ere, zergen esparruan nabarmendu zen. 1841. urtean Aldundi baskongadoek bat egin zuten Esparteroren aurkako altxamendu batean, baina porrot egin zuten eta foralismo tradizionalaren zenbait elementu desagertu egin ziren betiko. Horrek aduanak barnealdetik kostaldera eramatea ekarri zuen. Ordura arte, aduanak, portu edo mugetan kokatu beharrean, mesetarekin mugakide ziren barnealdeko tokietan (Balmaseda, Gasteiz eta Urduña) zeuden, eta horrela, Euskal Herrian inportatutako produktuek ez zuten sarrera eskubiderik ordaindu behar Gaztelan sartu arte. Barne aduana horiek zein Ebroko lerroak, arazoak gorabehera, Aro Modernoan bere horretan iraun zuten, baina 1841. urtean, Euskal Herria behin betiko Espainiako nazio-merkatuan sartzea erabaki zuten. Foru-baimena ere indargabetu egin zen; ordura arte, Erregeak edo bere Gobernuak hartutako erabaki guztiek foru agintarien oniritzia behar zuten, eta soilik Foruekin bat zetozenean betetzen ziren; baina indargabetu ondoren hori bertan behera geratu zen. Udalak osatzeko berezitasunak ere desagertu egin ziren, eta ordutik aurrera lege orokorren arabera eratu beharko ziren ezinbestean. Udal zein foru instantzietako justizia-eskumenak 1. auzialdiko Auzitegien esku geratu ziren. Estatu liberala, bere udal edo epai antolaketa administratiboan, bateragaitza zen tradiziozko foru antolamenduekin. Haatik, Espartero erori eta gero, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiak, diru-emateak eta tabakoaren gaineko zergak berrezarri ziren. Esaterako, 1845ean, Estatuaren Ogasuna erabat aldatu zen Mon-Santillanen aldaketa ezagunaren bidez (kontuan izan hori izan dela Espainiako zerga sistemaren oinarria 1977. urtea arte); baina Bizkaian eragin eskasa izan zuen, eta sistema horretako zerga gehienak bildu gabe jarraitu zuten. Izan ere, diru-emateak, aduana-errentak, hipoteka-eskubideak eta zedula pertsonalak ziren Estatuak Bizkaian zituen diru-iturri bakarrak. Ekonomi Itunaren Hasiera1876. urtean, azken Karlistadaren ondoren, Foruak deuseztatu egin zituzten, baina ez erabat. 1876ko uztailaren 21eko Legearen bidez, Gobernuko Presidente Antonio Canovas del Castillok hurrengoa erabaki zuen: euskal probintziek Ogasunari dirua ordaindu behar ziotela eta gizonek kintetan parte hartu behar zutela. Hurrengo urtean, Diputazioak ukatu ziren agindutako betebeharrak betetzera, eta, orduan, Canovasek Foru Aldundien ordez Probintzietako Diputazioak –Espainiako gainerako probintzietakoak bezalakoak– ezarri zituen. Canovasek arazo berri bati egin behar zion aurre: Probintziei beren zergak ordainarazi behar zizkien, baina horretarako ez zegoen beharrezkoa zen administrazio- eta estatistika-egiturarik. Behin-behineko irtenbide gisa, Probintzietako Diputazioekin ados jarri zen; izan ere, Diputazioetan elementu toleranteak baitziren nagusi, hau da, uztailaren 21eko Legearekin laguntzeko prest zegoen jendea. Hitzarmen horren arabera, Diputazioek Ogasun Ministerioak bere kabuz bil zezakeen besteko kopurua ordaindu beharko zuten. Diputazioek, beraz, akordioaren barruan zeuden uneko zerga nagusiak biltzeko ardura hartu zuten. Hitzarmenaren iraunaldia zortzi urtekoa izango zen. Hitzarmen hori da, hain zuzen ere, Ekonomi Ituna, berori onartu zuen 1878ko otsailaren 28ko Dekretuaren sarrerak Probintziek nazioaren "Ekonomi Itunean" parte hartu behar zutela aipatzen zuelako. Diputazioek kopuru horiek ordaindu ahal izateko, adostutako zergak biltzeko aukera eman behar