Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Kupoaren Kontzeptua

Ekonomi Itunaren 49. artikuluak jaso du Kupoaren legezko definizioa. Artikulu horrek hitzez hitz errepikatzen du Euskadiko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluko 2. idatz-zatian d) hizkian ezarritakoa:

Euskadik Estatuari egindako ekarpena kupo orokor bat izango da, eta kupo hori Lurralde Historiko bakoitzari dagokionak osatuko du. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu ez dituen Estatuaren zamei dagokien partaidetza da kupoa.

Ikuspegi ekonomikoetatik eta ikuspegi kuantitatiboetatik Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak garrantzitsuak badira ere, Estatuaren eskumen esklusiboak ere garrantzi handikoak dira. Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak baliabide gehienak lortzeko ahalmena duenez eta gastuko eskumen guztiak ez dituenez egikaritzen, administrazio- maila ezberdinen finantzaketa ez dator bat, desoreka sortzen da. Horrenbestez, Estatuaren finantzaketan gertatzen den egoera “defizitarioa” orekatzeko tresna da Kupoa. Hori horrela da Autonomia Estatutuak eta Ekonomi Itunak ezarri duten finantzaketarako lege-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoari ahalmen fiskal handia ekarri diolako.

Kupoa bat ez etortze hori orekatzeko aldagaia besterik ez da. Bestela esanda, Euskal Autonomia Erkidegoak Gobernu zentralari egiten dion ordainketa, Gobernu zentralak garatzen dituen eskumenak finantzatzeko.

Eginkizun edo eskumen horiei (Euskal Autonomia Erkidegoak) bere gain hartu ez dituen eskumen esaten diegu. Gastu horietako batzuk Autonomia Erkidegotik kanpora gauzatzen dira (esaterako, Erregearen Etxerako sostengua, Estatuko Erakunde Zentralak, Kongresua, Senatua, Defentsa, Atzerriko Harremanak edo Europar Batasunari eman beharreko ekarpena). Beste gastu batzuk, gastuetatik gutxienak, zuzeneko gastuak dira Euskadin (ulerbidez, interes orokorreko portu eta aireportuetako gastua edo Abiadura Handiko Trena).

Beste alde batetik, Euskadiko Lurralde Historikoek ia-ia zerga guztiak biltzen dituzte (itundutako tributuak). Gobernu zentralak, alabaina, sarrera batzuk ere lortzen ditu. Sarrera horiei itundu gabeko sarrera esaten diegu Kupoaren zenbaketarako, besteak beste, Espainiako Bankuaren dibidenduak, Europar Batasunarengandik jasotako transferentziak, ondasun higiezinen gaineko inbertsioen salmentak eta abar. Sarrera horiek ere Euskadiko egoiliarrei egotzi behar zaizkie. Horrenbestez, EAEk bere gain hartu ez dituen eskumenetan Gobernu zentralak gastatzen duen diru-kopurutik kendu behar dira Estatuak berak lortzen dituen itundu gabeko sarrerak.

Amaitzeko, Gobernu zentralak ez ditu bere gastu guztiak zergen bidez edo beste ondare-sarrera batzuen bidez finantzatzen. Gastuen zati bat bere burua zorpetuz ordaintzen ditu (defizita), hau da, orain gauzatzen dituen gastu batzuen finantzaketa etorkizunera atzeratzen du. Defizita, beraz, itundu gabeko sarreretariko bat da, baina sarrera berezia da Estatuak ez duelako partida hori Aurrekontuetan sartzen, 9. kapituluan. Defizita bi kopuruen arteko diferentzia da: batetik, Estatuko Aurrekontu Orokorretako gastu guztiak eta, bestetik, Aurrekontuetako I. kapitulutik VIII. kapituluraino jasotako sarreren batuketa.

Kenketa horiek eginda, azkenik, Kupoa honela defini daiteke:

KUPOAREN DEFINIZIO TEORIKOA

KUPOA = EAEk bere gain hartu ez dituen eskumenetan Gobernu zentralak egindako gastua

– Gobernu zentralak itundu gabeko sarrerekin bildutakoa

– Gobernu zentralaren defizita

  = EAEri egotzi beharreko gastua, bere gain hartu ez dituen eskumenengatik (BGHezE)

– EAEri egotzi beharreko itundu gabeko sarrerak (IGS)

– EAEri egotzi beharreko defizita (D)

Euskal Autonomia Erkidegoari eratxiki behar zaizkio Gobernu zentralaren sarrera eta gastu batzuk; eratxikipen hori egozpen-sistema baten bidez egiten da. Horretarako, EAEk bere gain hartu ez dituen eskumenetan Gobernu zentralak zenbat gastatu duen kalkulatzen da, Espainia osoko gastua aintzat hartuta, eta gastu oso horren ehuneko finkoa (onura-adierazle bezala) Euskal Autonomia Erkidegoari egozten zaio. Egozpen-sistema erabiliko da gastuak balioesteko, baita itundu gabeko sarrerak eta Euskadiri egotzi beharreko defizitaren zatia zenbatzeko ere. Euskadik bere gain hartu ez dituen zamak finantzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoak zein ehunekotan hartu behar duen parte ezarri du Ekonomi Itunak; ehuneko horri egozpen-indize (i) esaten diogu. Egozpen-indizea, funtsean, zehaztuko da Lurralde Historikoen errentek Estatuko errenta osoan duten pisuaren arabera.

Labur bilduz, kupoa honako formula honen aplikazioaren emaitza da:

KUPOA = (BGHezE – IGS – D).i

non,

BGHezE = EAEk bere gain hartu ez dituen eskumenen balioa Estatuko Aurrekontu Orokorretan

IGS = Itundu gabeko sarreren balioa Estatuko Aurrekontu Orokorretan

D = Estatuko Aurrekontu Orokorretan dagoen defizita

i = egozpen-indizea

KUPOA zehazteko metodologian sakondu nahi baduzu, sakatu hurrengo estekan: Kupoa zehazteko metodologia.