Gure foru-ogasunak,
gure nortasun historikoaren zati bat

Aurrekariak

“Zerga-salbuespenaren” jatorria

Foraltasun klasikoaren osagai bereizgarrienetako bat foru-lurralde bakoitzeko ogasunaren sistema propioa izatea da; lurralde horien ezaugarria da, hala ere, forukoak ez diren lurraldeetan indarrean dagoen sistematik bereiztea.

Bizkaiko Jaurerrian indarrean zegoen sistemari erreparatuz, zeinaren zerga-araubidea askoz ere desberdinagoa baita Gaztelako koroaren lurraldeetan aplikatutakoarekin alderatuta Araba eta Gipuzkoakoekin alderatuta baino, Juan I.ak berak, 1371tik Bizkaiko jauna eta 1379tik Gaztelako erregea zenak, adierazi zuen Bizkaiak ez zuela jesapenik, petxarik edo bestelako zergarik ordaindu behar “ez duelako inoiz egin”; jakina, bere Jaunari izaera horregatik beragatik zor zizkion errentak alde batera utzita. 1452ko Foru Zaharreko IV. kapituluan zehatz adierazten da Bizkaiko eskaeraren edukia, hau da, Jaunari ordaindu beharreko errentak.

Ondoren, Bizkaiko Foru Berriaren I. Tituluaren IV. Legean (1526) bizkaitarrek euren Jaunari ordaindu beharreko zergak jasotzen ziren, honako hau ezarriz: “é otro pedido, ni Tributo, ni Alcavala, ni Moneda, ni Martiniega, ni Derechos de Puerto seco, ni Servicios, nunca lo tuvieron: Antes todos los dichos Vizcaynos, Hijos-Dalgo de Vizcaya, y Encartaciones, y Durangueses, siempre lo fueron, é son libres, y essentos, quitos é franqueados de todo Pedido, Servicio, Moneda, é AIcavala, é de otra qualquiera imposicion que sea, ó ser pueda, assi, estando en Vizcaya, y Encartaciones, é Durango, como fuera de ella”, eta manu horretan oinarritu nahi da zerga-salbuespenaren jatorria.

Foru berri horren arabera, Jaunak, aipatutako zergez gain, ezin zuen zerga gehiago eskatu; dena den, horrek ez zuen eragotzi horrelakorik ordaintzea, erakundeei (adibidez, Batzar Nagusiei) laguntzeko. Herriek, beren bizilagunen kontribuzioei esker, “derrama” zergak ordaintzen zituzten betebeharrei aurre egiteko, esate baterako, bideak mantentzeko, edo, behar izanez gero, hornidura antolatzeko.

Gainera, hor zegoen elizaren zerga nagusia, hamarrena izenekoa, elizjendeak edo elizetako patroi laikoek biltzen zutena. Nobleek ere biltzen zituzten zergak, adibidez, beren errota zein zubiak erabiltzeagatik. Esate baterako, 1511ko “Bilboko Kontsulatua” merkatari elkarteak ere biltzen zituen bereak, matxura eskubideak, hain zuzen ere.

Aipatutakoaz gain, Bizkaian, Jaunak hala behar izanez gero, borondatezko –batzuetan nahitaezko– dirua edo zerbitzua ordaindu beharra zegoen, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako monarkia hispanikoaren gastu handiak ordaintzen laguntzeko.

Bizkairako Lehen Arbitrio Komuna

Jaurerriak, bere gastuei –dirua ematea barne– aurre egiteko, “fogerazioak” erabiltzen zituen, hau da, herrietako bizilagunak etxeen edo “suen” arabera zenbatzen zituen eta bildu beharrekoa haien artean proportzionalki banatzen zuen. Erregeak gatza estankoan sartu nahi izan zuen, eta ondorioz gatzaren matxinada gertatu zen. Aurreko urtean, 1630eko Konkordia, ren bitartez, Bizkaiko eskualde bakoitzak Batzarretan izan beharreko ordezkaritza erabaki zuten, baina arbitrioak (jan, edan eta erretzeko produktuen salneurrien gaineko errekarguak) ezin zirela ezarri berretsi zuten. Era berean, hitzarmen horren bidez, Bizkaiko eskualde bakoitzak Batzar Nagusietan izan beharreko lurralde ordezkaritza erabaki zuten.

Kontrako iritzirik baldin bazegoen ere, baliabideak behar zituzten eta horregatik Bizkairako lehen arbitrio komuna bildu behar izan zuten azkenean, 8 marabedi burdin beta kintaleko, hain zuzen ere. Horretarako, herriek arbitrio hori biltzeko aukera izan zezaten, Foruan aurreikusitako sistema ezarri zen: Batzar Nagusietan behar adinako gehiengoa lortzea (bi herenekoa), ondoren Koroari oniritzia eskatzeko. Behin pauso horiek bete zirenean, arbitrioa gauzatu ahal izan zen Jaurerri osorako. Egiaztatu ahal izan denez,

1640tik daude Bizkaian ekonomia kudeaketako kargu zehatzak: Jaurerriko Diruzaina edo Jaurerriko Kontulari Nagusia. Erregeak Bizkaian zuen ordezkariak, Korrejidoreak, zeregin garrantzitsua betetzen zuen zerga administrazioan, banaketarako eta ordainketarako baimenak ematen baitzituen.

