1) ESKUMENEN BANAKETA
Ekonomi Itunak Euskadiko Lurralde Historikoen erakunde eskudunei euren tributu-sistema eratzeko eta ezartzeko eskumena aitortzen die. Salbuespen bakarra Estatuari modu esklusiboan dagozkion eskubideak dira, hala nola:
- Inportazioen gaineko eskubideak eta inportazioei lotutako Zerga Bereziak eta BEZ.
- Ekonomi Itunak ezarritako goi mailako ikuskapena.
- Aipatutako ahalmenak erabiltzean Euskadiko Lurralde Historikoek printzipio nagusi batzuk errespetatu behar dituzte, hala nola, harmonizaziorako eta elkar-lanerako erregela jakin batzuk.
- Aplikazio-ahalmenak erabiltzeko, Ekonomi Itunak Euskadiko Lurralde Historikoei aitortu dizkie Estatuko Herri Ogasunak dituen jarduteko ahalmen berdinak.
2) TRIBUTU-SISTEMAREN PRINTZIPIO OROKORRAK
Ekonomi Itunak printzipio orokorren multzoa biltzen du. Printzipio horiek bi talde handitan sailka daitezke: batetik, Konstituzioari edo Estatutuari lotutako printzipioak, esaterako, Nazioarteko Itunak errespetatzea edo elkartasunari begirunea izatea; bestetik, Itunak ezarritako eskumenekin zuzeneko zerikusia duten printzipio orokorrak. Gainera, horietako bat Euskadiko Lurralde Historikoen arteko harremanei buruzkoa da, Lurraldeen arteko koordinazioa, harmonizazio fiskala eta elkar-lana izatea Eusko Legebiltzarrak emandako arauen arabera.Oinarri hau 1989ko maiatzaren 30eko Legearen bitartez garatu da, harmonizazio, koordinazio eta elkar-lan fiskalari buruzko Legearen bitartez. Lege horrek, gainera, Euskadiko Tributuak Koordinatzeko Organoa sortu du
.
Itunak ezarritako ahalmenekin zuzeneko zerikusia duten ondoko printzipioak aipa daitezke:
- Estatuko zergen antolaketa orokorra kontuan hartzea.
- Tributu-arauketa egitean, Lurralde Historikoek harmonizazio fiskalaren arauak errespetatzea. Hauen artean nabarmen daitezke, benetako presio fiskal osoa Estatuko gainerako lekuen parekoa izatea eta pertsona, ondasun, kapital eta zerbitzuen zirkulazio-askatasuna.
- Lurralde Historikoetako erakundeen eta Estatuko Administrazioaren arteko elkar-lana, batez ere hiru eremutan eragina izango duena, arauzko proiektuak elkarrekin trukatzeko betebeharra, Euskadiko erakundeek parte hartzea Nazioarteko Itunen negoziaketan eta aplikazioan, eta informazioa trukatzea.