zitzaien; zerga horiekin batera orain baimendutako zenbait arbitrio erantsi behar ziren, gerra aurretik ere biltzen zirenak. Hasieran nahasmen handia bazen ere, Diputazioek beren status bereziari eutsi zioten, eta sistema berria bertako baldintza aldakorretara moldatzeko gauza zela erakutsi zuten. Izan ere, Bizkaiak, bigarren Karlistadatik aurrera, hazkunde ekonomiko eta demografiko handia ezagutu zuen, Nerbioiko itsasadarraren ertzetan batik bat. Urte gutxi batzuen buruan, gerra aurrean hasitako meatzeak ustiatzeko prozesuak ere gora egin zuen nabarmen. Meatze ustiategietako beharrak geroz eta handiagoak ziren eta horrek azpiegitura berriak sortzea eragin zuen: trenbideak, portua hobetzea, etab. Diputazioak diruz lagundu zuen trenbideak sortzen, eta Gerra aurretik bat eraiki zuen: Trianoko Meatze Trenbidea. Hain zuzen ere, tren hori izan zen garraiobide nagusia garai hartako meatzerik aberatsenetan. Trenbide hori garai hartan Espainian zegoen jabetza publikoko bakarra zen, eta harekin bildutako diru sarrerei esker –eta batzuetan handiak izaten ziren– Diputazioak aukera izan zuen adostutako zergak ez biltzeko. Ahaztu ere, ezin dugu ahaztu XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX.eko lehenengoetan, burdin mearen ustiapena bere gorenera iritsi zela, eta Ingalaterra, Belgika edo Alemaniarako esportazioak ere nabarmen igo zirela. Gainera, tokiko siderurgiek (Bilboko Labe Garaiek, La Iberia eta La Vizcayak) bat egin zuten 1901ean eta Bizkaiko Labe Garaiak sortu zuten. Horrela, burdin mineralaren eraldaketa Bizkaian bertan egiten zen. BerriztapenakEkonomi Ituna hasieran urte gutxi batzuetarako pentsatu bazen ere, 1886. urtean berriztatu zen lehengo aldiz. Berriztapen horrek abantaila nabarmenak ekarri zituen berekin: Ogasun Ministerioak berehalako diru kopuru seguruak biltzen zituen inolako gasturi lotu gabe; Aldundiek zergak kudeatzen eta ordaintzen jarraitzen zuten bitartean, ez zegoen zertan kezkatu. Diputazioei, berriz, Itunak eskumen ugari ematen zizkien, eta horri esker autonomia-maila handia zuten: eurek hautatzen zituzten beren langileak, Udaletako kontu eta aurrekontuak kontrolpean zituzten, eta ez zioten inori beren aurrekontuen berri eman behar (ez Gobernuko Ministerioari, ez inolako Kontu Auzitegiri); probintzietako errepideen sare zabala kudeatzen zuten, probintzietako polizia zuten (Miñoiak Bizkaian eta Araban, eta Mikeleteak Gipuzkoan); probintziako ongintzari laguntzen zioten; Arte Ederretarako diru-laguntzak ematen zituzten; katedrak –Bizkaiko Institutuko euskararena, kasu– eta Landetxe ereduak sostengatzen zituzten eta abar. Elkarri komeni izan zitzaien sistema horrek eta Diputazioek kudeaketan eskaintzen zuten eraginkortasun-irudiak erregimena bera indartu zuten, emaitza onek legitimazio ematen zuten neurrian. XIX. mende amaierako eta XX.aren hasierako masa-alderdi berriak Diputazioen buruan zeuden dinastikoek eginiko kudeaketarekin kritiko azaltzen baziren ere, horrek ez zuen esan nahi sistemaren beraren aurkakoak zirenik. Izan ere, indar sozialista zein abertzale horiek Bizkaiko Diputazioan gutxiengo adierazgarria eskuratu zutenean, kudeaketako kontu jakin batzuk aldatu zituzten soilik, eta aldaketa horiek ez zuten inolako krisirik eragin adostutako erregimenean. Ogasun Zentralean eragindako aldaketek Itunean aldaketak eragin zituzten, baina sistemak berehala erakutsi zuen aldaketok gauzatu ahal izateko adinako malgutasuna. Horrela, 1886an