Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoa

Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoa da Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioen arteko harremanetarako organorik gorena. Esanbidez esleitu zaizkion eginkizunak izateaz gain, hondar-izaerarekin, tributu eta finantzen arloan behar den beste edozein eskumen ere berari dagokio, Ekonomi Itunak ezarritakoa unean-unean garatu eta aplikatzeko beharrezkoa bada.

Batzorde Mistoa hamabi kidek osatzen dute, Administrazio zentralaren aldetik seik eta euskal Administrazioen aldetik beste seik. Azken horien artean Foru Aldundi bakoitzetik ordezkari bana izango da eta Eusko Jaurlaritzaren izenean hiru kide. Orain arte, Foru Aldundietako ordezkaritza Lurralde Historikoen Ahaldun Nagusientzat izan ohi da; Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien artean, ostera, Ogasun eta Ekonomi Sailburua, Batzordekide izendatzen den Eusko Jaurlaritzaren beste Sailburu bat eta Ogasun Sailburuordea izan dira. Ogasun eta Finantza Sailburua euskal ordezkaritzaren presidentea da eta Sailburuordea Batzordearen idazkaria, Estatuko ordezkarien artean zeregin berdinetarako izendatu den kidearekin batera. Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa (Estatuko ordezkaritzaren presidentea), Ministerio horretako goi karguak eta beste arlotako Ministroak, horretarako izendatzen badituzte.

Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoaren erabakiak aho batez hartu behar dira, batzorde-kide guztien aldeko botoarekin. Eginkizunei dagokienez, eta Ekonomi Itunak edo bestelako xedapenek esanbidez ezar litzaketen gainerako eginkizunak gorabehera, hurrengoak esleitu zaizkio Batzorde Mistoari:

  • Ekonomi Itunaren aldaketak erabakitzea.
  • Aurrekontuen egonkortasunari dagokionez, Estatuarekin koordinazio eta elkar-lanerako konpromisoak hartzea.
  • Bost urteko epealdi bakoitzean kupoa zehazteko metodologia erabakitzea.
  • Arbitraje Batzordeko kideen izendapena eta araubidea ezartzea, baita Batzorde horren jarduna, deialdiak, bilerak eta erabakiak hartzeko araubidea ere.
  • Ekonomi Itunak ezarritakoa garatu eta aplikatzeko unean-unean behar diren erabaki guztiak hartzea, tributuen arloan eta finantzen arloan.