Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut

Historia del Concierto Económico

Gertaera Garrantzitsuak

  • Sorrera, bilakaera eta abolizioa

  • Trantsiziotik gaur egunera arte

1876 - 1978

Ituna sortu zen

"Foru Aldundiak Probintzia Diputazio bihurtu ziren, eta itundutako zergen bilketa agindu zitzaien; hala sortu zen Ekonomi Ituna"

Antonio Cánovas del Castillok, Gobernuko Presidenteak, 1876an probintziei betebehar batzuk ezarri zizkien: Ogasunari dirua ordaintzea eta gizonek kintetan parte hartu behar izatea. Aldundiek erabaki horiei uko egin zieten, eta 1877an Presidenteak Foru Aldundien ordez Probintzia Diputazioak ezarri zituen, Espainiako gainerako probintzietakoak bezala. Hala ere, zerga bilketa betearazteko ez zegoen beharrezko administrazio egiturarik, eta ez zen akordiorik egon: Diputazioek bildu beharko zituzten itundutako zergak, eta Estatuko Ogasunari ordaindu beharko zioten "Ogasun Ministerioak bere kabuz bildu ahal izango omen zuena". Hala sortu zen Ekonomi Ituna izenekoa.


Meatzaritza eta Trenbidea

"Itunaren eskutik, meatzaritzak eta nazioarteko merkataritzak garapen ekonomikoa bultzatu zuten, eta hala gizarte industrial oparoa sortu zen"

Euskal Diputazioek eskumen horiei eutsi zieten, eta horren ondorioak hazkunde demografikoa eta oparoaldi ekonomikoa izan ziren. Bigarren Gerra Karlistaren ostean meatzaritzaren "boom"a etorri zen. Horregatik, azpiegitura berriak sortu behar izan ziren, batez ere portuak hobetzeari zegokionez, mineralen nazioarteko merkataritzarako, eta trenbideak eraikitzeko. Trianoko Meatzaritza Trenbidea aitzindaria izan zen Espainian, eta titulartasun publikokoa zenez, diru-sarrera ugariak sortu zituen industriaren garapen aldi betean. Garai hartan inguruko herriekin merkataritzan aritzeari ekin zitzaion, eta tokiko siderurgia enpresak sortu ziren, geroago Bizkaiko Labe Garaiak izango zirenak.


Oparotasun urteak eta Aldaketak

"Ituna onuragarria izan zen zerikusia zuten alde guztientzat; euskal ekonomiak eta euskal kulturak oparoaldia izan zuten"

Hasieran, Ekonomi Ituna urte gutxi batzuetarako akordioa izango zen. Hala ere, oso onuragarria izan zen alde bientzat: alde batetik, estatuak diru-sarrerak jasotzen zituen berehala eta modu seguruan, berak inolako gasturik egin gabe; beste aldetik, Diputazioek eskumen eta autonomia zabalak zeuzkaten: udalak eta errepideak kontrolatzen zituzten, polizia kidego propioak zeuzkaten (miñoiak eta mikeleteak), etxaldeak, katedrak eta konta ahala proiektuak ematen zituzten, hori guztia oparotasun ekonomikoak bultzatuta. Gobernu aldaketek ere ez zioten kalte handirik egin sistemaren osasun onari.

Ogasun Zentralaren funtzionamendu aldaketen ondorioz Itunean ere aldaketak egin ziren, baina sistema malgua izan zen, aldaketa horiek jasaterakoan. 1886an eta 1893an aldaketa batzuk egin ziren eta 1894an Ogasun Ministerioak beren beregi onartu zuen Aldundien "independentzia ekonomiko eta administratiboa".

Asaldura aldietan ere, Kubako Gerran (1898), adibidez, ez zen aldaketa handirik egon: Urte hartan aparteko Dohaintza itundu zen, eta alde guztiak pozik geratu ziren.