Ituna lehenengo aldiz berriztatu eta gero, 1893an, German Gamazo ministroak egindako zenbait aldaketa zirela medio, berriro ere aldatu behar izan zen, eta aldaketa horiek, hain zuzen, moldaketa berri bat eragin zuten hurrengo urtean. Une horretan bertan, 1894. urtean, Ogasun Ministerioak ofizialki onartu zuen Aldundien "independentzia ekonomiko eta administratiboa" errespetatzea. Laurogeita hamarreko hamarkadan, beraz, sistema finkatuta zegoen. Hala, 1898an, Kubako Gerra zela-eta, Ministerioak kupoa gehitzeko –gehitze-ehuneko finkoak ezarriz– eskatu zuenean, Aldundiek urte horretarako Diru-ematearen ordainketa negoziatu zuten, hurrengo urteetan gehitzerik ez izatearren. 1900ean, Fernandez Villaverderen tributu-erreformarekin, Ituna berriz ere zati batean aldatu zen, eta erantsi zitzaion berritasun nagusia Ondasun higigarrien Irabazien gaineko Kontribuzioa izan zen. Kasu honetan, adostutakoei zerga berri bat erantsi ez ezik, klausula bat ere ezarri zitzaien: horren bidez, Espainia osoan zehar jarduten zuten enpresa baskongadoek, Ministerioari ordaindu beharrean, zergak Diputazioei ordainduko zizkietela zehaztu zen. Horrela, Bizkaiko ekonomia industrialago eta dinamikoago bihurtu ahala, Estatuarekiko harremanak ere sendoagoak izango ziren. Horren ondorioz, enpresa askok arazoak izan zituzten zergekin; izan ere, Ministerioak lurralde erkidetik zetozen irabazien gaineko zergak ordainarazi nahi zizkien, nahiz eta Itunak horretarako biderik eman ez. 1906. urtean berriztatze hitzarmen berria izenpetu zen, ohikoa baino epe luzeagorako, hogei urterako, hain zuzen ere. Hitzarmen horrek gehitze txiki bat ere hartu zuen aintzat iraunaldiaren hamargarren urtean, 1916an, alegia. Lehen Mundu Gerran zehar (1914-1918), Espainiak, herrialde neutrala izaki, gerran zeuden herrialdeek ekoiztu ezin zituzten produktuen eskari handiaz baliatzeko aukera izan zuen. Horrek salneurrien gorakada nabarmena eragin zuen. Aldi berean, Bizkaiko ekonomiako zenbait sektorek, ontzigintzak eta siderometalurgiak, kasu, inoiz ez bezalako irabaziak erdietsi zituzten nazioarteko merkatuetan. Beraz, 1906an, erabat desberdina zen une ekonomiko batean, adostutako kupoak ez zuen inondik ere ekonomi onuren berri ematen. Trianoko Trenbideak lehengoko etekinak ematen ez bazituen ere –batzuetan galerak ere izan zituen, meatzeek pixkanaka behera egin zutelako–, Bizkaiko Diputazioak egundoko diru kopurua bildu zuen Irabazien gaineko zergei esker. Emaitzak berehala nabarmendu ziren: auzo-eskolak sortu ziren, bideetarako diru-hornidurak gehitu ziren, behar-beharrezko produktuen gaineko arbitrioak murriztu ziren, kultura-erakundeak (adibidez, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia) sortu eta finantzatu ziren, eta abar. 1926an Ituna berriztatu beharra zegoen, eta aurrez aipaturiko faktore horiek guztiek zailago egiten zuten lurraren pobreziaren argudioari heltzea –argudio hori erabili ohi zen foru berezitasuna azaltzeko eta proportzioan txikia zen kupoa ordaintzeko–. Hogei urte horietan (1906-1926) biztanleria eta aberastasuna nabarmen igo zirenez, Ministerioak zergak biltzeko modu alternatibo bat abian jartzen saiatu zen: Itunari zegokion kupoa aparte utzita, helbidea Baskongadetan izanda ere lurralde erkidean kokatuta zeuden enpresen tarifen zati bat biltzen ahaleginduko zen. DeuseztatzeaAzken berriztapena egin eta hurrengo hamar urteetan, 1926 eta 1936 bitartean, Diputazioen eta Ogasun Ministerioaren