Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

Itunaren Azterketa

Finantza harremanen eremu orokorra

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluaren 1. idatz-zatiak dioenez "Estatu eta Euskal Herriaren arteko zerga mailako harremanak, aintzinako erara, Ekonomi Ituna eta Komenio sistemaz erregulatuak izango dira" , Ekonomi Ituna da Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko tributu-harremanak eta finantza-harremanak arautzen dituen ohiko sistema.

Tributu-harremanak I. kapituluan garatu ondoren, indarreko Ekonomi Itunak II. kapituluan finantza-harremanak jorratzen ditu. Lehendabizi, finantza-harremanetarako arau orokor aplikagarriak ezarri ditu; eta, hurrenik, kupoa zehazteko metodologia garatu du, kupoa baita Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-sistemaren ardatz nagusia, itundutako tributuekin batera.

  1. Arau orokorrak

    Hasteko, II. kapitulu honen lehen sekzioan, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-harremanak arautzen dituzten printzipio nagusiak ezarri dira. Honako hauek dira printzipiook:

    1. Euskadiko erakundeek duten autonomia fiskala eta finantza-autonomia, euren eskumenak garatu eta betetzeko.

    2. Elkartasunari begirunea izatea, KonstituzioakEspainiako 1978ko Konstituzioaren 2. artikuluak ezarri duenez, "Konstituzioak... aitortu eta bermatu egiten du Espainia osatzen duten nazionalitate eta herrialdeen autonomia-eskubidea, bai eta horien guztien arteko elkartasuna ere". Beste alde batetik, 138. artikuluak dioenez, Estatuak bermatu egiten du, solidaritate-printzipioa, Konstituzioaren 2. artikuluan aldarrikatua, eragingarritasunez betetzea. Aurrekoaz gain, 156. artikuluak agindu duenez "Autonomia-erkidegoek, beren eskumenak garatu eta beterarazteko, finantza-autonomia izango dute, Estatu Ogasunarekin koordinazio- eta espainiar guztien arteko elkartasun-printzipioen arabera". Amaitzeko, 158. artikuluak aipatzen duenez "lurraldeen arteko desoreka ekonomikoak zuzentzeko eta elkartasun-printzipioa eragingarritasunez betetzeko, Konpentsazio Funtsa eratuko da inbertsio-gastuetarako; Gorte Nagusiek funts horren baliabideak banatuko dituzte autonomia-erkidegoen artean, eta, egoki bada, probintzien artean ere bai" eta Autonomia EstatutuakElkartasun-printzipioa, Ekonomi Itunaren araubidea aplikatzeko oinarria izan behar da, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 41.2. artikuluak ezarri duenez. ezarritako baldintzekin.

    3. Aurrekontuen egonkortasunaren arloan Estatuarekin koordinatu eta elkar-lanean aritzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoak eginiko ekarpena (kupoa), Erkidegoak bere gain hartu ez dituen Estatuko zamengatik, Ekonomi Itunak zehaztu duen eran.

    Aurreko printzipioez gain, Euskadiko toki-erakundeei eragiten dieten beste printzipio bi gehiago jaso dira, batetik, horien autonomia-maila ukitzen da eta, bestetik, itundu gabeko tributuak direla-eta, toki-erakundeei Estatuko zerga-bilketan dagokien partaidetza ere ukitzen da:

    1. Toki-erakundeen eremuan Estatuak une bakoitzean egikaritzen dituen finantza-zaintzako ahalmenak Euskadiko erakunde eskudunei dagozkie; horrek ez du esan nahi, inola ere, Euskadiko toki-erakundeen autonomia-maila araubide erkidea duten toki-erakundeena baino txikiagoa izango denik.

    2. Itundu gabeko tributuetan duten partaidetza dela-eta toki-erakundeek izan beharreko zeharkako ekarpenen kasuan, banaketarako arau orokorren arabera banatu beharreko diru-kopuruak zabalduko dituzte Foru Aldundiek, beren Lurralde Historikoetako toki-erakundeen artean.

    Aipatutako printzipioez aparte, II. Kapituluaren lehenengo Sekzioaren Ekonomi Itunaren 49 eta 50. artikuluek kupoaren legezko definizioa ematen dute, bai eta kupoaren aldizkakotasuna eta eguneratzea ere. Horiek horrela, bost urterik behin kupoa zehazteko metodologia lege baten bidez onetsiko da; bost urteko epealdiaren hasierako lehen urteko Kupoa zenbatuko da, eta epealdi horretako ondorengo urteetan kupoa eguneratzeko formula ere ezarri da.

  2. Kupoa zehazteko metodologia

    Ekonomi Itunaren II. kapituluko bigarren sekzioak Kupoa zehazteko metodologiaren oinarrizko printzipioak jaso ditu. Zeregin horretan, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu ez dituen zamak zeintzuk diren identifikatzen dira; eta bestetik, mekanismo batzuk ezarri dira zuzeneko zergetatik, Balio Erantsiaren gaineko Zergatik eta Fabrikazioaren gaineko Zergatik datozen sarrerak behar bezala egotzi ahal izateko. Horrez gainera, konpentsazioak direla-eta kupotik kendu behar diren zenbatekoak finkatu dira eta egozpenak egiteko erabili beharreko indizeak zehaztu dira.

    Amaitzeko, kupoaren ordainketari buruzko hainbat alderdi ere arautu dira, hala nola, EAEk bere gain hartutako eskumenak aldatuz gero kupoaren ordainketan izango lukeen eragina, urteko kupoaren behin-behineko eta behin betiko likidazioak edota kupoa ordaintzeko epeak.

    Lehen aipatu bezala, Ekonomi Itunak agintzen duenez eta Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoak aurretiaz hala erabakiz gero, bost urterako legea onetsi behar da kupoa zehazteko metodologia garatzeko; modu horretara, lehenengo urteko kupoa (bost urteko epearen oinarria) eta hurrengo urteetako kupoa eguneratzeko formulak finkatuko dira. Indarrean dagoen legea urriaren 28eko 11/2017 Legea da, 2017tik 2021rako bost urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Kupoa zehazteko metodologia onetsi duena.

    Kupoaren sistemari buruzko azalpen erraza nahi baduzu, infografiara sar zaitezke hurrengo estekan sakatuta: Kupoaren infografia

    Kupoaren kontzeptu teorikoan eta kupoaren egokitzapenetan sakondu nahi baduzu, hurrengo estekan sakatu: Ekonomi Itunaren finantzaketa-eredua.