Gure foru ogasunak,
gure nortasun historikoaren zati bat

Ekonomia Itunaren Hasiera

Ekonomia Itunaren sorrera

1876. urtean, azken Karlistadaren ondoren, Foruak deuseztatu egin zituzten, baina ez erabat. 1876ko uztailaren 21eko Legearen bidez, Gobernuko Presidente Antonio Canovas del Castillok hurrengoa erabaki zuen: euskal probintziek Ogasunari dirua ordaindu behar ziotela eta gizonek kintetan parte hartu behar zutela. Hurrengo urtean, Diputazioak ukatu ziren agindutako betebeharrak betetzera, eta, orduan, Canovasek Foru Aldundien ordez Probintzietako Diputazioak –Espainiako gainerako probintzietakoak bezalakoak– ezarri zituen. Canovasek arazo berri bati egin behar zion aurre: Probintziei beren zergak ordainarazi behar zizkien, baina horretarako ez zegoen beharrezkoa zen administrazio- eta estatistika-egiturarik. Behin-behineko irtenbide gisa, Probintzietako Diputazioekin ados jarri zen; izan ere, Diputazioetan elementu toleranteak baitziren nagusi, hau da, uztailaren 21eko Legearekin laguntzeko prest zegoen jendea. Hitzarmen horren arabera, Diputazioek Ogasun Ministerioak bere kabuz bil zezakeen besteko kopurua ordaindu beharko zuten. Diputazioek, beraz, akordioaren barruan zeuden uneko zerga nagusiak biltzeko ardura hartu zuten. Hitzarmenaren iraunaldia zortzi urtekoa izango zen. Hitzarmen hori da, hain zuzen ere, Ekonomi Ituna, berori onartu zuen 1878ko otsailaren 28ko Dekretuaren sarrerak Probintziek nazioaren “Ekonomi Itunean” parte hartu behar zutela aipatzen zuelako.

Diputazioek kopuru horiek ordaindu ahal izateko, adostutako zergak biltzeko aukera eman behar zitzaien; zerga horiekin batera orain baimendutako zenbait arbitrio erantsi behar ziren, gerra aurretik ere biltzen zirenak. Hasieran nahasmen handia bazen ere, Diputazioek beren status bereziari eutsi zioten, eta sistema berria bertako baldintza aldakorretara moldatzeko gauza zela erakutsi zuten. Izan ere, Bizkaiak, bigarren Karlistadatik aurrera, hazkunde ekonomiko eta demografiko handia ezagutu zuen, Nerbioiko itsasadarraren ertzetan batik bat.

Urte gutxi batzuen buruan, gerra aurrean hasitako meatzeak ustiatzeko prozesuak ere gora egin zuen nabarmen.Meatze ustiategietako beharrak geroz eta handiagoak ziren eta horrek azpiegitura berriak sortzea eragin zuen: trenbideak, portua hobetzea, etab. Diputazioak diruz lagundu zuen trenbideak sortzen, eta Gerra aurretik bat eraiki zuen: Trianoko Meatze Trenbidea. Hain zuzen ere, tren hori izan zen garraiobide nagusia garai hartako meatzerik aberatsenetan. Trenbide hori garai hartan Espainian zegoen jabetza publikoko bakarra zen, eta harekin bildutako diru sarrerei esker –eta batzuetan handiak izaten ziren– Diputazioak aukera izan zuen adostutako zergak ez biltzeko. Ahaztu ere, ezin dugu ahaztu XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX.eko lehenengoetan, burdin mearen ustiapena bere gorenera iritsi zela, eta Ingalaterra, Belgika edo Alemaniarako esportazioak ere nabarmen igo zirela. Gainera, tokiko siderurgiek (Bilboko Labe Garaiek, La Iberia eta La Vizcayak) bat egin zuten 1901ean eta Bizkaiko Labe Garaiak sortu zuten. Horrela, burdin mineralaren eraldaketa Bizkaian bertan egiten zen.

Berriztapenak

Ekonomia Ituna hasieran urte gutxi batzuetarako pentsatu bazen ere, 1886. urtean lehenengo aldiz berriztatu zen. Ogasun Zentralean eragindako aldaketek aldaketak eragin zituzten Itunean, baina sistemak berehala erakutsi zuen bazuela aldaketok gauzatu ahal izateko adinako malgutasuna. Horrela, 1886an Ituna lehenengo aldiz berriztatu eta gero, beste berriztapen batzuk egin ziren 1894, 1906 eta 1926an.