arteko arazoak agertzen hasi ziren. Arazo horiek areagotu egin ziren II. Errepublikan, Autonomia Estatutuaren eztabaida prozesuan. Politika-arazoak konponduta zeudenean, ordea, tributu-arazoak sortu ziren. Izan ere, 1936ko udan, Ogasun autonomoaren eta honek Itunarekin zuen loturaren gaineko eztabaida impasse batean gelditu zen. Uztailean, Franco jenerala II. Errepublikaren kontra altxatu zen eta Gerra Zibil odoltsua hasi zen. Bizkaiko Diputazioak ogasun-gaietan jarduten jarraitu bazuen ere, ekonomi-politika, ordea, 1936ko udazkenean antolatutako larrialdiko Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen. 1937ko ekainaren 19an tropa frankistak Bilbon sartu ziren. Egun gutxira (hil bereko 23an), Bizkaiko eta Gipuzkoako Ituna deuseztatzeko Dekretua argitaratu zen, Nafarroako eta Arabako Ituna bere horretan utziz. Mendekua izateaz aparte, indargabetze horrek Itunaren "ospea" ezabatu nahi zuen, alegia, euskal zergadunei onura gehiegi ekarri omen zizkielako, nonbait. Gainera, ezin dugu ahaztu irabazleek gerrarako baliabide handiak behar zituztela, eta biderik azkarrena aukeratu zuela: Ituna deuseztatzea eta Bizkaian Ogasun Zentrala ezartzea. Dekretu horrek, bertako Ogasunaren galeraz gain, beste zenbait ondorio ere ekarri zituen: probintziako bideen sarea Ministerioaren menpe geratzea (horrek utzikeria eragin zuelarik), eskolak ixtea, probintziako polizia –Miñoiak edo Foru Poliziak– deuseztatzea... Gerraondoan, 60ko hamarkadan batik bat, Ituna berreskuratzeko ahalegin batzuk izan baziren ere, ez zuten inolako arrakastarik izan. Estatu frankista oso zentralizatua eta hierarkizatua zen eta beldur zen hain baliabide handiko eta autonomo bihur zitezkeen ogasunen aurrean; horixe izan zen, neurri handi batean, porrot horren zergatia. Franco hil baino egun batzuk lehenago, 1975eko azaroan, Bizkaia eta Gipuzkoarako araubide berezia aztertuko zuen Batzorde berezia osatzea erabaki zen. Haatik, Ituna ez zen berreskuratu. 1978ko Konstituzioan gauzatu zen erreforma politikako prozesuak, 1937ko Dekretuaren deuseztatzea ez ezik, Euskadi Autonomia Erkidego moduan antolatzea ekarri zuen. Aro berriaEpe laburrean Estatu berri baten (Autonomien Estatuaren) oinarriak eraiki zituzten. 1978an Konstituzioa onetsi zen. Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak foru komunitateen eskubide historikoak babestu eta errespetatu zituen. Bitartean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari zegokienez soilik, 1876ko uztailaren 21eko eta 1839ko urriaren 25eko lege zaharrek indarrean izan zezaketena indargabetu zuten. Estatu osoari zegokionez, Konstituzioak autonomia-erkidegoak eratzea aurreikusi zuen (VIII. Titulua). Autonomia-erkidego horiek elkarren artean desberdin jaio ziren hasieratik, historikoak eta arruntak bereizi zituztelako. Gainera, arestian aipatu dugun bezala, Euskal Herriaren kasuan, eskubide historikoen errespetua erantsi behar zen. Arabak Gerra Zibilaren ondoren ez zuen bere Ituna galdu; horregatik, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa berreskuratzeko, Arabak 1976an hitzartutakoa izan zen abiapuntua. 