Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Finantza-oinarriak

Tributuei buruz ezarritakoaz gain, Ekonomi Itunak beste printzipio orokor batzuk biltzen ditu, Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanetako finantza-fluxuak eta aurrekontuetako fluxuak eragiten dutenak. Itunak fluxu horietako bakoitza identifikatzen du eta berori zehazteko metodologia ezartzen du.

Konstituzio-printzipioa den elkartasunaren aldeko errespetuaz gainera, finantza-harremanen printzipiorik garrantzitsuenak honakoak dira:

  • Euskadiko erakundeen autonomia fiskala eta finantza-autonomia.
  • Aurrekontuen egonkortasunari dagokionez, Estatuarekin koordinazioa eta elkar-lana izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuaren gastuetarako ekarpena egitea Euskadiri transferitu gabeko eskumenengatik, kupoaren ordainketaren bidez.

Toki-erakundeei dagokienez, finantza-zaintzaren gainean Ekonomi Itunak Euskadiko erakunde eskudunei eta Estatuari pareko ahalmenak aitortzen dizkie, beti ere euskal erakundeen autonomia-maila lurralde erkideko erakundeek dutena baino txikiagoa ez bada.