Bidesariak eta arbitroak. Sutegietatik kutxetara

Hasierako sistema xumea, ordea, zaildu egin zen, XVIII. mendean batik bat, bai Koroak eskatutako diru-emateak bai Aldundiaren konturako defentsa-gastuak gehitu egin zirelako. Gainera, XVIII. mendearen erdialdean Aldundiaren jarduera berri bat sortu zen: errepideak eraikitzea. Diputazioak egin zuen lehen lana, Bilboko Kontsulatuarekin eta Udalarekin batera, Bilbo eta Pancorbo Urduñatik lotzea izan zen –bertan bat egiten zuen Madrilerako errepidearekin–, eta 1771. urtean zabaldu zen. Nahiz eta Aldundiak ekimen horren heren bat besterik ez zuen ordaindu behar, horrek ahalegin izugarria eskatu zion, eta, horren ondorioz, diru-sarrera berriak bilatu behar izan zituzten. Konponbidea hauxe izan zen: gurdi, gurditxo eta zamariek bidesariak ordaintzea.

Gauzak horrela, arbitrioak Jaurerriko erakundeetako finantza-sistema nagusi moduan nabarmendu ziren. 1804an fogerazioak baztertu egin ziren, ez zirelako baliagarriak, eta, beraz, urte hartatik aurrera, arbitrioak –gero eta zabalagoak– eta bidesariak izan ziren Jaurerriko ondareko baliabide bakarrak.

Arbitrioak zabaldu ahala, “kutxak” azaldu ziren, hau da, arbitrio bakoitza gastu jakin baterako biltzea. Horrela, honako Kutxa hauek sortu ziren: Kutxa Orokorra; Gerra Kutxa (1793. urtean sortua, lehenbizi partikularren borondatezko diru-emateak gordetzeko, eta ondoren derrigorrezko kontribuzioak gordetzeko –merkataritzako eta jabetzaren errenten %6, esaterako– eta funts horiekin partikularrei eskaturiko maileguak bermatzeko); Tabakoarena (1794), produktu horren gaineko arbitrioen diru-sarrerak biltzeko; Bideena, ardoarena biltzeko; Diru-ematearena (1801), azukrearen, kanelaren, kakaoaren eta bakailaoaren gaineko arbitrioen diru-sarrerak biltzeko.

1802. urtean aurreko egoerara itzuli zen, alegia, diru-sarreren kontrola Diruzain bakarraren esku utzi zen,Jaurerriko Diruzainaren esku, hain zuzen ere, baina kutxek XIX. mendean zehar ere iraun zuten. Beraz, arbitrioak zabaldu ahala, kutxak ere hedatuz joan ziren. Dirua bi eratan biltzen zen: Jaurerriko funtzionarioen bidez; eta arbitrioen errendimenduak errentan emanez. Tabakoaren Kutxaren kasuan, ordea, arbitrioa Diputazioaren langile batek (Aholkulariak) biltzen zuen zuzenean.

Zerga-sistema uniformizatzeko eta hedatzeko lehen saiakerak

Egoera berezi hori hiru probintziatan baino ez zen gertatzen: Bizkaiko Jaurerrian, Araban eta Gipuzkoan. Baina XVIII. mendean egoera nahasten hasi zen.

Felipe V.a Borboia errege bihurtu zenetik, Planta Berriko Dekretuen bidez, ordura arte Aragoiko Koroan ordezkapen-sistemak zituzten lurraldeak Gaztelarekin berdindu ziren, eta horrek are bereziago bilakatu zuen lurralde horien egoera. 1718an aduanak bateratzen saiatu ziren eta horrek beste matxinada bat eragin zuen –1720an aduanen bateratzea baliorik gabe geratu zen–. Erregeak foru erakundeen funtzionamenduan parte hartze zuzenagoa izateko ahaleginak egin bazituen ere, frankizia baskongadoek ia XVIII. mende osoan arazo handirik gabe iraun zuten.

1794 eta 1801 bitartean Jaurerriko sistema fiskala erabat hedatu zen: zuzeneko eta zeharkako zergak agertu ziren eta hiru kutxa berri sortu ziren: Gerrarena, Tabakoarena eta Diru-ematearena. Gastuak areagotu egin ziren, tamainan ez ezik, motetan ere bai. Hasieran Erregeari bakarrik ematen zitzaion dirua, baina gero bestelako inbertsio handiak egiten ziren, honako hauei aurre egiteko: kostaldeko defentsak, kanoiak, munizioa, diputazioko langileak –40 langile inguru, XVIII. mendean– eta tributuen erreforma horren arabera sortuko ziren lanpostu berriak.

