Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

Itunaren Azterketa

Ekonomi itunaren finantzaketa-eredua

Federalismo fiskalaren teoriatik abiatuta, Ekonomi Itunaren araubidea deszentralizazio-eredu bat besterik ez da, nazioartean gero eta gehiago sortzen diren ereduen artean beste eredu bat, alegia. Ekonomi Itunaren finantzaketa-eredua Espainiako ereduan kokatu behar da, hots, "federalismo asimetrikoaren" ereduan, Ekonomi Ituna baita, Nafarroako Hitzarmenarekin batera, lurralde erkideko finantzaketa-eredutik ezberdina.

Nolanahi den ere, beste herrialdeetako Zuzenbideen ikuspegitik, Ekonomi Itunaren ezaugarriak oso bereziak dira. Berezitasunen artean nabarmen daiteke Itunak Euskal Autonomia Erkidegoari bere tributu-sistemaren sarrera guztien gaineko titulartasuna ziurtatzen diola; eta sarrera horiekin EAEren gastu-eskumenak finantzatu behar dituela eta Estatuko zama orokorren finantzaketan ere parte hartu behar duela. Hori gutxi izango balitz ere, horrez gainera lurraldeetako erakunde eskudunei (Batzar Nagusiei) aitortu die araubide hori aldatzeko ahalmena, unean-unean gobernatzen duten arduradun politikoen nahiak kontuan izanda, eta, ondorioz, eurek hartutako erabakiengatik herritar guztien aurrean erantzunda.

Ekonomi Itunaren araubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunak Europar Batasuneko Estatu-kideen ogasunen pare uzten ditu, bi arlotan izan ezik: batetik, euskal ogasunek ez dutelako aduana-arloan eskumenik eta, bestetik, euskal ogasunek ezin dutelako euren arautegia egokitu harmonizatutako zeharkako zergetara (BEZ eta abzisak edo zerga bereziak).

Herrialdeetako finantzaketa-sistemak aintzat hartuta, Ekonomi Itunaren araubidea egituratu da finantza-fluxuen bitartez Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean. Finantza-fluxu horien helburuak honakoak dira:

  1. batetik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion sarrera fiskalak benetan izango dituela ziurtatzea.

  2. bestetik, Estatuak garatutako eskumenen finantzaketan Euskal Autonomia Erkidegoaren partaidetza finkatzea.

Bi helburu horiek lortzeko, bi finantza-fluxu nagusi arautu dira: kupoa eta zerga-bilketaren gaineko egokitzapenak.