Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak eta erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera. Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu.

Gehiago jakin nahi dut

Onartu egiten dut
Terminoen glosarioa

Terminoen glosarioa

Alde bakarreko arriskua

Ekonomi Itunaren araubidearen ezaugarrietako bat. Horren arabera, Euskadik bere gain hartu behar ditu Ekonomi Itunak aitortzen dizkion eskumenak egikaritzean sor daitezkeen ondorioak; ildo horretatik, kupo berdina ordaindu behar du Euskadik hartutako erabakiak gorabehera.

Araugintza autonomoko itundutako tributuak

Itundutako tributuak, horien arauketa Lurralde Historikoen Batzar Nagusiek emandakoa denean, Ekonomi Itunak ezarritakoaren arabera.

Araugintza erkideko itundutako tributuak

Itundutako tributuak, horien arauketa lurralde erkideko arauen bidez ezartzen denean, Ekonomi Itunak ezarritakoaren arabera. Halakoetan, Lurralde Historikoen Batzar Nagusiek araugintza-ahalmen murritza dute eta ezin dute horien edukia aldatu, formazko kontuak izan ezik.

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioen arteko harremanetarako organoa. Batzordeak bitariko osaketa dauka. Batzordearen eginkizuna, Ekonomi Ituna behar bezala aplikatzeko, tributuen arloko koordinaziorako eta elkar-lanerako jarduketak bideratzea da.

Batzar Nagusiak

Euskadiko Lurralde Historikoen herritarren ordezkaritzako eta partaidetzako organorik gorena dira Batzar Nagusiak. Parlamentu-izaera duen erakundea denez, bere eskumeneko arloetan araugintza ahalmena erabiltzen du eta Foru Aldundiko jardunaren gaineko jarraipena eta kontrola burutzen du, hots, Lurralde Historikoaren organo betearazlea jarraitu eta kontrolatzen du.

Blindajea

Foru Arauak berrikusteko araubidea, otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoak onetsia. Araubide horren bidez gainditu nahi da auzitegietako babesaren defizita. Egon ere, Foru Arauen edukia tributuen arloan lege erreserbapean zegoen baina arau horiek berrikusteko araubidea Administrazioarekiko auziena zen. Eduki bereko gainerako arauak, ostera, Konstituzio Auzitegiaren aurrean soilik berrikus zitezkeen.

EAEk bere gain hartu ez dituen eskumenak/zamak

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu ez dituen eskumenen multzoa. Horretarako, bi arrazoi daude: eskumenok Estatuarentzat legez erreserbatuta daudelako, edota, eskumen horien egikaritza Euskadiri transferitu badakioke ere, eskumenak ez direlako oraindik transferitu.

Egozpen-indizea

Euskal Autonomia Erkidegoak modu eragingarrian bere gain hartu ez dituen Estatuaren gastuak finantzatzeko ehunekoa. Ehuneko hori kalkulatzeko, aintzat hartuko da Euskadiko errentak duen pisua Estatuko errenta osoari begira. Horrela, 1981etik geroztik %6,24koa izan da.

Eguneratze-indizea

Bost urteko legearen indarraldiko urte bakoitzean Estatuari ordaindu beharreko kupoa zehazteko indizea. Eguneratze-indizea aplikatuko zaio bost urteko epealdiaren hasierako urteko Kupoari. Indizea kalkulatuko da Estatuko Aurrekontuetako sarrerek izan duten bilakaera kontuan izanda.

Ekonomi Itunaren Arbitraje Batzordea

Euskadiko Administrazioen eta Estatuko Administrazioaren arteko eztabaidak konpontzeko organoa, bai eta Euskadiko Administrazioen eta Autonomia Erkidegoen Administrazioen arteko eztabaidak konpontzeko ere. Eztabaida horietan Ekonomi Itunaren aplikazioa norbanakoen tributu-harremanen gainean eta eskumenei buruzko beste arazo batzuk jorratzen dira. Batzordea osatzen dute itzal handiko hiru adituk, tributuen eta ogasunaren arloan lanbidez aritutakoak epe luze batean.

Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoa

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioen arteko harremanetarako organorik gorena. Batzordeak bitariko osaketa dauka. Batzorde horretan Ekonomia Itunari dagozkion erabaki nagusiak hartzen dira, bai tributuen arloan bai finantzen arloan, hala nola, Ekonomi Itunaren edukiaren aldaketak, kupoak onestea, aurrekontuen egonkortasunerako konpromisoak, eta abar.

Eragiketak gauzatu diren lekua

Erregelen multzoa da; erregela horien bitartez zehazten da Sozietateen gaineko Zergaren mende edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren mende dauden eragiketak zein kasutan Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu direla uler daitekeen.

Eragiketen kopurua

Lurralde erkidean eta euskal lurraldean jarduten duten enpresen kasuan, eragiketak lurralde batean zein bestean gauzatu direla zehazteko proportzioa. Proportzio hori erabiliko da eskumenak lurraldeen artean banatzeko, hala nola, BEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, zerga horiek biltzeko eta ikuskatu nahiz egiaztatzeko eskumenak banatzeko, edota Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, arau aplikagarria zehazteko.

