Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea Ekonomi Ituna betetzeko eta aplikatzeko orduan sor litekeen edozein arazo konpontzeko ardura duen organoa da. Batzorde horren helburu nagusia Ekonomi Itunaren 4. artikuluak ezarritako elkar-lanerako printzipioa eragingarri bihurtzekoa da. Horrenbestez, izaera teknikoa duen Batzordea da, Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoak duena baino izaera teknikoagoa baitu. Horrela ezarri denez, Batzordea zortzi kidek osatzen dute: Estatuko Administrazioaren lau ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lau ordezkarik ere; azken horiek Eusko Jaurlaritzak izendatzen ditu, horietatik hiru Foru Aldundi bakoitzak proposatuta. Oro har, Foru Aldundien ordezkaritza Ogasun eta Finantza Foru Diputatuek hartu ohi izan dute eta Eusko Jaurlaritzarena Ogasun eta Finantza Sailburuordea. Estatuko ordezkaritzari dagokionez, Ogasun Ministerioaren goi karguek osatzen dute, Ogasuneko Estatu Idazkaria presidentea dela.

Batzordeak erabakiak hartzeko prozedura arautu ez denez, administrazio-prozeduraren arau orokorrak aplikatuko dira. Batzordearen eginkizunak honakoak dira:

  • Tributu-arauak Ekonomi Itunera egokitzen diren ebaluatzea, arauak argitaratu aurretik.
  • Ekonomi Itunak jasotako lotura-guneen aplikazioaren gainean egin daitezkeen kontsultak konpontzea. Desadostasunik badago, bai Batzordeak bai administrazioetako edozeinek Arbitraje Batzordeari bidal diezaioke espedientea, hark ebatzi dezan.
  • Lotutako pertsonen edo erakundeen arteko eragiketak erregularizatzeko edo eragiketak zergadunak aitortu dituen moduan ez, beste era batera baino kalifikatzeko koordinazio kontuei buruz ebaztea. Aurreko letran bezala, desadostasunik egonez gero, batzordeak nahiz administrazioetako edozeinek espedientea arbitraje batzordeari bidali ahalko dio, hark ebazpena eman dezan.
  • Egoki deritzon azterlanak egitea, araubide autonomikoaren eta Estatuko marko fiskalaren arteko uztarketa behar bezala gauzatzeko, eginkizunaren eta egituraren aldetik.
  • Administrazio eskudunei euren jardunerako irizpide bateratuak eta informatikako plan eta programak eskaintzea, eta elkar-lanerako printzipioa eta informazioaren trukaketa benetan gauzatzeko tresnak, bitartekoak, prozedurak edo metodoak eratzea.
  • Ikuskapen arloan Estatuko Administrazioaren eta Foru Aldundien artean sor litezkeen kasuak edo arazoak aztertzea, baita tributuetan izan litezkeen balorazio-arazoak ere.
  • Ogasun Ministerioak, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundietako Ogasuneko Sailek, eta Arbitraje Batzordeak eskatutako txostenak egitea.
  • Ekonomi Ituna betetzeko eta aplikatzeko behar den gainerako edozein eginkizun.