Berriztapenek abantaila nabarmenak zekartzaten: Ogasun Ministerioak berehalako diru kopuru seguruak biltzen zituen inolako gasturi lotu gabe; Aldundiek, berriz, zergak kudeatzen eta ordaintzen jarraitzen zuten.

Diputazioei, berriz, Itunak eskumen ugari ematen zizkien, eta horri esker autonomia-maila handia zuten: eurek hautatzen zituzten beren langileak, Udaletako kontu eta aurrekontuak kontrolpean zituzten, eta ez zioten inori beren aurrekontuen berri eman behar (ez Gobernuko Ministerioari, ez inolako Kontu Auzitegiri); probintzietako errepideen sare zabala kudeatzen zuten, probintzietako polizia zuten (Miñoiak Bizkaian eta Araban, eta Mikeleteak Gipuzkoan); probintziako ongintzari laguntzen zioten; Arte Ederretarako diru-laguntzak ematen zituzten; katedrak –Bizkaiko Institutuko euskararena, kasu– eta Landetxe ereduak sostengatzen zituzten eta abar. Elkarri komeni izan zitzaien sistema horrek eta Diputazioek kudeaketan eskaintzen zuten eraginkortasun-irudiak erregimena bera indartu zuten, emaitza onek legitimazio ematen zuten neurrian. XIX. mende amaierako eta XX.aren hasierako masa-alderdi berriak Diputazioen buruan zeuden dinastikoek eginiko kudeaketarekin kritiko azaltzen baziren ere, horrek ez zuen esan nahi sistemaren beraren aurkakoak zirenik. Izan ere, indar sozialista zein abertzale horiek Bizkaiko Diputazioan gutxiengo adierazgarria eskuratu zutenean, kudeaketako kontu jakin batzuk aldatu zituzten soilik, eta aldaketa horiek ez zuten inolako krisirik eragin adostutako erregimenean.

1886an Ituna lehenengo aldiz berriztatu eta gero, 1893an, German Gamazo ministroak egindako zenbait aldaketa zirela medio, berriro ere aldatu behar izan zen, eta aldaketa horiek, hain zuzen, moldaketa berri bat eragin zuten hurrengo urtean. Une horretan bertan, 1894. urtean, Ogasun Ministerioak ofizialki onartu zuen Aldundien “independentzia ekonomiko eta administratiboa” errespetatzea. Laurogeita hamarreko hamarkadan, beraz, sistema finkatuta zegoen. Hala, 1898an, Kubako Gerra zela-eta, Ministerioak kupoa gehitzeko –gehitze-ehuneko finkoak ezarriz– eskatu zuenean, Aldundiek urte horretarako Diru-ematearen ordainketa negoziatu zuten, hurrengo urteetan gehitzerik ez izatearren. 1900ean, Fernandez Villaverderen tributu-erreformarekin, Ituna berriz ere zati batean aldatu zen, eta erantsi zitzaion berritasun nagusia Ondasun higigarrien Irabazien gaineko Kontribuzioa izan zen. Kasu honetan, adostutakoei zerga berri bat erantsi ez ezik, klausula bat ere ezarri zitzaien: horren bidez, Espainia osoan zehar jarduten zuten enpresa baskongadoek, Ministerioari ordaindu beharrean, zergak Diputazioei ordainduko zizkietela zehaztu zen.

Horrela, Bizkaiko ekonomia industrialago eta dinamikoago bihurtu ahala, Estatuarekiko harremanak ere sendoagoak izango ziren. Horren ondorioz, enpresa askok arazoak izan zituzten zergekin; izan ere, Ministerioak lurralde erkidetik zetozen irabazien gaineko zergak ordainarazi nahi zizkien, nahiz eta Itunak horretarako biderik eman ez. 1906. urtean berriztatze hitzarmen berria, izenpetu zen, ohikoa baino epe luzeagorako, hogei urterako, hain zuzen ere. Hitzarmen horrek gehitze txiki bat ere hartu zuen aintzat iraunaldiaren hamargarren urtean, 1916an, alegia. Lehen Mundu Gerran zehar (1914-1918), Espainiak, herrialde neutrala izaki, gerran zeuden herrialdeek ekoiztu ezin zituzten produktuen eskari handiaz baliatzeko aukera izan zuen. Horrek salneurrien gorakada nabarmena eragin zuen. Aldi berean, Bizkaiko ekonomiako zenbait sektorek, ontzigintzak eta siderometalurgiak, kasu, inoiz ez bezalako irabaziak erdietsi zituzten nazioarteko merkatuetan. Beraz, 1906an, erabat desberdina zen une ekonomiko batean, adostutako kupoak ez zuen inondik ere ekonomi onuren berri ematen.

