Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

la historia del concierto económico en profundidad

Deuseztatzea

Jaitsi PDF-a

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Ekonomia Ituna deuseztatu egin zen Bizkaian eta Gipuzkoan, irabazleen iritziz probintzia horiek traidoreak ziren eta. Aldiz, Nafarroako eta Arabako Ituna bere horretan utzi zuten, eta diktadura frankista osoan gorde.

Azken berriztapena egin eta hurrengo hamar urteetan, 1926 eta 1936 bitartean, Diputazioen eta Ogasun Ministerioaren arteko arazoak agertzen hasi ziren. Arazo horiek areagotu egin ziren II. Errepublikan, Autonomia Estatutuaren eztabaida prozesuan. Politika-arazoak konponduta zeudenean, ordea, tributu- arazoak sortu ziren. Izan ere, 1936ko udan, Ogasun autonomoaren eta honek Itunarekin zuen loturaren gaineko eztabaida impasse batean gelditu zen. Uztailean, Franco jenerala II. Errepublikaren kontra altxatu zen eta Gerra Zibil odoltsua hasi zen. Bizkaiko Diputazioak ogasun-gaietan jarduten jarraitu bazuen ere, ekonomi-politika, ordea, 1936ko udazkenean antolatutako larrialdiko Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen.

1937ko ekainaren 19an tropa frankistak Bilbon sartu ziren. Egun gutxira (hil bereko 23an), Bizkaiko eta Gipuzkoako Ituna deuseztatzeko Dekretua argitaratu zen, Nafarroako eta Arabako Ituna bere horretan utziz. Mendekua izateaz aparte, indargabetze horrek Itunaren "ospea" ezabatu nahi zuen, alegia, euskal zergadunei onura gehiegi ekarri omen zizkielako, nonbait. Gainera, ezin dugu ahaztu irabazleek gerrarako baliabide handiak behar zituztela, eta biderik azkarrena aukeratu zuela: Ituna deuseztatzea eta Bizkaian Ogasun Zentrala ezartzea. Dekretu horrek, bertako Ogasunaren galeraz gain, beste zenbait ondorio ere ekarri zituen: probintziako bideen sarea Ministerioaren menpe geratzea (horrek utzikeria eragin zuelarik), eskolak ixtea, probintziako polizia –Miñoiak edo Foru Poliziak– deuseztatzea... Gerraondoan, 60ko hamarkadan batik bat, Ituna berreskuratzeko ahalegin batzuk izan baziren ere, ez zuten inolako arrakastarik izan.

Estatu frankista oso zentralizatua eta hierarkizatua zen eta beldur zen hain baliabide handiko eta autonomo bihur zitezkeen ogasunen aurrean; horixe izan zen, neurri handi batean, porrot horren zergatia. Franco hil baino egun batzuk lehenago, 1975eko azaroan, Bizkaia eta Gipuzkoarako araubide berezia aztertuko zuen Batzorde berezia osatzea erabaki zen. Haatik, Ituna ez zen berreskuratu. 1978ko Konstituzioan gauzatu zen erreforma politikako prozesuak, 1937ko Dekretuaren deuseztatzea ez ezik, Euskadi Autonomia Erkidego moduan antolatzea ekarri zuen.