Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Oinarri-urteko Kupoa (Hasierako Urteko Kupoa)

Kupoaren Legeak ezarritakoaren arabera, oinarri-urteko kupo likidoa zehazteko Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu ez dituen zamen zenbateko osoari egozpen-indizea aplikatuko zaio eta egokitzapen eta konpentsazio egokiak egingo dira. Kalkulu horren eskema honako hau da, Lege horretako I. eranskinean jaso den bezala.

mila euro

EAEREN BEHIN-BEHINEKO KUPOAREN KALKULUA, 2022

1.

Estatuko Aurrekontuak: gastuak

347.486.096,54

2.

EAEk bere gain hartutako zamak

114.775.397,82

3.

EAEk bere gain hartu ez dituen zamak, guztira (1 – 2) (1 – 2)

  • Lurraldeen arteko Konpentsazio Funtsa
  • Erakunde publikoei eginiko transferentziak
  • Zorraren amortizazioa eta korrituak

232.710.698,72

4.

EAEk finantzatu behar dituen zamak

14.521.147,60

5.

Itundu gabeko tributuak

746.921,43

6.

Tributu-izaera ez duten sarrerak

2.654.165,64

7.

Itundutako zuzeneko zergen ziozko egokitzapena

286.269,35

8.

Estatuak lortutako sarrerengatik egokitzapen eta konpentsazio guztiak, EAEri egotzi beharrekoak (5 + 6 + 7)

3.687.356,42

9.

Aurrekontuetako defizita

9.361.627,50

10.

Kupo likidoa (4 – 8 – 9)

1.472.163,68

11.

Beste konpentsazio batzuk

  • Arabari emaniko konpentsazioak

4.426,53

12.

Ordaintzeko kupo likidoa (10 – 11)

1.467.737,15

1. Estatuko Aurrekontuak: gastuak

Gobernu zentralaren gastu guztiak dira abiapuntua, Estatuko Aurrekontu Orokorretan jaso izan diren bezala.

2. EAEk bere gain hartutako zamak

Jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zaizkion eginkizunak zehaztu eta Estatuko Aurrekontuetan eginkizun horietarako partidak zenbatu egiten dira. Eginkizunok izango dira Autonomia Estatutuak ezarritakoak. Modu horretara, Gobernu zentralak Estatu osoan egindako gastua zehaztuko da, Euskadin euskal erakundeek emandako eginkizunetarako.

3. EAEk bere gain hartu ez dituen zamak, guztira

Estatuko gastu osotik Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dituen eskumenen gastua kenduz gero, EAEk bere gain hartu ez dituen zamen zenbatekoa lor daiteke, hau da, Estatuak egiten duen gastua Euskadik bere gain hartu ez dituen eskumenengatik. Kupoaren Legeak zehaztu ditu kalkulu horretarako irizpideak. Alde batetik, EAEk bere gain hartu ez dituen zamen zenbateko osoa kalkulatzeko metodoa ezarri du: Estatuko aurrekontuen gastu guztietatik kentzen ditu Euskadik bere gain hartu dituen eskumenei dagokien aurrekontuetako diru-izendapen osoa, Estatu mailari begira. Beste alde batetik, EAEk bere gain hartu ez dituen zamen izaerako hurrengo hiru kontzeptuak jaso dira, besteak beste:

  • Lurraldeen arteko Konpentsazio Funtsa. Espainiako Konstituzioaren 158.2. artikuluak oinarrizko tresna bat sortu du 138.1. artikuluaren agindua betetzeko. Konstituzioaren 158.2. artikuluak dioenez, lurraldeen arteko desoreka ekonomikoak zuzentzeko eta elkartasun-printzipioa eragingarritasunez betetzeko, Konpentsazio Funtsa eratuko da inbertsio-gastuetarako gutxien garatutako lurraldeen mesedetan. EAEk bere gain hartu ez dituen zamen artean sartuko dira kopuru horiek, eta horrela, Euskadik Konstituzioaren elkartasun-printzipioa bete egiten du eragingarritasunez.
  • Estatuak eginiko transferentziak edo emandako diru-laguntzak erakunde publikoen mesedetan, baldin eta Euskadik bere gain hartu ez baditu erakunde horiek gauzatzen dituzten eskumenak. Modu horretara, ziurtatu nahi da Euskadik finantzatzen dituela bere gain hartu ez dituen zamak baina Estatuak zeharka gauzatzen dituenak, hots, Gobernu zentralarenak ez diren aurrekontuen bidez gauzatutakoak beste erakunde publiko batzuen bitartez.
  • Estatuko zorraren amortizazio-kuotak eta korrituak. Estatuaren herri-zorraren finantza-zama EAEk bere gain hartu ez dituen zamen artean sartuko da beranduago Estatuko Aurrekontuetako defizita kupotik kenduko delako.
4. EAEk finantzatu behar dituen zamak

EAEk finantzatu behar dituen zama guztiek adierazten dute Espainia osorako Gobernu zentralak duen gastua Euskadik bere gain hartu ez dituen eskumenengatik. Estatuko gastu osotik EAEk ordaindu behar duten zatia lortzeko, egozpen- indizea aplikatuko da. Funtsean, egozpen-indizea izango da Euskadiren errenta erlatiboa Espainiaren errentari begira. Ekonomi Itunean, indize hori ez da aldatu 1981ean kupoaren sistema berriro ezarri zenetik, hots, beti berdina izan da, %6,24.

