Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Ondorioak: Alde Bakarreko Arriskua

Kupoaren izaera dela-eta, Kupoaren kopurua Gobernu zentralak gastatzen duenaren arabera zehaztuko da eta ez du zerikusirik izango Lurralde Historikoek bildutako tributuekin. Hortaz, kupoa Gobernu zentralari eginiko ordainketa da, azken horrek gauzatutako gastuaren araberakoa; ondorioz, kupoa ez da Euskadiko Lurralde Historikoen zerga-bilketan Estatuak duen partaidetza. Kupoa zenbatzeko eta zehazteko erabiliko diren osagaietako bat ere, ez da euskal Administrazioek har ditzaketen erabakien mende edo baldintzapean. Horrek guztiak argi erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu duela zerga-bilketa txikiagoa izateko arriskua, bai euskal ekonomiaren egoera txarragoa delako Estatukoarekin konparatuta, bai EAEk bere tributu-araubidea finkatzeko onetsi dituen arauek zerga-bilketaren beherakada ekarri dutelako, bai EAEk bere tributuak biltzeko eta kudeatzeko eragingarritasun txikiagoa duelako, besterik gabe. Kupoaren urteko eguneratzea ere Administrazio zentralaren esku dauden aldagaietan soilik oinarritzen da. Ezaugarri hori da, izan ere, “alde bakarreko arriskua” deritzoguna, Euskal Autonomia Erkidegoaren erantzukizuna ziurtatzen duena EAEk hartutako erabakien gainetik.

Kupoaren kalkuluan eragin duten aldagaiak euskal erakundeen erabakien mende ez daudela egiaztatu nahi baduzu, sakatu hurrengo estekan: Kupoa zehazteko osagaiak.

Euskadiko Barne Produktu Gordin erlatiboa zein izan den eta indize horren eta egozpen-indizearen arteko lotura ikusteko, hurrengo grafikora jo dezakezu Euskadiko BPG eta egozpen-indizea 2002-2021.