1979an Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren onespenarekin Euskadiren eta Estatuaren arteko tributu-harremanak onetsi zituzten: ohiko foru araubidearen bidez edo, hobeto esanda, Ekonomi Itunaren bidez. Beraz, 1981. urteaz geroztik eta Gobernuaren, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioen ondoren, Foru Aldundien foru-egitura zaharra antolatu zuten berriz ere. Hasteko, Ekonomi Ituna bihurtu da Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasun nagusi. Gainera, aurrerantzean ez da Foru Aldundien menpe egongo soilik, baizik eta Euskal Autonomia Erkidego osorako kupo bakarra sinatu dute, Lurralde Historiko bakoitzari dagokiona batuta. Kupo hori nola banatu eta erakunde erkideen gastua nola finantzatu erabakitzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek akordioak sinatzen dituzte. Horretarako egin dira, hain zuzen ere, Ekarpen Legeak. Herrialde bakoitzaren errenta erlatiboa eta ahalegin fiskala aintzat hartuta, Lurralde Historikoek honela ordaintzen dute, gutxi gorabehera: erdia Bizkaiak, %35 Gipuzkoak eta %15 Arabak. 1878ko eta 1981eko kupoen arteko desberdintasun nagusia ondorengo hau da: lehendabizikoaren arabera, araubide erkidea ezarri izan balitz, Ogasun Ministerioak bildu ahal izango zukeenaren baliokidea izango zatekeen kupoa. Bigarrenaren arabera, ordea, Gobernu Zentralak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen gastuen ordainketa baliokidea da. Ordainketa hori bi motatakoa da: lehendabizikoa, zuzena, Estatuak bertan ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko; bigarrena, berriz, bertako herritarrek dituzten bestelako onuren araberakoa (zerbitzu diplomatikoak, armada...). Horietaz gainera, Lurraldeen arteko Konpentsazio Funtsari ere ekarpenak egin behar zaizkio. Kopuru hori zehazteko, kalkulua errazteko formula orokorragoa erabiltzen da. Oinarria hau da: Estatuak transferitu ez dituen eskumenetan gastatzen duena, itundu gabeko sarrerei esker jasotzen duena eta defizita. Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoari gastu eta diru-sarrera horien ehunekoa egokitu behar zitzaion. Euskadiko errentak Estatuko errentan duen pisua aintzat hartzen duen gutxi gorabeherako kalkuluari esker, ehuneko hori %6,24 dela zehaztu zen. 1981 urtetik aurrera, Kupoaz gain, Estatuaren eta EAEren arteko finantza-harremanetan egokitzapen batzuk egiten dira diru-sarreren egozpena hobetzeko, eta itundu gabeko sarreretan udalen parte hartzea hobetzeko ere bai. Arian-arian, Itunaren edukia zabalduz joan da, zerga eta aukera berriak bereganatuz. Ildo horretatik, 1986an Espainiako Estatua Europako Ekonomi Erkidegoan sartu zenean, Ituna aldatu egin zen Balio Erantsiarekiko Zerga (BEZa) sartzeko. 1997an Zerga Bereziak bereganatu ziren (tabakoa, alkoholak eta abar) eta zuzeneko zergen (PFEZ eta Sozietateen gaineko Zerga) araugintza-ahalmena handitu zen. 1997ko zati bateko aldaketa horren ondoriorik nabarmena kupoa handitu zela izan zen. Araugintza-ahalmenaren autonomia handiago hori modu eragingarrian gauzatzeko eta aurrera eramateko, hainbat Foru Arau onartu izan dira, baina sarritan Estatuak arau horien aurkako errekurtsoak jarri ditu. Horren azalpena, bizikidetza politikoko arazoez gain, Foru Arauen araudi-lerruna bera da, Lurralde Historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek onartzen baitituzte tributu-arau horiek. 