XX. mendeko lehen urteak onak izan ziren euskal enpresentzat: legearen arabera, zergak euskal kutxei soilik ordaindu behar zizkieten, eta Bizkaiko ekonomia gero eta dinamikoago eta hedakorrago bilakatu zen. Gero eta gehiagotan estatuko enpresekin harremanetan jartzen ziren; horregatik zenbait tirabira sortu ziren estatuko Ogasunarekin, azken horrek zerga batzuk kobratu nahi zizkielako, legearen arabera kobratu ezin zituenak. Hori konpontzeko, 1906an kupoa berriro negoziatu zen, ohikoa baino epe luzeago baterako, 20 urterako, gehitze txiki batekin iraunaldiaren hamargarren urtean.

Lehen Mundu Gerra aldi onuragarria izan zen zeharo euskal ekonomiarentzat. Espainia gatazka hartan neutrala izan zen. Horri esker, euskal industria hainbat produkturen hornitzailea izan zen gerran zeuden potentzientzat. Prezioek egundoko igoera izan zuten eta ontzigintza eta siderurgia industriek irabazi ugariak izan zituzten. Hurrengo urteetan eskolak sortu ziren, bideak hobetu ziren eta hainbat erakunde inauguratu ziren, esate baterako Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia.

Gerra Zibila eta Itunaren abolizioa

"Gerra Zibilean Nazionalek irabazi ondoren, Francisco Francok Bizkaian eta Gipuzkoan Ituna indargabetu zuen, probintzia horiek 'probintzia traidore'tzat jotzen zituelako"

1906ko akordioa erabat zaharkituta geratu zen, eta 1926an berritzeko unea heldu zenerako, panorama guztiz bestelakoa zen, hogei urte atzerago zegoenarekin alderatuta: Aldundiek kupoa negoziatzerakoan ezin zuten gehiago erabili "lurraren pobrezia"ren argudio tradizionala. Horren ondorioz tirabirak sortu ziren Aldundien eta Ogasun Ministerioaren artean, batez ere Bigarren Errepublikan eta Autonomia Estatutuaren eztabaidaren erdian.

1936ko uztailean Gerra Zibila (1936-39) hasi zen. Euskal ogasunak zergak biltzen jarraitu zuen gatazka urteetan, eta Eusko Jaurlaritza moneta politikaz arduratu zen. Hala ere, 1937ko ekainaren 19an tropa frankistak Bilbon sartu ziren. Horrek Ekonomi Itunaren amaiera ekarri zuen. Izan ere, handik egun gutxira promulgatu zen dekretu baten bidez, Bizkaian eta Gipuzkoan (ez zen hala gertatu Araban eta Nafarroan) ituna indargabetu zen, "probintzia traidoreak" zirelako.

Urte Ilunak

"Frankismoaren urte luzeetan zapuztu egin ziren Itunaren bidez lortutako eskubideak"

Ituna deuseztatzearen ondorioak hainbat izan ziren: beteak beste, bide sarea zaintzeari utzi zitzaion (ez zitzaion batere arretarik eman), eskolak itxi ziren eta probintzietako polizia kideagoak desegin ziren.
Frankismoaren urteetan saiakera epel batzuk egin ziren Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat estatus berezi bat negoziatzeko, saiakerarik serioenak hirurogeiko hamarkadan egin ziren, baina beti porrot egin zuten, estatu frankistaren izaera zorrozki zentralista zelako.

1975ean diktadorea hil zen, eta 1978an estatu demokratikoa eratzeko erreforma politikoa burutu zen. Urte hartan Konstituzio berria onetsi zen, eta hala, Euskadi eskubide osoko Autonomia Erkidego gisa eratu zen. Horrek hasiera berria ekarri zuen.

1979 - Gaurko sasoiak

1978ko Konstituzioa

"1978ko Konstituzioak eskainitako esparru berriak Ekonomi Itun berrituari buruzko akordioa lortzeko aukera bideratu zuen"

Konstituzio berria 1978ko abenduaren 29an sartu zen indarrean. Lehenengo xedapenean foru komunitateen eskubide historikoak babestu eta errespetatu zituen. Agiri horretan ere Autonomia Erkidegoak sortzea aurreikusi zen, erkidego historikoen eta arrunten arteko diferentziak ezarriz.