Era berean, mende amaierako gizarte eta ekonomiako krisiak segurtasunik eza eta pobrezia handiagoa ekarri zuen; hori zela-eta, ongintzako gastuak gehitu behar izan ziren, baina baita ordena publikokoak ere. Horrela, ” Talde ibiltaria” sortu zen, Mikeleteen eta Miñoien aurrekaria, hain zuzen ere.

Arazo larriak Konbentzio Gerraren (1793-95) ondoren hasi ziren; izan ere, Diputazioek gidatutako tropek nahiko maila eskasa eman zuten gerra horretan. Jaurerriko Haziendak izugarrizko ahalegin ekonomikoa egin behar izan zuen tropa horiek antolatu eta gerrari lotutako beste zenbait gaiez arduratzeko. Ahalegin hori, gainera, hurrengo gatazketan areagotu egin zen: Independentzi Gerran (1808-1812), Hirurteko Liberalean (1820-1823) izan zen konstituzio-erregimenaren ezarpen gatazkatsuan, eta are gehiago Lehenengo Karlistadan.

Gerra Karlistak eta Foruen Abolizioa

Dena den, arazorik larrienak monarkia absolutuaren ordez monarkia konstituzionala –Isabel II.arekin, 1833tik aurrera– agertzean sortu ziren. Izan ere, arazoak gorabehera, Espainian Estatu Nazioa ere sortzen ari zen une hartan, eta, horregatik, zaila zen bateratzea legearen aurreko berdintasuna oinarri zuen erregimena eta Forua eta horrek berekin zekartzan berezitasunak.

Lehenengo Gerra Karlista (1833-1839) dinastikoa izan bazen ere, honek iraun zuen bitartean Foruak mobilizazioa eragin zuen. Bergaran Maroto eta Espartero Jeneralen arteko Besarkadarekin batera bukatu zenean (Karlista bata eta Liberala bestea, hurrenez hurren), Esparterok Gobernuaren izenean Foruaren arazoari irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuen. 1839ko urriaren 25eko Legea, honen ondorio zuzena izan zen. Horren bidez, konstituzioaren batasunari kalterik egin gabe, Foruak berretsi eta Nazioaren interesen barruan Foruen erreformari ekiteko etorkizunean Diputazioentzako audientzia bat aurreikusi egin zen.

Foru Aldundiak berriz jarritakoan, berezitasun hori, batez ere, zergen esparruan nabarmendu zen. 1841. urtean Aldundi baskongadoek bat egin zuten Esparteroren aurkako altxamendu batean, baina porrot egin zuten eta foralismo tradizionalaren zenbait elementu desagertu egin ziren betiko. Horrek aduanak barnealdetik kostaldera eramatea ekarri zuen. Ordura arte, aduanak, portu edo mugetan kokatu beharrean, mesetarekin mugakide ziren barnealdeko tokietan (Balmaseda, Gasteiz eta Urduña) zeuden, eta horrela, Euskal Herrian inportatutako produktuek ez zuten sarrera eskubiderik ordaindu behar Gaztelan sartu arte. Barne aduana horiek zein Ebroko lerroak, arazoak gorabehera, Aro Modernoan bere horretan iraun zuten, baina 1841. urtean, Euskal Herria behin betiko Espainiako nazio-merkatuan sartzea erabaki zuten.

Foru-baimena ere indargabetu egin zen; ordura arte, Erregeak edo bere Gobernuak hartutako erabaki guztiek foru agintarien oniritzia behar zuten, eta soilik Foruekin bat zetozenean betetzen ziren; baina indargabetu ondoren hori bertan behera geratu zen. Udalak osatzeko berezitasunak ere desagertu egin ziren, eta ordutik aurrera lege orokorren arabera eratu beharko ziren ezinbestean. Udal zein foru instantzietako justizia-eskumenak 1. auzialdiko Auzitegien esku geratu ziren. Estatu liberala, bere udal edo epai antolaketa administratiboan, bateragaitza zen tradiziozko foru antolamenduekin.

Haatik, Espartero erori eta gero, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiak, diru-emateak eta tabakoaren gaineko zergak berrezarri ziren. Esaterako, 1845ean, Estatuaren Ogasuna erabat aldatu zen Mon-Santillanen aldaketa ezagunaren bidez (kontuan izan hori izan dela Espainiako zerga sistemaren oinarria 1977. urtea arte); baina Bizkaian eragin eskasa izan zuen, eta sistema horretako zerga gehienak bildu gabe jarraitu zuten. Izan ere, diru-emateak, aduana-errentak, hipoteka-eskubideak eta zedula pertsonalak ziren Estatuak Bizkaian zituen diru-iturri bakarrak.