Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Itundutako Tributuak

Itundutako tributu bakoitzaren kasuan, Ekonomi Itunak irizpide batzuk garatu ditu, tributuok arautzeko eskumenak, horiek ikuskatzeko eskumenak edota horiek biltzeko eskumenak nola banatzen diren zehazteko. Halaber, zergaz zerga, beharrezko erregelak ere ezarri ditu formazko nahiz materiazko alor berezien gaineko eskumenak banatzeko.

Ekonomi Itunaren araubideak bermatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak tributu-sistema osoa edukitzea, Itunak berak adierazitako eskumenak izan ezik, azken horiek Estatuarenak direlako modu esklusiboan. Horretarako, Ekonomi Itunaren Bigarren Xedapen Gehigarriak esandakoaren arabera, Estatuaren tributuen antolamendu juridikoa eraldatzen bada eta eraldaketa horrek itundutako tributuen gainean eragina badu, edota zeharkako zergen arloan araugintzako eskumenen banaketa aldatzen bada edota tributu berriak nahiz konturako ordainketa berriak sortzen badira, orduan Administrazio biek adostasunez Ekonomi Ituna eguneratu beharko dute antolamendu horrek izan dituen aldaketetara egokitzeko. Modu horretara, une oro, itundutako araubidea egiazko egoerara eta Estatuan indarrean den tributu-sistemaren egiturara egokitzen dela ziurtatuko da. Horrek guztiak ere azaltzen du hurrengo harmonizazio-erregela: horren arabera, Lurralde Historikoek euren tributu-araubidea lantzean, Espainiako Estatuko zergen antolaketa orokorra kontuan hartu behar dute.

Jarraian laburpen-koadroak ikus ditzakezu itundutako tributu bakoitzari aplikatu beharreko lotura-guneekin, bai araugintza, bai ikuskapen bai bilketari begira.

Azkenik, Ekonomia Itunak tributudunek beren informazio betebeharrak zein administraziotan bete behar dituzten zehazten duten irizpideak ezartzen ditu.