1979an Euskadiko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onetsi zen. Estatutu hartan Estatuarekiko zerga-harremanaren sistema bildu zen, eta foru sistema zaharra berrezartzea aurreikusi zen.

1981az geroztik eta legearen arabera, Euskadik berri Ekonomi Itun propioa berreskuratu zuen, bere autonomiaren ezaugarri nagusiaren indargarriarekin. Autonomia Erkidegoarentzat kupo orokorra ezarri zen, Aldundien edo Lurralde Historikoen ekarpenek osatua. Horrela, eta hainbat negoziazioaren ostean, Aldundi batzuek eta besteek kutxa komunean egin beharreko ekarpenak honela ezarri ziren: Gutxi gorabehera erdia Bizkaiarentzat, % 35 Gipuzkoarentzat eta % 15 Arabarentzat.

Kupo berriaren kalkulua guztiz bestelakoa da 1878koarekin alderatuta. Kasu honetan "Dagozkion eskumenak besterendu ez direlako Gobernu zentralak Euskal Autonomia Erkidegoan izaten jarraitzen dituen gastuei dagokien ordainketa; gastu horiek bere lurraldeko zerbitzuengatikoak eta lurraldetik kanpoko zerbitzuengatikoak izan daitezke (adibidez zerbitzu diplomatikoak edo armada). Horietaz gainera, Lurraldeen arteko Konpentsazio Funtsari ere ekarpenak egin behar zaizkio".

Kopuru hori zehazteko, hiru elementu hartzen dira kontuan: Estatuak transferitu ez dituen eskumenetan gastatzen duena, itundu gabeko sarreren bidez jasotzen duena eta defizita. Elementu horien neurria Lurralde Historikoetako errentak Estatuko errentan duen pisua aintzat hartzen duen egozpen-indize baten bidez kalkulatzen da, ehuneko hori % 6,24 dela zehaztu zen.

1981az geroztik Itunak aldaketak izan ditu sasoi berrietara egokitzeko; adibidez, 1986an aldatu egin zen, balio erantsiaren gaineko zerga sartzeko, edo 1997an zerga bereziak sartzeko (tabakoa, alkohola, etab...) . Garai hartan ere tirabirak sortu ziren, batez ere estatuaren eta Foru Aldundien bizikidetza politikoaren inguruko arazoengatik.

2002ko Ituna

"2002. urteaz geroztik, Ekonomi Itunak iraupen mugagabea dauka"

2002ko maiatzaren 23an Ekonomi Itunaren azken berritzea onetsi zen, gaur egunera arte indarrean egon dena. Egindako aldaketetatik, deigarriena zalantzarik gabe hau da: aldi baterako Ituna izatetik iraupen mugagabeko Ekonomi Ituna izatera pasatu zen.

Estatuaren eskumenak mugatu ziren eta lurralde historikoenak handitu ziren, hidrokarburo batzuen gaineko zergei zegokienez, baita elektrizitateari buruz, garraiobide jakin batzuei buruz, etab.

Azken urte hauetan Itunak erreklamazio judizialei aurre egin behar izan die, batez ere ondoko Erkidegoetako Erakundeen erreklamazioei, baina beti onik atera da. Esan dezakegu gaur egun Ekonomi Itunak osasun juridiko bikaina duela.

Gaur egungo Itunaren une garrantzitsu bat Arbitraje Batzordea eratzea izan da. Organo horren zeregin nagusia Estatuaren eta Foru Aldundien artean Ekonomi Itunaren ondorioz sortutako gatazkak Justizia auzitegietara jo gabe ebaztea da. Batzorde hori 2007ko uztailaren 30ean eratu zen lehenengo aldiz.

