| Indarreko Kupoaren Legeak 2007tik 2011raino bost urteko epealdirako bi xedapen gehigarri jaso ditu; xedapen horietan ordaintzeko kupo likidora sartutako finantza-fluxu osagarri batzuk arautu dira. Ildo horretatik, Lehenengo Xedapen Gehigarriak eutsi dio abuztuaren 4ko 37/1997 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarrian ere ezarritakoari; azken Lege horrek Euskadiko Kupoa zehazteko metodologia onetsi zuen 1997-2001 bost urteko epealdirako. Lege horretan, beraz, "finantza-konpentsazio" batzuk ezarri ziren neutraltasuna lortzeko justifikazioarekin, 1997an Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziak itundu zirenean onartu zenez. Konpentsazioaren kopurua honela kalkulatuko da: Zerga Berezien mendeko figura bakoitzean aurreikusitako zerga-bilketari (behin-behineko kupokoa) edo figura horretan izandako benetako zerga-bilketari (behin betiko kupokoa) koefiziente batekin biderkatu behar zaio. Koefiziente hori izango da egozpen-indizearen (%6,24) eta Euskadirako balioetsi diren kontsumo-ehunekoen arteko aldea (%7,13 Alkohol, Edari Eratorri, Tarteko Ekoizkin eta Garagardoarentzat, %6,56 Hidrokarburoentzat eta %4,4 Tabako-motentzat). Beste aldetik, Hirugarren Xedapen Gehigarriak ezarri duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan lortu izan diren zenbait xedapen eta akordio aplikatuko dira hiru arlotan: Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta norbere autonomia sustatzeko Sistema eratzean, Hezkuntzaren Lege Organikoaren garapenean, eta osasun-gastuak finantzatzeko akordioetan, 2005eko irailaren 10ean egindako Presidenteen Konferentzian hartutakoak. Kasu guztietan, aipatutako gastu-eginkizunak garatzeko finantzaketa osagarria da eta Euskadik finantzaketa horretan egozpen-indizearen araberako partaidetza (%6,24) izango luke. |
| Indarreko Kupoaren Legera sartutako beste osagai batzuk |
