Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Ekonomi Itunaren Arbitraje Batzordea

Arbitraje Batzordea Ekonomi Itunaren aplikazioari buruz Administrazioen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko organoa da. Gatazka horietan Ekonomi Itunaren aplikazioa norbanakoen tributu-harremanen gainean eta eskumenei buruzko beste arazo batzuk jorratuko dira.

Arbitraje Batzordea osatzen dute itzal handiko hiru adituk, tributuen eta ogasunaren arloan lanbidez hamabost urte baino gehiagotan aritutakoak. Batzorde-kideen izendapena Ogasun Ministroak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak formalizatuko dute, eta karguan sei urteko epean izango dira.

Arbitraje Batzordearen erabakiak administrazio-zuzenbidearen arau orokorren arabera hartuko dira. Badago berezitasun bat erabaki horien aurka errekurtsorik jarri nahi izanez gero, Auzitegi Gorenean soilik jar daitekeela, administrazioarekiko auzien errekurtsoa erabilita.

Arbitraje Batzordeak honako eginkizun hauek ditu:

  1. Ekonomi Itunaren aplikazioaren gainean, Foru Aldundietako Administrazioen eta Estatuko Administrazioaren arteko gatazkak konpontzea, bai eta Foru Aldundietako Administrazioen eta Autonomia Erkidegoen Administrazioen arteko gatazkak ere. Gatazka horiek izan daitezke itundutako tributuetako lotura-guneen aplikazioari buruzkoak, edota Balio Erantsiaren gaineko Zerga nahiz Sozietateen gaineko Zerga lurralde batzuetan batera ordaindu behar direnean Administrazio bakoitzari dagokion proportzioa zehaztekoak.
  2. Administrazio interesatuen artean sor daitezkeen gatazkak erabakitzea, norbanakoen tributu-harremanen gainean Ekonomi Ituna kasu zehatzetan aplikatu eta interpretatu behar denean..
  3. Zergadunen egoitzari buruz sor daitezkeen desadostasunak ebaztea.

Arbitraje Batzordean bideratu beharreko prozedura berezi batzuk ere aurreikusten ditu Itunak, gatazken izapidetzea sinplifikatu nahi dutenak: prozedura laburtua, efektuen hedapena eta betearazpen-intzidentea.

Amaitzeko, aipatu behar da, Arbitraje Batzordera gatazka ekarriz gero, ordura arte gauzatzen ari ziren administrazio-jarduketak eten egingo direla gatazka konpondu arte. Arbitraje Batzordeak gatazka horiek konpontzeko erabiliko duen prozedura garatu izan da araudi edo erregelamendu baten bidez; erregelamendu horiabenduaren 28ko 1760/2007 Errege Dekretuak onetsi zuen. Itunaren azken aldaketaren bitartez, bere araubidean aurreikusitakoa txertatzeaz gain, hiru prozedura berri hauek txertatu dira: prozedura laburtua, ondorioen luzapena eta egikaritze gertakaria.