Europako Auzitegiak eta Itunaren Blindajea

"Europako Justizia Auzitegiak Itunaren izaera berezia abalatu du Erkidegoko hainbat epaitan"

Azken urteotan Europako erakundeen hainbat epaik babestu egin dute Estatuaren eta Euskal Erakundeen arteko zerga-harremanaren berezitasuna.

Une garrantzitsuetako bat, adibidez, Europako Justizia Auzitegiak Azore auzian 2006ko irailaren 6an emandako epaia izan zen. Epai horrek, lehenengoz, baimena eman zuen eskualde mailako zerga araubideak Europar Batasunaren antolamenduan egoteko. Halaber, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak 2008ko irailaren 11n emandako epaiak berretsi egin zuen Ekonomi Itunak eta araugintzako foru autonomiak Europar Batasunean lekua zutela.

Europaren eremuko epai horiei eta auzitegi propioek emandako beste epai batzuei esker, Euskal Ekonomi Itunari orain arte ikusi gabeko segurtasun juridikoa lortu du.

2010ean Ekonomi Ituna "barrutik blindatu" zen. Horretarako, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu ziren. Aldaketa horren eraginez, Itunaren xehetasunen aurkako errekurtsoak Konstituzio Auzitegiaren aurrean soilik aurkeztu ahal izango dira, eta ez, orain arte bezala, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegien aurrean.

2014: Zerga berriak ituntzea.

"2014an onetsi diren aldaketen bidez Ekonomi Ituneko Zergen zerrenda zabaltzen da"

Apirilaren 21eko 7/2014 Legearen bidez, Ekonomi Itunean unean uneko aldaketa batzuk sartu dira, eta horiez gain, lurralde erkidegoan sortutako sei zerga berri itundu dira: sektore elektrikoaren jarduera jakin batzuk zergapetzen dituzten hirurak, Berotegi efektuko gas fluoratuen gaineko zerga, Kreditu erakundeetako gordailuen gaineko zerga eta Joko Jardueren gainerako Zerga.

2017: Ekonomia Itunaren aldaketa berria

"2017an testu itunduaren aldaketa batzuk onetsi dira konexio-puntu berriak sartzeko, eskumenen arloko mugak ezabatzeko eta koordinazio eta lankidetza arauak ezartzeko".

Abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez Ekonomia Itunaren 20 artikulu baino gehiago aldatu dira; aldaketa horiei esker hobekuntzak lortu dira Ekonomia Itunean inkorporatu diren Foru Aldundien zergen kudeaketarako ahalmenean eta administrazioen arteko koordinazioan. Ildo horretatik, gasa, petrolioa eta eratorriak atzeratzearen balioaren gaineko Zerga berrirako konexio-puntua ezarri da eta aldaketak ezarri dira konturako atxikipen eta ordainketa jakin batzuen konexio-puntuetan.

Sozietateen gaineko Zergan eta BEZean eguneratu egin da zerga eskatzeko eragiketen bolumenaren mugako kopurua eta 7 milioi eurokoa zena 10 milioikoa bihurtu da; horrela erraztu egiten da enpresa txikientzat administrazio bakarrari zergak ordaintzearena. Halaber, bi zerga horien kasuan Euskadiri egozten zaio lurralde erkidean zerga-egoitza duten eta eragiketen bolumenaren % 75 edo gehiago Euskadin egin duten zergadunen gaineko eskumena. Horrela ezabatu egiten da egunera arte zegoen asimetria bat, hau da, zergadun horiek bakarrik ordaintzen zituzten zergak Euskadin euren eragiketa guztiak foru lurraldean egiten bazituzten.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari dagokionez aurrerantzean Espainian egoiliarrak ez ziren hildako pertsonen euskal jaraunsleen tributazioa Euskadin egingo da. Beste alde batetik, halaber hemen ordainduko dira atzerrian kokatuta dauden higiezinen dohaintzak.

Horiek ez ezik, aldi berean euskal autonomia erkidegoko eta estatuko zerga-administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza lortzeko neurriak ezarri dira eta hiru prozedura berri sortu dira Arbitraje Batzordearen esparruan.