Eskubide historikoak

Zuzenbide publikoko eskubideen multzoa. Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurralde Historikoak eskubide horien titular dira arrazoi historikoengatik eta Konstituzioak eskubideok babesten ditu.

end glosario1

{accordionfaq faqid=accordion3 faqclass="lightnessfaq defaulticon headerbackground headerborder contentbackground contentborder round5" active=item1}

Federalismo (a)simetrikoa

Botere politikoa elkarren artean banatzen duten bi gobernu-mailek, gutxienez, osatutako konstituzio-sistema. Sistema horretan gobernu-maila bakoitzak autonomia nahikoa izan behar du beste gobernu-mailarengandik. Federalismo simetrikoaren kasuan, gobernu-maila bereko erakunde guztiek eskumen berdinak dituzte; federalismo asimetrikoaren kasuan, ostera, gobernu-maila bereko erakunde batzuek eskumen gehiago dituzte beste erakunde batzuek baino.

Fogerazioak

Zenbait sarrera publikoren bilketa osoaren ordainketa herrietako auzokoen artean banatzeko modua. Fogerazioen sistema XIX. mendera arte indarrean egon zen. Auzokoak zentsatuta zeuden etxeak edo suak kontuan hartuta.

Foru Aldundiak

Foru Aldundia gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurralde historiko bakoitzeko organo betearazlea da. Hiru lurralde horiek hauek dira: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Era berean, Foru Aldundiak Batzar Orokorren mende daude, eta azken organo lelegile horrek aurrekontua onesten du, diputatu nagusia aukeratzen du eta gobernuaren lana kontrolatzen du.

Foru Aldundiek autonomia altua dute eta eskumen asko dituzte arlo hauetan, besteak beste: hirigintza, errepideak eta obra publikoak, ingurumena, kultura ondarea eta gizarte ongizatea. Baina Foru Aldundien eskumen bereizgarriena zerga-bilketa da: zerga guztiak biltzen dituzte, bai zuzenekoak (pertsonen edo sozietateen gainekoak), baita zeharkakoak ere (BEZa, alkohola, erregaiak). Hala, Foru Aldundiek zerga horiek bakoitzak bere lurraldean biltzen dituzte.

Foru Araua

Izaera orokorreko arauzko xedapena, Batzar Nagusiek emandako arauen artean lerrunik handiena duena.

Foruak

Subjektu politikoa eraentzen duen antolamendu juridikoa adierazteko modu herrikoi eta orokorra da forua. Euskal Lurralde Historikoen kasuan, forua lege orokor bat zen bere barruan hainbat arau mota jaso zituela, hots, aldi berean zen konstituzio-legea, kode zibila, zigor kodea edo prozedura-kodea. Hasiera batean, denboran zehar sendotu ziren ohitura eta usadioen multzotik sortu zen forua.

Foru-baimena

Batzar Nagusiek erabil zezaketen tresna Jaunaren ahalmena kontrolatzeko. Foru-baimenaren bidez, Jaunak egin nahi zituen bidegabekeriak gelditzen ziren eta agintariek Foruan jasotako xedapenak errespetatzen zituztela bermatzen zen.

Itundu gabeko sarrerak

Estatuaren Aurrekontuetako sarrerak. Sarrera horiek ez daude Ekonomi Itunaren barruan eta, ondorioz, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoak sarrera horietan parte hartuko du egozpen-indizearen arabera.

Itundutako tributuak

Ekonomi Itunaren mendeko tributuak, Lurralde Historikoen tributu-sistema osatzen dutenak.

Kupoa

Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuari ordaindu beharreko kopurua, Euskadik modu eragingarrian bere gain hartu ez dituen eskumenak finantzatzeko.

Lotura-guneak

Ekonomi Itunak jasotako irizpideak, itundutako zerga bakoitza arautzeko, biltzeko eta ikuskatzeko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren artean banatzeko eta esleitzeko.

Lurralde erkidea

Espainiako Estatuaren lurraldea. Bertan aplikatzen da Euskal Autonomia Erkidegoarenak eta Nafarroakoa Foru Komunitatearenak ez diren organo eskudunek emandako arauketa fiskala.

Lurralde Historikoak

Euskal Autonomia Erkidegoaren antolamendu juridikoan, Lurralde Historiko izena erabiltzen da Erkidegoa osatzen duten hiru lurralde-erakundeak adierazteko, hots, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia.

Zerga-bilketaren egokitzapenak

Euskal Autonomia Erkidegoari egotzi beharreko sarrerak behar bezala zehazteko Ekonomi Itunak ezarri duen mekanismoa. Mekanismo hori beharrezkoa da, lotura-guneak aplikatzeagatik zergak zein Administraziotan ordaindu behar eta Administrazio hori ez datorrelako bat benetan kargatu den zerga-egitatea zein Administraziori dagokion eta Administrazio horrekin. Egokitzapen esanguratsuenak BEZarena eta Zerga Bereziena dira.

end glosario2

{accordionfaq faqid=accordion4 faqclass="lightnessfaq defaulticon headerbackground headerborder contentbackground contentborder round5" active=item1}