Nolanahi ere, EAEk finantzatu behar dituen karga ez-asumituak lortzeko, bere gain hartu gabeko eskumenen gastu globala % 6,24 biderkatzen da. Emaitza bosturtekoaren abiaburu-urtean bere gain hartu ez diren kargen zenbatekoa da.

5. Itundu gabeko tributuak

Horiek dira Aurrekontuetako 1.etik 3.era bitarteko kapituluetan Estatuak lorturiko sarrerak, itundu gabeko zerga, tasa eta prezio publikoengatik baldin eta Euskadik bere gain hartu ez baditu horien gaineko eskumenak. Sarrera horietatik garrantzitsuenak aduanetako eskubideak izango lirateke. Horrenbestez, Estatuak lorturiko diru-kopuruak dira eta EAEk bere gain hartu ez dituen zamak finantzatzeko erabiltzen dira. Itundu gabeko zergen zenbatekoa kalkulatzeko, aipatutako kontzeptuengatik Espainia osoan lortutako guztizkoari % 6,24 aplikatuko zaio.

6. Tributu-izaera ez duten sarrerak

Horiek dira Estatuak lorturiko sarrerak, baldin eta tributu-izaera ez badute eta Euskadiri egotzi badakizkioke. Sarrera horiek Estatuko Aurrekontuetako 4.etik 8.era bitarteko kapituluetan sartzen dira (transferentzia arruntak eta kapitaleko transferentziak, ondare-sarrerak, inbertsioen besterenketak eta finantza-aktiboen aldaketak). Berriz ere, Espainian kontzeptu horiengatik lortutako guztizkoari egozpen-indizea aplikatuta kalkulatzen dira.

7. Itundutako zuzeneko zergak

Hori da zuzeneko zergen bidez lorturiko sarrerak behar bezala balioesteko egin behar den konpentsazioa, zergak Euskadiri eta Estatuari egotzi behar zaizkienean. Halakorik bi kasutan gertatzen da: Estatuko zorraren harpidedunen kasuan eta euskal lurraldeetan lan egiten duten Estatuko funtzionarioen kasuan. Bi kasuotan, Lurralde Historikoetan aurkeztutako aitorpenetan kendu egingo dituzte etekin horien gainean egin zaizkion atxikipenak (eta Gobernu zentraleko Ogasunari ordaindu zaizkionak). Horiek horrela, Estatuak atxikipenak kobratzen ditu eta EAEk itzultzen ditu; horregatik, konpentsazio bat ezarri da, hain zuzen, 7. puntu honetan aurreikusitako egokitzapenaren xede.

8. Estatuak lortutako sarrerak eta EAEri egotzi beharrekoak

Aurreko hiru kontzeptuen batura gobernu zentralak Euskadiri egotz dakizkiokeen diru-sarreren guztizkoa da.

9. Aurrekontuetako defizita

Defizita itundu gabeko sarreren artean sartu behar dugu eta, horregatik, Euskadiri egotzi behar zaio defizitengatiko sarreretan EAEri dagokion ehunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu ez dituen zamak Estatuak bezala finantzatu ditzan. Horretarako, Estatuko Aurrekontu Orokorretan jaso den defizitetik EAEri dagokion zatia kupotik kenduko da. Aldi berean, EAEk bere gain hartu ez dituen zamen artean Estatuko zorraren amortizazio-kuotak eta korrituak sartuko dira.

Kontuan izango den defizitaren zatia zehazteko, oraingoan ere, Estatuko Aurrekontuetan jasotako defizit osoari egozpen-indizea aplikatu behar zaio (%6,24).

10. Kupo likidoa

Hori da EAEk bere gain hartu ez dituen eskumenengatik ordainduko duena. Kupo likidoa lortzeko, ordaindu beharreko gastu guztietatik Estatuak bildutako zergak (EAEri egotzi beharreko sarrera badira) eta defizitaren bidez finantzatzen diren gastuak kendu behar dira.

11. Beste konpentsazio batzuk

Aurreko kupoari buruzko Legean aurreikusitako konpentsazioak desagertuta (6. bi artikulukoak eta Lege horretako xedapen iragankor bakarrekoak), ordaindu beharreko kupoaren azken zenbatekoa kupo likidoari hauxe kenduta ateratzen da: Araba lurralde historikoaren aldeko konpentsazioak, bere tradizio historikoa dela-eta EAEko gainerako lurraldeekin alderatuz eskumen osagarriak dituena, eta lurralde komuneko probintzietan Gobernu zentralak egikaritzen dituenak. Eskumen horien garrantzia kuantitatiboa txikia da, baina horien kostua kupotik kentzen da, eta kendutakoa Arabari ematen zaio.

12. Ordaintzeko kupo likidoa

Kopuru hori Estatuari ordaintzen zaio azkenean, eta kupo likidoari (10) Arabako konpentsazioak kenduta lortzen da (11).