Trianoko Trenbideak lehengoko etekinak ematen ez bazituen ere –batzuetan galerak ere izan zituen, meatzeek pixkanaka behera egin zutelako–, Bizkaiko Diputazioak egundoko diru kopurua bildu zuen Irabazien gaineko zergei esker. Emaitzak berehala nabarmendu ziren: auzo-eskolak sortu ziren, bideetarako diru-hornidurak gehitu ziren, behar-beharrezko produktuen gaineko arbitrioak murriztu ziren, kultura-erakundeak (adibidez, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia) sortu eta finantzatu ziren, eta abar. 1926an Ituna berriztatu beharra zegoen, eta aurrez aipaturiko faktore horiek guztiek zailago egiten zuten lurraren pobreziaren argudioari heltzea –argudio hori erabili ohi zen foru berezitasuna azaltzeko eta proportzioan txikia zen kupoa ordaintzeko–. Hogei urte horietan (1906-1926) biztanleria eta aberastasuna nabarmen igo zirenez, Ministerioak zergak biltzeko modu alternatibo bat abian jartzen saiatu zen: Itunari zegokion kupoa aparte utzita, helbidea Baskongadetan izanda ere lurralde erkidean kokatuta zeuden enpresen tarifen zati bat biltzen ahaleginduko zen.

Deuseztatzea

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Ekonomia Ituna deuseztatu egin zen Bizkaian eta Gipuzkoan, irabazleen iritziz probintzia horiek traidoreak ziren eta. Aldiz, Nafarroako eta Arabako Ituna bere horretan utzi zuten, eta diktadura frankista osoan gorde.

Azken berriztapena egin eta hurrengo hamar urteetan, 1926 eta 1936 bitartean, Diputazioen eta Ogasun Ministerioaren arteko arazoak agertzen hasi ziren. Arazo horiek areagotu egin ziren II. Errepublikan, Autonomia Estatutuaren eztabaida prozesuan. Politika-arazoak konponduta zeudenean, ordea, tributu- arazoak sortu ziren. Izan ere, 1936ko udan, Ogasun autonomoaren eta honek Itunarekin zuen loturaren gaineko eztabaida impasse batean gelditu zen. Uztailean, Franco jenerala II. Errepublikaren kontra altxatu zen eta Gerra Zibil odoltsua hasi zen. Bizkaiko Diputazioak ogasun-gaietan jarduten jarraitu bazuen ere, ekonomi-politika, ordea, 1936ko udazkenean antolatutako larrialdiko Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen.

1937ko ekainaren 19an tropa frankistak Bilbon sartu ziren. Egun gutxira (hil bereko 23an), Bizkaiko eta Gipuzkoako Ituna deuseztatzeko Dekretua argitaratu zen, Nafarroako eta Arabako Ituna bere horretan utziz. Mendekua izateaz aparte, indargabetze horrek Itunaren “ospea” ezabatu nahi zuen, alegia, euskal zergadunei onura gehiegi ekarri omen zizkielako, nonbait. Gainera, ezin dugu ahaztu irabazleek gerrarako baliabide handiak behar zituztela, eta biderik azkarrena aukeratu zuela: Ituna deuseztatzea eta Bizkaian Ogasun Zentrala ezartzea.

Dekretu horrek, bertako Ogasunaren galeraz gain, beste zenbait ondorio ere ekarri zituen: probintziako bideen sarea Ministerioaren menpe geratzea (horrek utzikeria eragin zuelarik), eskolak ixtea, probintziako polizia –Miñoiak edo Foru Poliziak– deuseztatzea…

Gerraondoan, 60ko hamarkadan batik bat, Ituna berreskuratzeko ahalegin batzuk izan baziren ere, ez zuten inolako arrakastarik izan.
Estatu frankista oso zentralizatua eta hierarkizatua zen eta beldur zen hain baliabide handiko eta autonomo bihur zitezkeen ogasunen aurrean; horixe izan zen, neurri handi batean, porrot horren zergatia.

Franco hil baino egun batzuk lehenago, 1975eko azaroan, Bizkaia eta Gipuzkoarako araubide berezia aztertuko zuen Batzorde berezia osatzea erabaki zen. Haatik, Ituna ez zen berreskuratu. 1978ko Konstituzioan gauzatu zen erreforma politikako prozesuak, 1937ko Dekretuaren deuseztatzea ez ezik, Euskadi Autonomia Erkidego moduan antolatzea ekarri zuen.