2002ko Ekonomi ItunaMaiatzaren 23ko 12/2002 legearen bitartez 2002an Ekonomi Ituna eraberritu da; eraberriketa horretan Itunak aldaketa nabarmenak eragin ditu adostutako sisteman. Agian, guztietatik deigarriena da aldi baterako Ituna izatetik iraupen mugagabeko Ekonomi Ituna izatera pasa dela. Hala ere, hori ez da izan Itunaren aldaketa bakarra ezta garrantzitsuena ere; nabarmen daiteke Estatuko eskumen esklusiboa gutxitu egin dela, eta egun mugatzen da aduanetako zergetara, inportazioen gaineko BEZ eta Zerga Berezietara, eta Ekonomi Itunaren goi mailako ikuskapenera. Aldi berean, Lurralde Historikoen eskumenak handitu dira, arlo berriak itundu direlako, hala nola, ez-egoiliarren zergak edo Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmentaren gaineko Zerga, deslokalizatzeko gaitzak diren zeharkako zergen araugintza-ahalmena handitzea, besteak beste, Elektrizitatearen gaineko Zerga edo Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia, edota eragiketen kopurua handitzea 6 milioi euroraino Euskadiri Sozietateen gaineko Zergan eskumen esklusiboa emateko baldin eta egoitza fiskala lurralde horretan kokatuta badago. BEZaren kasuan, halaber, Lurralde Historikoen ikuskapen-eskumenak eta biltzeko eskumenak handitu dira zerga Euskadiri modu esklusiboan ordaintzeko kontuan hartu behar den kopurua 6 milioi euroraino igo zelako, baldin eta egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badago eta eragiketak gauzatu diren lekua gorabehera. 2002ko Itunak aldaketa ekarri du Arbitraje Batzordearen osaketara ere, aldaketa erabakigarria izan dena Batzordea eratzeko eta martxan jartzeko. Aurreko garaietan gertatutakoaren aldera, Ekonomi Itunaren indarraldiko azken hamar urte hauetan Itunak indarra galtzen duelako negoziazio berririk beharrezkoa izan ez bada ere, ezin da esan Ekonomi Itunak bizitza baketsua izan duenik. Tentsio oso gogorrak izan dira. Tentsioak ez dira prozesu negoziatzaileetatik etorri, ezta Estatuak egindako erreklamazioetatik Lurralde Historikoek egikaritzen dituzten eskumenen gainean; arazoak sortu dira ondoko Autonomia-erkidegoetatik edo bertako agente ekonomiko diren sindikatu eta enpresaburuen elkarteetatik etorri dira auzitegietan errekurtsoak jarri dituztelako. Tentsioak onez konpondu dira eta, une larriak bizi izan badira ere (Auzitegi Gorenak 2004an emandako epaia edota 2008 epaitu aurreko arazoa Europako Justizia Auzitegiak erabaki baino lehen bizi izandako prozesu osoa), esan dezakegu Itunak segurtasun juridiko handia duela, eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko antolamendu juridikoekin bat egiten duela. Urriaren 25eko 28/2007 legeak Ituna zati batean aldatu du 2007tik aurrera, BEZaren kasuan taldeek zerga ordaintzeko araubidea eta Ikatzaren gaineko Zerga ituntzeko helburuarekin, baita Sozietateen gaineko Zergaren eta BEZaren lotura-guneen eragiketen kopurua ere zazpi milioietara igotzeko. 1981etik hona lehen aldiz, egungo Itunaren une garrantzitsu bat Arbitraje Batzordea eratzea izan da. Estatuaren eta Foru Aldundien artean edota Aldundien eta Autonomi Erkidego baten artean Ekonomi Itunaren inguruan sor daitezkeen arazo guztiak konpontzea da Arbitraje Batzordearen zeregina. Batzordea martxan jarri denez, epaiketaz kanpoko prozedura bideratu da gatazkak konpontzeko. Zergadunek, batetik, eta Estatuko zein Lurralde Historikoetako Tributu-administrazioek, bestetik, aspalditik eskatzen zuten Batzorde horren sorrera. 