Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

la historia del concierto económico en profundidad

Berriztapenak

Jaitsi PDF-a

Ekonomia Ituna hasieran urte gutxi batzuetarako pentsatu bazen ere, 1886. urtean lehenengo aldiz berriztatu zen. Ogasun Zentralean eragindako aldaketek aldaketak eragin zituzten Itunean, baina sistemak berehala erakutsi zuen bazuela aldaketok gauzatu ahal izateko adinako malgutasuna. Horrela, 1886an Ituna lehenengo aldiz berriztatu eta gero, beste berriztapen batzuk egin ziren 1894, 1906 eta 1926an.

Berriztapenek abantaila nabarmenak zekartzaten: Ogasun Ministerioak berehalako diru kopuru seguruak biltzen zituen inolako gasturi lotu gabe; Aldundiek, berriz, zergak kudeatzen eta ordaintzen jarraitzen zuten.

Diputazioei, berriz, Itunak eskumen ugari ematen zizkien, eta horri esker autonomia-maila handia zuten: eurek hautatzen zituzten beren langileak, Udaletako kontu eta aurrekontuak kontrolpean zituzten, eta ez zioten inori beren aurrekontuen berri eman behar (ez Gobernuko Ministerioari, ez inolako Kontu Auzitegiri); probintzietako errepideen sare zabala kudeatzen zuten, probintzietako polizia zuten (Miñoiak Bizkaian eta Araban, eta Mikeleteak Gipuzkoan); probintziako ongintzari laguntzen zioten; Arte Ederretarako diru-laguntzak ematen zituzten; katedrak –Bizkaiko Institutuko euskararena, kasu– eta Landetxe ereduak sostengatzen zituzten eta abar. Elkarri komeni izan zitzaien sistema horrek eta Diputazioek kudeaketan eskaintzen zuten eraginkortasun-irudiak erregimena bera indartu zuten, emaitza onek legitimazio ematen zuten neurrian. XIX. mende amaierako eta XX.aren hasierako masa-alderdi berriak Diputazioen buruan zeuden dinastikoek eginiko kudeaketarekin kritiko azaltzen baziren ere, horrek ez zuen esan nahi sistemaren beraren aurkakoak zirenik. Izan ere, indar sozialista zein abertzale horiek Bizkaiko Diputazioan gutxiengo adierazgarria eskuratu zutenean, kudeaketako kontu jakin batzuk aldatu zituzten soilik, eta aldaketa horiek ez zuten inolako krisirik eragin adostutako erregimenean.

Ogasun Zentralean eragindako aldaketek Itunean aldaketak eragin zituzten, baina sistemak berehala erakutsi zuen aldaketok gauzatu ahal izateko adinako malgutasuna. Horrela, 1886an Ituna lehenengo aldiz berriztatu eta gero, 1893an, German Gamazo ministroak egindako zenbait aldaketa zirela medio, berriro ere aldatu behar izan zen, eta aldaketa horiek, hain zuzen, moldaketa berri bat eragin zuten hurrengo urtean. Une horretan bertan, 1894. urtean, Ogasun Ministerioak ofizialki onartu zuen Aldundien "independentzia ekonomiko eta administratiboa" errespetatzea. Laurogeita hamarreko hamarkadan, beraz, sistema finkatuta zegoen. Hala, 1898an, Kubako Gerra zela-eta, Ministerioak kupoa gehitzeko –gehitze-ehuneko finkoak ezarriz– eskatu zuenean, Aldundiek urte horretarako Diru-ematearen ordainketa negoziatu zuten, hurrengo urteetan gehitzerik ez izatearren. 1900ean, Fernandez Villaverderen tributu-erreformarekin, Ituna berriz ere zati batean aldatu zen, eta erantsi zitzaion berritasun nagusia Ondasun higigarrien Irabazien gaineko Kontribuzioa izan zen. Kasu honetan, adostutakoei zerga berri bat erantsi ez ezik, klausula bat ere ezarri zitzaien: horren bidez, Espainia osoan zehar jarduten zuten enpresa baskongadoek, Ministerioari ordaindu beharrean, zergak Diputazioei ordainduko zizkietela zehaztu zen.

Horrela, Bizkaiko ekonomia industrialago eta dinamikoago bihurtu ahala, Estatuarekiko harremanak ere sendoagoak izango ziren. Horren ondorioz, enpresa askok arazoak izan zituzten zergekin; izan ere, Ministerioak lurralde erkidetik zetozen irabazien gaineko zergak ordainarazi nahi zizkien, nahiz eta Itunak horretarako biderik eman ez. 1906. urtean berriztatze hitzarmen berria izenpetu zen, ohikoa baino epe luzeagorako, hogei urterako, hain zuzen ere. Hitzarmen horrek gehitze txiki bat ere hartu zuen aintzat iraunaldiaren hamargarren urtean, 1916an, alegia. Lehen Mundu Gerran zehar (1914-1918), Espainiak, herrialde neutrala izaki, gerran zeuden herrialdeek ekoiztu ezin zituzten produktuen eskari handiaz baliatzeko aukera izan zuen. Horrek salneurrien gorakada nabarmena eragin zuen. Aldi berean, Bizkaiko ekonomiako zenbait sektorek, ontzigintzak eta siderometalurgiak, kasu, inoiz ez bezalako irabaziak erdietsi zituzten nazioarteko merkatuetan. Beraz, 1906an, erabat desberdina zen une ekonomiko batean, adostutako kupoak ez zuen inondik ere ekonomi onuren berri ematen.

Trianoko Trenbideak lehengoko etekinak ematen ez bazituen ere –batzuetan galerak ere izan zituen, meatzeek pixkanaka behera egin zutelako–, Bizkaiko Diputazioak egundoko diru kopurua bildu zuen Irabazien gaineko zergei esker. Emaitzak berehala nabarmendu ziren: auzo-eskolak sortu ziren, bideetarako diru-hornidurak gehitu ziren, behar-beharrezko produktuen gaineko arbitrioak murriztu ziren, kultura-erakundeak (adibidez, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia) sortu eta finantzatu ziren, eta abar. 1926an Ituna berriztatu beharra zegoen, eta aurrez aipaturiko faktore horiek guztiek zailago egiten zuten lurraren pobreziaren argudioari heltzea –argudio hori erabili ohi zen foru berezitasuna azaltzeko eta proportzioan txikia zen kupoa ordaintzeko–. Hogei urte horietan (1906-1926) biztanleria eta aberastasuna nabarmen igo zirenez, Ministerioak zergak biltzeko modu alternatibo bat abian jartzen saiatu zen: Itunari zegokion kupoa aparte utzita, helbidea Baskongadetan izanda ere lurralde erkidean kokatuta zeuden enpresen tarifen zati bat biltzen ahaleginduko zen.