2007ko uztailaren 30ean sortu da eta lehenengo kideak Carlos Palao Taboada, Fernando de la Hucha Celador eta Isaac Merino Jara izan dira. 2009ko uztailean, Fernando de la Huchak dimisioa aurkeztu du eta geldialdi baten ostean, 2010eko azaroan Javier Muguruza Arrese jarri dute bere tokian. Ekonomi Itunaren bilakaeraren beste une erabakigarri bat Auzitegi Gorenaren 2004ko abenduaren 9ko epaiarekin eman zen. Ustez Europako Auzitegiarena zen jurisprudentzia argudiotzat hartuta, Sozietateen gaineko Zergaren euskal arauketaren zenbait zati estatu-laguntza bezala identifikatu zituen epaiak. Horien artean, zergaren karga-tasa azpimarratu behar da, tributu-arauketari izaera orokorra ukatuz lurralde erkideko indarreko arauketarekin bat ez zetorrelako. Handik bi urtera, 2006ko irailaren 6an, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak Azore auzian epaia eman zuen, Geelhoed abokatu orokorraren irizpideetan oinarrituta. Epai horrek, lehenengoz, argitu zituen erregio-mailako araubide fiskalak Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat egoteko baldintzak. Epai horretan, Estatuz azpiko erakundeen autonomia neurtzeko hiru parametro finkatu ziren, izaera orokorreko xedapen fiskalak emateko: erakunde-autonomia, prozedura-autonomia eta finantza-autonomia. Modu horretara, ukatu egin zen erregio bateko neurri fiskalak, erregio jakin batean bakarrik aplikatzeagatik, hautagarriak direla eta ondorioz, Estatu-laguntza direla. Azore doktrinari jarraiki, 2008ko irailaren 11n, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak berretsi zuen Ekonomi Itunak eta araugintzako foru-autonomiak Europar Batasunean lekua zutela. Epaiaren esanetan, Estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren arauketa errespetatzen zuten; arauketa hori izan da, hain zuzen, azken urteotan Lurralde Historikoek Sozietateen gaineko Zergan duten araugintza-ahalmena zalantzan jarri duena. Epaiari esker, Justizia Auzitegi Nagusiak jarri zuen epaitu aurreko arazoa konpondu zen, 2004ko Auzitegi Gorenaren epaiak Europar Batasuneko zuzenbideari buruz sorrarazitako zalantzak argituz. Auzitegiaren epaitza horrek sendotu zuen Ekonomi Itunak emandako araugintza-ahalmena, eta hilabete batzuk beranduago, 2008ko abenduaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gaitziritzia eman zien erabakitzeke zeuden errekurtso guztiei, Sozietateen gaineko Zergaren foru-arauketaren aurka zeuden errekurtsoei, alegia. Auzitegiak foru-autonomiaren aldeko doktrina sendo bat ezarri du, eta segurtasun juridiko handia eskaini dio Ekonomi Itunari Estatuaren barruan eta Europar Batasunean. Ekonomi Itunaren etapa honen azken gertakizunik nagusiena aspaldiko eskaera bati emandako erantzuna izan da, Ekonomi Itunaren Estatu barruko "blindajearena". Eskaera horrek galdatzen du, euskal Lurralde Historikoen edozein tributu-arauren aurka errekurtsoak jartzean, Estatuko tributu-legearen aurkako errekurtsoetan diren baldintza, betekizun edota parametro berdinetan egin ahal izatea. Horri esker, euskal Lurralde Historikoen arauen aurka egiteko, Konstituzio Auzitegiaren aurrean egin beharko litzateke eta ez, ordea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Estatuko tributu-legeentzat Espainiako antolamendu juridikoak ezartzen zuen moduan. Horiek horrela, Jose Luis Bilbao Eguren Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ekimen bat aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, azken horrek zenbait lege aldatzea Gorte Nagusiei eskatzeko, besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoa. Modu horretara, euskal Foru Arau fiskalek gaindi zezaketen babes judizialaren defizit hori. Eskaera horren ondorioz, otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoa onetsi zen, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatuz. Legea 2010eko martxoaren 8an sartu zen indarrean. end faq |
| Bilakaera Historikoa |
